Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2010ko martxuek 19,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2003 »  maiatza »  Iritziak »  Intentzio oneko jendea

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Alaitz Olaizola Gai librean

Intentzio oneko jendea

Alaitz Olaizola

Supermerkatu handi batean barrena nabil lasai erosketak egiten. Herritik kanpo nago, hiri batean egun batzuk pasatzen. Ez daukat gogorik egunero dendara bueltaka ibiltzeko eta, beraz, etxera eramanaziko diet erosketa. Karrotxoa betetzen ari da poliki-poliki. Fruitu eta barazkien aldera hurbildu naiz. Patatak, kipulak... denetik pixka bat. Piper batzuk sartu ditut zorroan eta pisura gerturatu naiz ordaindu beharrekoa jakin eta zorrotxoari itsasteko. Hauetako pisu bat ez dabil eta bestearen bila abiatu naiz. Begiratu dut ez dabilen pisura eta nire moduko bat ikusi dut pisuari begira adi-adi. Denbora darama han geldirik eta hurbildu eta zerbait esatekotan egon banaiz ere, moldatuko dela pentsatu dut, nire moduan, beste pisura joan da. Erosketak egiten ohitua dagoenaren itxura eman diot.

Piperrak karrora bota eta ea gizona moldatu den jakitearren, beste pisura begiratu dut. Han dago, pisuaren aurrean geldi. Bi pepinu dauzka zorrotxoaren barruan, pisuaren gainean bakarra. Hala da, bai. Batari eskuarekin heltzen dio, pisuaren gainean jarri gabe. Irribarrez nago ni, serio gizona. Ezin du nonbait pepinuen botoia bilatu eta asko tardatzen ari da, berak uste baino gehiago beharbada. Izan ere, bat-batean dendako langile bat hurbildu zaio eta berak nabaritu du nonbait gerturatzen ari zaiola. Poliki-poliki eskuarekin airean mantentzen duen pepinua pisuaren gainean jarri du, justu emakumea hurbildu zaion une berean. “Gizon, ez jarri eskua pisuaren gainean, behar duena baino gehiago pisatuz gero, gehiago ordaindu beharko duzu eta!”.

Irribarretik algararako bidea egiten sentitu dut neure burua. Konbentzitua nengoen beste pepinua ere pisu gainean jarri behar zuela esango ziola eta hara non, gizonari, bere borondate onenarekin, lagundu nahiean, eskua pisu gainean ez jartzeko esaten ez dion ba! Gizonak, buruarekin baietz egin dio, ez dela konturatu esanez. Saski gorrian sartu du pepinuen zorrotxoa eta erosketekin jarraitu du. Bi hartu eta bakarra ordaintzeko asmoa izango zuen eta azkenean, ibili-ibili eginda, biak ordaindu behar eta inozo baten moduan geratu behar gainera. “Gizajoa, ezin asmatuta dabil. Ikusi ere, ondo ez eta nahiko lan badauka”. Tuntuna ni!

Irribarrez jarraitu dut erosketak egiten, gizonaren irudia burutik ezin kenduta. Ziria ederki sartuko zidan niri ere pepinu bakarrarekin tranpatan harrapatu izan ez banu.

Azken finean, pepinua ordaindu edo ez, ez dago alde handiegirik. Ez dakidana da, zenbat pepinu izango ote diren modu horretan etxera eraman dituenak. Bueno, pepinuak bezala, beste edozer.

Ez dut gizonaren jokabidea epaituko, bakoitzak daki zer eta zergatik egin egiten duena. Nik zer dakit ba dirurik ez duelako egin ote duen? Edo pepinu triste bat ordaintzea zilegi ez ote zaion iruditu? Pepinuak ez zaizkit batere gustatzen; beraz, niri ez galdetu.

Intentzio oneko jendez inguratuak bizi garela pentsatu izan dut beti eta halakoak ikusita ere, oraindik kostatu egiten zait alderantziz ere izan daitekeela pentsatzea. Lagun batek, behin adarra jotzeko asmoz, ilargiak eguzkiak baino gehiago beltzarazten duela esan eta sinetsi egin ez nion ba! Eguzkiari gutxi eta, beraz, ez zitzaidan bururatu ere egin ilargiari begira jartzerik Baina hala eta guztiz ere, nik sinetsi. Ai azkoitiarra izan banintz...

Ondo egin ote dio behintzak pepinuak gizon- txoari...

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak