Zenbat buru, hainbat aburu
: Amuko zubitik
Emakumeak
Jabier Altuna
Lagun batek emakumeei buruzko idatzi bat eskatu zidan eta hauteskundeak laster direla eta... nire azken idatzi hau horretarako erabiliko dut; baina, hasi aurretik eskerrak eman nahi dizkiot Uztarriari nire iritziak azaltzeko eman didan aukeragatik.
Nire seme zaharrena jaio zenean, emazteak erditu eta ama ikusi nuenean hau esan nion: elizetako santu guztiak kendu eta bera eta aurreko belaunaldietako emakumeak ipini behar zituztela; erditzean emazteari mina hasi eta 8 bat ordura sartu zioten epidurala; ordua joan eta etorri, emaztea min haiek jasaten ikustea oso gogorra egin zitzaidan (hari, zer esanik ez) eta orain urte batzuk epiduralik gabe 6-8-10 ume izaten zituztela pentsatzea...
Aste Santuan berriz, emaztea lanera joan da eta ni gelditu naiz umeen kargu; benetan, pazientzia behar da (nik gero eta gutxiago...) egunero zirko hori ikusteko: gosaltzeko hau ez dut nahi, bestea gehiago gustatzen zait; galtza horiek ez, haiek; txikiak ez dakit zer mahaitik bota eta sukaldea zerri eginda; ohea egiten ari naizela bat negarrez besteak tximetatik tira diolako; hurrena bestea, buruan bideoaren karatulaz jo duelako. Goazen parkera: batak leku batera, besteak bestera; beste iskanbila, bazkaltzerakoan: oraindik ez... Eguraldi txarrarekin zer esango dut bada, etxea hankaz gora jarri ondoren nazkatzen dira eta berriz kolpeak, bultzadak... eta negarrak.
Gaztetxoagoa nintzenean, amak beti berdina esaten zuen: noiz bukatuko ote dira oporrak? Lau anai-arreba ginen, nik bi ume ditut, zer ote zen hura... Behin, ama nazkatu nuen batean, burduntzalia eskuan eta harekin eman zidan; ez nau harritzen hura egin izanak, askotan sentitzen duzun ezinarekin.
Hau etxean lana egiten duten emakumeek; etxekoaz gain kanpoan ere lana egiten dutenek (nahiz eta emakumeren batek edota amamak asko lagundu) merezi dute zerbait.
|