Zenbat buru, hainbat aburu
: Azketako ure
Pazko egunetik Everestera
Ainhoa Odriozola
Apirilaren 20a Pazko Eguna —goraintziak orrikide den Kepari— eta Aberri Eguna, ospatu ohi dituenarentzat behintzat. Aberri Egunaren harian eskailarapeko komentarioa: ikurrina gutxi aurten balkoietan. Ez da aurtengo kontua, tamalez; badirudi Aberri Egunean ikurrina zintzilikatzeko ohitura galtzen doala.
.1976ko urtarrilaren 19an, San Sebastian bezperan, jarri zen antzinekoz ikurrina Azpeitiko udaletxean. Plaza leporaino, jendea gainezka, baita emozioz ere. Benetan hunkigarria izan omen zen. Egin ahal zuenak egin, eta bestela erosi, jende guztia egin zen ikurrina baten jabe. Hurrengo egunean hileta omen zen herrian, eta ikurrina azpitik (plazan) pasatzen zen lehen hildakoa etxekoa izatea ilusio eta ohore izan omen zen zenduaren familiarentzat. Nik lau urte nituen, eta kontatu didatelako dakit. Ondorengoa ere kontatua, bizilagun batek alegia: ikurrina ikusi zuten aurreneko aldia Iparraldeko dantzari talde batek ekarri zuenean izan omen zen. Oilo ipurdia azalean, zirrarak hartuta... sekulako emozioa.
Garbi dago ikurrinaganako sentipen horiek itzalita daudela gaur egun, baina berreskuratu behar genituzke neurri batean. Bakoitzak eman diezaiola ikur horri nahi duen esanahia, sinboloak sinbolo eta zapiak zapi, komunitate, herri, nazio, elkarte, batasun edo lurralde bezala daukagun zeinu bakarra da eta. Kasu honetan ez diogu lortu nahi dugunari begiratu behar (hori beste kontu bat da eta asko dago esateko eta ikusteko), lortu dugunari baizik, eta ikurrina bera lorpen handia izan zen. Manten dezagun.
Klandestinitate garaietara bueltatu beharko agian, lortutakoa estimatzeko. Eta ikurrina ikusi ahal izateko, Everestera bueltatxo bat. Han behintzat jarri zuten eta... jarraituko ahal du? Azpeitian ikustea gero eta zailago.
|