Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 5,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2003 »  maiatza »  Euskaldunon Egunkaria »  Lan bera, beste jende bat hamahiru urteren buruan

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Lan bera, beste jende bat hamahiru urteren buruan

Oihana Elduaien

‘Egunkaria’ Sortzen zen orduan eta ‘Egunkaria’-ren aldeko herri batzordea da gaur egun. Euskarazko kazetaren aldeko lana da bien egitekoa, eta formulak ere berdintsuak dituzte

Aitor Larrañaga. 1990
Aitor Larrañaga. 1990.  "Gu EHEn ibiltzen ginen orduan, eta handik etorri zen herrietan taldeak sortzeko mezua”  
Jose Luis Otamendi. 1990
Jose Luis Otamendi. 1990.  "Jende gehienak jarrera ona erakutsi zuen; ‘Argia’-tik aurrelan bat egin zen eta ez zen perretxiko soil bat”  
Mikel Azkune. 1990
Mikel Azkune. 1990.  Komertzioetara eta tabernatara joaten ginen ‘Egunkaria’-ren lehen alerako publizitatea eskaintzera” 
Ioritz Aizpuru. 2003
Ioritz Aizpuru. 2003.  "Egunkaria-ren itxiera Euskal Herriaren kontrako beste eraso bat da, eta zerbait egin behar da”  
Sorkunde Urbistondo
Sorkunde Urbistondo.  Egunkaria-ren aldeko giroa harpidetzatan eta akzio salmentan antzeman behar da”  
Ander Bastida
Ander Bastida.  "Bonoak saltzea oso zaila ez den arren, zaila egiten zait jendeari dirua eskatzera joatea”  

Helburua: euskal kazeta. Lanak: harpidetzak lortzea, bono eta akzioen salmenta, materialaren salmenta. Bi talde, bi garai. Hamahiru urteko tartea ez da alferrik igaro, baina 1990ean eta 2003an lan bera egiteko sortutako bi taldeen lekukotza jaso du Azpeitiak, Euskal Herriko beste herri askok bezala. Bederatzi bat lagun biltzen ziren duela hamahiru urte; aurten hamabost bat dira, guztiak berriak. Baina denek dute gauza bat amankomuna: euskarazko kazeta bat esku artean izateko nahia eta desira.

Aitor Larrañaga eta Jose Luis Otamendi duela hamahiru urte Egunkaria Sortzen-eko kide izan ziren. Artxibo txikian aurkitutako paper zaharrei hautsa kenduz, beraien lana zein zen gogoratu dute. Batzordeak sortzeko deia Euskal Herrian Euskaraz-etik (EHE) etorri zitzaien orduan. “Gu EHEn ibiltzen ginen eta handik etorri zen herrietan taldeak sortzeko mezua”, dio Aitor Larrañagak. Orain Egunkaria-tik bertatik iritsi da oihua, eta azpeitiar langileek hartu zuten ardura, hasieran. Bi batzordeek martxan jartzeko modu bera izan zuten: deialdi zabala. Mikel Azkunek poz ederra hartu zuen 1990ean Azpeitian kartelak ikusi zituenean: “Banekien beste herrietan batzordeak sortzen ari zirela, eta zain egon nintzen Azpeitian noiz sortuko. Euskal prentsa sortzeak izugarrizko ilusioa egiten zidan”. Ioritz Aizpuru ez zen jabetu ere egingo duela hamahiru urte Azpeitian egindako lehen bilerekin, berak zazpi urte besterik ez baitzituen. Urteak ez dira alferrik pasatzen, eta aurtengo bilerak ez zaizkio oharkabean pasatuko, bera partehartzaile baita. “Egunkariaren itxiera Euskal Herriaren kontrako beste eraso bat iruditu zait, eta horren aurrean zerbait egin beharra dago”.

Dirua biltzeko modu berberak

Taldeak osatu ondoren diru bilketa hasi zen bai 1990ean eta baita aurten ere. Zer diren kasualitateak, batzordeetako partaide bakoitzak hamarna bono saltzeko lana hartu zuten, 1990ean eta 2003an. 1990ean ehun mila pezeta inguru bildu zituzten bo-no laguntzekin. Aurten, gutxienez, hamasei mila euro lortzeko asmoa zegoen boen bidez; 50 eta 300 eurotan zeuden salgai, eta eskuratzeko lau leku zeuden herrian: Luba aholkularitza, Urbistondo margoak, Sarea informatika eta Uztarria. Lehengo astean bukatu zen bonoen garaia, akzioenei heltzeko.

Akzioen salmenta da bi batzordeek egin beharreko beste lan bat. 1990ean bi eratako akzioak zeuden: bost mila pezetakoak eta 500 mila pezetakoak; orain, berriz, 50 eta 300 eurokoak daude, bonoak bezala. Merkeenetik 40 akzio saldu zituzten orduan, garestien kontua, ziurrenik egiteko errazagoa izango bazen ere, ez da jasotzen eskuizkribuz eginiko artxiboan. Aurten 54 mila euro lortzeko erronka dago.

Dena ez da berdina, ordea, aurtengo herri batzordeak ez duelako publizitate bila inora joan beharrik izan. 445 mila pezeta lortu zituzten publizitatearekin 1990ean; gero, Azpeitian ospatu zuten Egunkaria Egunean iragarkiekin eginiko hiru orri erraldoi erakutsi zituzten plazan. “Komertzio eta tabernatara joaten ginen, atez ate, Egunkaria-ren lehen zenbakirako publizitatea eskatzera”, gogoratzen du Mikel Azkunek.

Herrian jarrera ona.

Bi batzordeetako kideak herrian oso jarrera onarekin aurkitu zirela eta direla diote. 1990ean “jende gehienak jarrera ona erakutsi zuen”, Jose Luis Otamendi akordatzen denez. “Argia-tik aurrelana ere egin zen, eta ez zen perretxiko bat izan”. Bazen, ordea, jarrera desberdinik: “Euskalgintza munduan ilusio handiarekin zegoen jendea, baina EAJtik errezelo ikaragarria nabari zen”, dio Aitor Larrañagak. Artxibo txikian baieztatu daiteke esandakoa, EAJk ez baitzion pezetarik eman Egunkaria Sortzen-i.

Ander Bastida gaur egungo Egunkaria-ren aldeko batzordean dago, eta haren hitzetan, “herrian jarrera ona dago , eta ez da oso zaila izan bonoak saltzea, baina zaila egiten zait jendeari dirua eskatzera joatea”. Gainera, “materiala erraz saltzen da”, Ioritz Aizpuruk dioenez. Hala ere, “udal erakundeetatik Liburutegia baino ez da egingo harpidedun”, dio Sorkunde Urbistondok, hau ere Egunkaria-ren aldeko herri batzordeko kidea gaur egun. Haren esanetan, “kalean dagoen Egunkaria-ren aldeko giroa harpidetzatan eta akzio salmentan antzeman beharko litzateke”.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak