|
|
|
Euskaldunon Egunkaria
Hiru herritarren lekukotza zuzena sorreran
Enekoitz Esnaola
Imanol Lazkanok, Xebaxtian Lizasok eta Pako Aristik parte hartu zuten ‘Egunkaria’-ren sorrerako taldean, eta proiektua hasieratik “zabala” izan zela azpimarratu dute
Orain, Euskaldunon Egunkaria-ren bortxazko itxiera dela eta, batzuk Egunkaria-ren sorreraren zabaltasuna eta produktuaren aniztasuna ezbaian jartzen ari diren honetan, Uztarriak Egunkaria-ren sorrera gertu-gertutik segitu zuten eta bertako protagonista izan ziren hiru azpeitiarrengana jo du: Imanol Lazkano eta Xebaxtian Lizaso bertsolariengana, eta Pako Aristi idazle eta kazetariarengana, hirurak ere Egunkaria Sortzen-eko (ES) kide izan zirelako, motor lana egin zuen taldeko kide.
.1990eko hondarrean sortu zen Egunkaria, baina proiektua urtebete lehenago hasi zen mamitzen, ESren bitartez. Hain zuzen, 1989ko azaroaren 1ean eratu zen ES, Donostian egin zen deialdi zabal batean. Euskal Herriko hainbat norbanako ezagun bildu zen, eta lehen aipatutako hiru azpeitiarrak zeuden 75 laguneko zerrendan.
“Lehenengo kanpai hotsak jo zituztenak Joxemi Zumalabe, Joseba Jaka eta Joan Mari Torrealdai izan ziren, Martin Ugalderen babesarekin. Euskarazko egunkari bat ateratzeko proiektua egin behar zela zioten, eta sektore askotako ateak jo zituzten”, dio Xebaxtian Lizasok. Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen izenean Imanol Lazkano, Jon Lopategi eta hirurok geunden taldean. Han bakoitzak bere lanak zituen, eta diru bila joatea izan zen niri hasieratik tokatu zitzaidan lana”.
Imanol Lazkanok eta Pako Aristik barrura begira ez zuten horrelako lanik egin. “Kanpotik egin genuen gehiago”, dio Aristik. “Neuk orduan El Diario Vasco-n jarduten nuen lanean, kolaboratzaile bezala, Zabalik euskarazko gehigarrian, eta astero elkarrizketak edota erreportaiak egiten nituen. ETB1en ere banengoen, Babel programan gidoilari, eta Martxelo Otamendi bera zen programako aurkezlea. Liburuekin ere banenbilen eta, beraz, ez neukan denbora askorik Egunkaria Sortzenen lan egiteko. Baina proiektuak halako babes soziala eta kulturala behar zuen, eta han izan ginen”.
Hiru azpeitiarrak ezagunak ziren orduan: Imanol Lazkano Euskal Herriko Bertsolari Elkarteko lehendakaria zen 1985etik, Xebaxtian Lizaso Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako txapeldun izana zen 1986an eta bigarren 1989an, eta Pako Aristik hainbat lan eginak zituen kazetaritzan eta liburugintzan (Kcappo nobela aterata zeukan ordurako, 1985ean). “Proiektuari zabaltasuna eman behar zitzaion, beharrezkoa zelako proiektua zabala izatea, eta ESko kide izatea proposatu zidatenean ez nuen dudarik egin baiezkoa emateko”, esaten du Lazkanok.
BI PROIEKTU. Euskarazko egunkaria sortzea zuten helburu, proiektu handia, interesgarria, ilusio handia sortzen zuena, baina ez ziren garai errazak izan, arazo askorekin topatu zirelako sortzaileak. “Nolabait esanda, kultura bikoiztua zegoen garai haietan. AEK alfabetatze erakundea zegoen, HABE ere bai. Hemen euskarazko astegunkaria zegoen, Eguna ere bai. Eta Egunkaria-ren proiektua zegoen, eta Eusko Jaurlaritzaren proiektua ere bai. Hau da, batetik ezkerreko jendearen kultur proiektuak zeuden, eta bestetik erakunde publikoetako edo EAJren inguruko jendearen proiektuak. Euskarazko egunkariari dagokionez, niri, behintzat, amorrua ematen zidan egoera hark, baina Egunkaria-ren alde egin nuen”, dio Pako Aristik.
Herrietan Egunkaria-ren aldeko 185 batzorde sortu ziren —Azpeitian haietako bat—, eta Lizasok dioenez, “garai beltz” haietan herri batzordeek, eta “baita enpresatako komiteek eta sindikatuek ere, asko lagundu zuten” dirua biltzeko orduan. “Beste lagun batzuk batik bat enpresatan eta udaletan ibili ginen. Udaletan dirua biltzea oso-oso zaila zegoen, goitik agindu hau zutelako: ‘Guk beste egunkari bat sortuko dugu. Aurretik Egunkaria izenarekin beste bat jaiotzen bada, sei hilabete baino gehiago ez du iraungo, zuzendaritzan badakigu zein izango diren…’. Beraz, mantxadun famarekin sortu zen Egunkaria. Baina diru dezente bildu zen”. Lazkanoren iritziz, mamuak zabaltze hori “aitzakia besterik ez zen, gauzak erabaki, Egunkaria Sortzen taldean baino ez zirelako erabakitzen”.
Eta Egunkaria sortu zen. 1990eko abenduaren 6an. “Ikusmin handia zegoen”, oroitzen du Pako Aristik. “Niri soldadutzarekin bezala gertatzen zitzaidan. Hau da, beti nengoen soldadutzaren kontra, beti egiten nuen amets bere amaierarekin, baina soldadutzarik ez zegoela ikusi arte ez nuen sinesten amaituko zenik. Egunkaria-rekin ere antzera: beti alde, beharra ikusten genuelako, baina lehen zenbakia kalean ikusi arte ez nuen sinesten sortuko zenik”.
BI URTE IRAUNEZ GERO... Joxemi Zumalabe zena izan zen proiektuaren bultzatzaile nagusietakoa, eta haren esaldi bat dakar gogora idazle eta kazetari urrestildarrak: “Egunkaria itxi dutenetik, komunikabideetan Zumalaberen esaldi bat behin baino gehiagotan azaldu da. Hauxe: ‘Bi urte irauten badugu, irabazi dugu’. Nik uste esaldi horrek islatzen duela ES taldean pentsatzen zena”. Eta iraun zuen.
Egunkaria sortu eta urte batzuetara hasi ziren hasieran kontra —edo ez alde— zeuden enpresak eta erakundeak diruz laguntzen. Lizaso: “Orain dela hamar bat urte akzio zabaltze kanpaina egin zen eta udal batzuk busti egin ziren, eta beste batzuk pixkanaka hasi ziren begiak zabaltzen, mamu haiek egia ez zirela ikusten”.
.1994an Eusko Jaurlaritzarekin hitzarmena sinatu zuen Egunkaria-k, Joseba Arregi zela Kultura sailburua. “Arregik han sinatu behar izan zuen hitzarmena, gerra galduaren aurrean errendizioa sinatzera doan generalak bezala”, dio Aristik.
Orain, euskarazko beste egunkari bat sortzeko pausoak ari dira ematen Egunkaria-ko langileak. “Nik garbi dut berriz ere nigana etortzen badira, ni hor izango naizela, laguntzen”, esaten du Lazkanok.
|