|
|
|
Zenbat buru, hainbat aburu
: Kanpoko begiradie
Azpeitiarrak
Amets Arzallus (bertsolaria eta kazetaria)
Azpeitiarrok nola ikusten gaituen idazteko eskatu dio Uztarriak Amets Arzallus hendaiarrari. Duela gutxi irabazi du laugarrenez Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Komunikabideetan ere aritzen da. Hemen haren artikulua:
Bi Iparraldeko joan omen ziren behin Azpeitira bazkaltzera. Otordu ederra egingo zuten, eta iritsi zen behintzat postrea aukeratzeko ordua. Kamarerak zer nahi zuten galdetu, eta, “gasna” gustura jango zuketela erantzun, hauek. “Ez daukagu ba —kamarerak segituan— nahi baduzue, arroz con leche, flana, tarta de queso, fruta, edo gaztaia dauzkagu”. “Nik gasna nahi nuen baina... Segur zira ez duzuela gasnarik?”, tematu zen Iparraldekoa. “Ezetz ba! Arroz con leche, flana, tarta de queso, fruta, edo gaztaia, esan dizut!” (kaskagogorrean ez diozu inoiz irabaziko azpeitiar bati). “Bon, bon, untsa, gasnarik ez bada kafea hartuko dut” esan, eta hala konpondu omen ziren. Eta kafea hartzen ari zela han ikusi zuen kamarera ondoko mahaira gasna, barkatu, gaztai puska eder bat zerbitzen. Geroztik Azpeitiko jatetxeek oso fama ona dute Iparraldean.
Niri ez zait halakorik gertatu. Izan ere, ez dut gaztarik jaten. Eta gainera, azpeitiarrez pixket ikixi det ibilian-ibilian. Bertso eskolan ez baita batuan egiten. Hala ere, aitor dezadan Iparraldeko hura ez dela azpeitiarrek arazoak sortzen dizkioten bakarra. Orain dela pare bat hilabete, arreba txikia, etxean bakarrik ikaratu egiten zela-eta, nirekin eraman nuen asteazken arratsaldean Azpeitiko bertso eskolara. Egin genuen, ondo edo gaizki, bertsotan, txorakeri pila bat esan, barre batzuk bota, eta abiatu nintzen amonaren etxerantz autoan. Zestoan sartu arte, arreba txikia, isilik. Zestoa pasatu, eta berdin. Ez da oso normala hori beregan, eta Arroako autopista irteerako errotondan, galdetu egin nion ea zer zuen. Hara zer erantzun zidan: “Amets, zuk Minixtro-ri zerbait ulertzen al diozu?”. “Bueno, zerbait, zerbait, tarteka-tarteka bai... zer ba?”. “Nik, ezta ezerre! Ezta euskeraz ai danik ere! Eta bere pasadizok kontatzen hasten danian, oaindik eta gutxio!”. “Zuk ere parre ein dezu ba hoiek kontatu ditunian”, nik. “Bai bańo parre noiz ein bihar zan konturatzen nintzalako, bestela...”.
hizkera eta izaera. Egia da, bai, azpeitiarren hizkera oso itxia dela, eta kanpotik datorrenarentzat ulertzen nahiko zaila. Baina hizkera denaren alderantzizkoa da azpeitiarren izaera. Izaeraz irekiak, eta ulertzen errazak dira. Naturalak baitira. Naturalak, eta pixka bat xelebreak ere bai. Izan ere, badute baserritar puntu bat, eta bestalde, badute moderno ukitu bat. Azpeitiarrek, hanka bat Errezilen eta bestea Donostian (eta puzkerra beti Azkoi-tira). Bereziak baitira, zinez. Goizean igual joango dira urrezko aizkora ikustera, eta arratsaldean zezen korridetara. Xelebreak, azpeitiarrak. (Klaro, nik, ezagutzen ditudanen arabera juzkatzen ditut azpeitiar denak, eta nik ezagutzen ditudanak gehienbat bertso eskolakoak dira. Baina lasai, nik ere pentsatzen dut 13.000 biztanleren artean, tartean-tartean egongo direla horiek baino zuzenagoak. Kos-tatuko zaie, baina, hain naturalak izaten!).
Tira, horrela segitzen badut, hurrengoan, zezena ordez agian ni akabatuko naute, eta orduan itzul nadin loreetara. Egia esan, Ipa-rraldetik Azpeitira joaten naizenean, halako arnas berri bat bezala hartzen dut. Azpeitian, zuka egin eta arraro begiratzen didate. Hendaian, euskaraz egitean begiratzen didate arraro. Azpeitian badute halako harrotasun bat beren herriarekiko, beste askok ez duguna, eta behar genukeena.
Laburbilduz, Azpeitiak gasna falta du, baina baditu beste gauza asko. Asko eta onak. Nik, hara egindako bueltetan, horietako batzuk ikusi ditut. Denak ez oraindik. Eta horregatik, gerora ere segituko dut Azpeitira bueltaka. Txangurrorik hegan, adibidez, ez baitut oraindik ikusi.
|