Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abuztuek 30,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2003 »  maiatza »  Iritziak »  Kartak »  Kaixo Uztarria. Aspaldiko!

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Kaixo Uztarria. Aspaldiko!

Jabi Agirre Egurtze

Villepinten (Frantzia), martxoaren 15ean idatzia. Orain dela gutxi, patioan ordu eta laurden bueltaka ibili ondoren, ziegara sartu naizenean, poz ederra eman dizu. Banuen esperantza, noiz edo noiz iritsiko zinela eta dagoeneko esku artean zaitut. Senideak ere saiatu izan dira, bisitetan, zu hona sartzen, baina beti atzera bota izan zaituzte. Orain bide onetik eta korreoz iritsi zara. Gogoan dut, azkenengo aldiz ikusi zintudan eguna, duela urte eta erdi zen. Denbora honetan guztian zure falta handia sumatu izan dut; badakizu, herritik urrun ibili gara eta zuk ere ez zenuen jakin ere egingo non genbiltzan; zaila gu topatzea.

Orain behintzat badakizu non nagoen; espero dut, lehen bezalaxe, herriko kontu guztiak ekarriko dizkidazula. Herritik ihes egin genuenetik zure falta handia sumatu dugu. Zu sortu zinenetik zu izan zara herriko kontu guztiez enteratu eta beste azpeitiar guztioi kontatu izan diguna. Badakit izugarrizko lana egiten duzula, eta horregatik ere eskertu nahi zaitut. Orain ere ikusi dut kontu pilo batekin etorri zarela, baita argazki pilo batekin ere. Ez zaude txarra eginda. Lehen bezalaxe jarraitzen duzu, fin-fin eta ahal duzun guztia azaltzen. Oraingoan ekarri dizkidazun albisteak ere batzuk onak eta beste batzuk txarrak dira. Normala da, eta ulertzen dut, zaila baita guztiak onak eta ederrak izatea.

Albiste onen artean bat aukeratzekotan, alkatearen agurra aukeratuko nuke. Badakit egin dizkiozun galdera askori ez diola erantzun; baina lasai, beti horrelakoxea izan da eta orain ere, bere agurrean, ez du ematen asko aldatu denik.

Albiste txarren artean beste bat aukeratzekotan, zure lagun handi baten atxiloketa aipatuko dut, Euskaldunon Egunkariarena. Badakit zuretzako ere izugarrizko kolpea izan dela eta nola edo hala animatu nahi zaitut. Badakit izugarrizko ezina sentitzen dela, baina aurrera egin beharra dago. Guk ere, Espainiako eta Frantziako espetxeetan gauden preso politikoek, aurrera egin behar dugun bezalaxe. Orain ikusten ari garen eraso hauek guztiek helburu bakarra dute, Euskal Herria leku guztietatik suntsitzea. Baina gogor heltzen badiogu erasoaldiari, eta gainera gure proiektu guztiak aurrera eramaten baditugu, egon ziur laster lortuko dugula gure betiko ametsa: Euskal Herriaren askatasuna.

Jarraitu Azpeitiko berriak leku guztietara banatzen, eta zorte ona izan ezazu.

Badakit honaino etortzeko kilometro asko egin behar izan dituzula eta baita ere fulla (katxeoa) batzuk pasatu beharra izan duzula, baina zu lasai, pixkanaka-pixkanaka nire senideak bezalaxe ohitzen joango baitzara. Besterik gabe, zaindu zaitez eta apirilean ere etor zaitez Azpeitiko berriekin, gaur etorri zaren bezalaxe. Begirunez,

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak