Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abuztuek 8,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2003 »  apirila »  "Atxilotu ondoren umilatu egiten zaituzte"

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Euskaldunon Egunkaria

"Atxilotu ondoren umilatu egiten zaituzte"

Nerea Uranga

Auzmendi, bederatzi euskaltzalerekin batera atxilotu zuen Guardia Zibilak. Azpeitian, Iraurgi ikastetxean irakasle aritu zen hiru urtez

 

Hor al dago Txema, elkarrizketa egin nahi diogu eta?”, galdetu genuen Donostiako Herri Irratian, Txema Auzmendik kartzelatik irten eta bi egunera. Han zegoela erantzun ziguten, baina bilduta zela, eta emateko telefono zenbakia, Txemak deituko zigula eta. Baita deitu ere. Horrelakoa baita.

-Bermepean irten duzu kartzelatik. Gogorrak izan al da dena, Txema?

Oso gogorra, batez ere lehen bost eguneko inkomunikazioa. Hura infernua da, inori ez diot opa. Txar-txarra, gizakia ez zarela pentsa dezakezu; nik ez dut pentsatu baina gauzak horretarako daude eginak. Beti burua makur eta begiak itxita, umiliatuta.

-Kartzelaldian euskara, alemana erakusten... aritu zara.

Euskaldun jator bati, Sendoa Gonzalezi, euskara erakusten jardun nuen. Euskaraz mingaina askatzea behar zuen. Alemana ikasi nahi zutenak ere baziren eta haien irakasle hasi nintzen. Bizpahiru eguneko kontua izan zen.

-Kanpoko erreakzioen eta mugimenduen berri nola jakin zenuen kartzelan?

Espetxean irratian eta telebistan entzundako zertxobait jakin genuen. Espetxean euskaldunak zeuden eta guk baino zerbait gehiago zekiten, batek Euskadi Irratia entzutea lortzen baitzuen noizik behin. Prentsa iristen ere hasi zen; hiru edo lau eguneko atzerapenaz iristen zitzaigun Egunero edo Gara.

-Egunero jaso eta zer sentitu zenuen?

Poz handia. “Bere txikian errealitate sendoa zen proiektua aurrera doa, eta sendotu dute han daudenek”, pentsatu nuen. Aspaldi jende asko bildu zen proiektuaren inguruan, baina orain hareago.

-Egunkaria-ren alde hainbeste jende mugitu izana nola hartu duzue?

Poz handiz. Atxilotu ondoren gaizkiletzat hartzen. Epailearen aurrean Joxe Mari Elosua abokatua entzun nuenean Joan Mari Torrealdai eta bion aldeko defentsa egiten, emozionatu egin nintzen. Gure alde ari zen pertsona onak ginelakoan, ez gaizkileak eta ez dakit zer. Gero, kalean horrenbeste pertsona gure alde, Egunkaria-ren alde agertzea, izugarria da.

-Madriletik euskararen kontra jo dutelako izan al da horrelako erreakzioa?

Hori garrantzitsua izan da. Zorionez, bazegoen Egunkaria-ren inguruan irakurlego sendoa, eta sendotzen joan dena: talde handia lanean, inplikazio handia zegoen... Euskarari eta herri honi begira Egunkaria-k pisu handia du. Pisua esan nahi dut: eragina, trinkotzen laguntzen duena hizkuntza eta herri mailako, nazio mailako, kontzientzia horri eutsi eta zabaltzen duena. Horrek bere erantzuna izan du. Atzean pertsonak daude: kazetariak, argazkilariak eta gu. Torrealdai bezalako pertsona bat egotea, euskal kulturan erreferentzia dena; Martxelo Otamendi, ez da edonor; Pello Zubiria, Argia-ri lotua urteetan; ni beste esparru batzuetan ezaguna, irratia dela eta abar. Horrek ere zenbaiti eman dio zer pentsatua esateko: “Hauek ere harrapatzen badituzte, gauza baldin badira... in-komunikatuta badituzte, gauza onik ez”.

-Zeu zinen atxilotuen artetik Azpeitiarekin nolabaiteko lotura zuen bakarra, 1985-1988 artean Iraurgi Ikastetxean egon zinelako irakasle...

Bai, hala da. Mexitotik eta Ameriketako Estatu Batuetatik nentorren 1985ean. Ez nuen inoiz pentsatuko Loiolako etxe handi horretan biziko nintzenik. Bilbora, Donostiara edo Iruñera etortzea eskatu nuen, euskarazko eskolak emateko aukera nuelako gau eskoletan. Era berean, Josulagunen komunitate txiki baten euskaldunen artean bizi eta kristau elkarte nagusiekin lan egiteko asmoa nuen. Nagusiak onartu egin zidan eskaria eta hilabete pare batera beste proposamen bat jaso nuen: Loiolatik josulagun bat joan zela eta ni etorriko al nintzen Loiolara. Orduan, josulagunek izan nahi zuten gazteentzako seminario bat zegoen. Nik seminario hori ez bultzatzea erabaki nuen, zentzurik ez zuelako hamahiru-hamalau urteko bost-sei gaztetxo han edukitzea. Beraz, eskolak ematera dedikatu nintzen, gustura, Iraurgin, eta gazteekin pastoraltzan nire lagun Manu josulagun maitagarriarekin aritu nintzen. Azpeitian bi apaiz zeuden etorri berriak, jator-jatorrak: Patxi eta Kepa. Jende jatorra, bikote batzuk-eta lagun egin nituen. Euskal munduan Bilbon egon nintzenean sartu nintzen buru-belarri, baina erdal giroan gehienbat, nahiz eta Bilboko nire komunitatea euskalduna izan. Baina Azpeitikoa euskal munduan bene-benetako inmersioa izan zen, ez dakizu nolako gozamena eta nolako oroitzapenak ditudan uneez, Jose Luis Otamendiz, Iraurgiko lagun on batzuez eta beste kanpoko batzuez. Arlo guztietan euskal mundua bizi ahal izatea niretzat bedeinkazio izugarria izan zen.

-Egunkaria-ren gaira etorrita berriro, nolakoak izan beharko luke berriak?

Dagoen errealitatetik abiatu beharko da, talde profesionala dago, egunkaria egiten dakiela erakutsi duena. Hobetzea beti posible da, are dirua badago. Gauzak ere hobeto egin daitezke: aniztasunean, euskara hobetzeko orduan, zuzentzeko pertsona gehiago... Eta horren itxaropena badut, gaitasuna duen jendea badago. Betiere instituzioak, Eusko Jaurlaritza egunkariaren jabe izan gabe; bestela, kaltegarria litzateke.

-Egunkari berrian zerbait aportatzeko asmorik edo gogorik ba al duzu?

Ni prest. Kartzelaldi eta inkomunikazio aldiak ez dit gogorik kendu, alderantziz. Beti izango naute gertu nire txikian ahal dudana emateko edo laguntzeko.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak