Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 5,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2003 »  apirila »  Euskaldunon Egunkaria

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Euskaldunon Egunkaria

"Jarri gara beste Egunkaria bat egiteko martxan"

Idoia Mendizabal

Astindu handia eman dio euskaldun munduari ‘Egunkaria’-ren itxierak, eta azpeitiarrek lehen eskuko informazioa jaso zuten Baiteren hitzaldian, ‘Egunkaria’-ko azpeitiarrak izan zirelako hizlari

Jakin-mina
Jakin-mina.  Martxoaren 19an eman zuten Egunkariako langile azpeitiarrek hitzaldia, Egunkaria itxi eta hilabetera, eta azpeitiarrek jakin-mina dutela erakutsi zuten, Aitonena 1eko aretoa bete egin zelako (ordukoa da argazkia). Hilabete lehenago ere jende asko bildu zen han, Martxelo Otamendi Egunkariako zuzendariak hitzaldia eman zuenean.  

Leire Aramendi, Jon Aranburu, Iban Arregi, Mikel Arregi, Mikel Azkune, Estitxu Elduaien, Oihana Elduaien, Enekoitz Esnaola, Eneko Etxeberria, Asier Legarda-ereńo, Xebaxtian Lizaso eta Kike Zurutuza. Horiek dira Euskaldunon Egunkaria-ko langile azpeitiarrak. Hamabi. Asko dira. Eta asko dute esateko. Horregatik iritzi zion Baite Azpeitiko Euskara Elkarteak martxoaren 19an haietako ordezkari batzuek hitzaldia emateari. Eta hain zuzen, Xebaxtian Lizaso komertzialak eta Enekoitz Esnaola eta Iban Arregi kazetariek eman zuten hitzaldia, Laxaro Azkune Loiola Herri Irratiko kazetari eta Baiteko kideak aurkeztuta.

Mezu garbia eman zuten Egunkaria-ko langile azpetiarrek: oraindik preso dauden Xabier Alegria, Xabier Oleaga eta Ińaki Uria askatzea exijitzeaz gain, otsailaren 20an Guardia Zibilak armaz Egunkaria itxi zuenez geroztik “azkar erreakzionatzeko gaitasuna” izan dutela (Egunero egunkari nazionala ateraz hurrengo egunean bertan, orrialdeak gehituz ondoren, enpresan lan batzordeak sortuz, herrietan jada ehun batzorde pasatxo sortuz, milaka atxikimendu lortuz, ekitaldiak antolatuz...), Egunkaria-ren alde “mundu bat biltzeko gaitasuna” izan dutela (Donostiako manifestazioa eta martxoaren 13ko Elkartasun Eguna dira adibide), eta, Egunkaria-ren 11 puntu sortzaileetan oinarrituta, euskarazko beste egunkari bat sortzeko “martxan” jarri direla.

Enekoitz Esnaolak 11 puntuok oinarri hartuta eman zuen bere azalpena, “oinarrizkoak izan direlako Egunkaria-ren biziraupenerako eta nolabaiteko arrakastarako. Horregatik jo dute Egunkaria-ren kontra”.

OINARRIAK JARTZEN. 11 puntuak egun batetik bestera ez zirela asmatu esan zuen Esnaolak. “Egunkaria 1990ean sortu zen, baina euskarazko prentsa urte batzuk lehenagotik bazetorren, ez eguneroko egunkari formatoan, aldizkari formatoan baizik, Argia-rekin batik bat. Baina aurretik ere bazeuden euskarazko prentsaren funtzionamendurako oinarrien aipamenak eta aldarrikapenak”. Hala, XX. mende hasierako adibideak eta kasuak aipatu zituen. “1917an Aita Arbelaitz kaputxinoak euskarazko egunkariaren beharraz hitz egin zuen, esaten zuen oso beharrezkoa zela euskarazko egunkaria sortzea eta sortu egin behar zela. Eta halako batean esan zuen: ‘Beldurrak bota egin behar ditugu, denok batu eta sortu egin behar dugu egunkari bat, euskarazko egunkari bat’. Horrelako proiektu baterako elkartu beharraz hitz egin zuen, beraz. 1929-1930ean, berriz, Lizardi izan zen egitasmoari heldu ziona, eta balizko euskarazko egunkariak izan beharreko bi irizpide interesgarri aipatzen zituen: euskaltzalea izan behar zuela eta alderdi politikorik gabekoa. Hortaz, erreferentzia horiekin ikusten da XX. mende hasieran jada aipatzen zirela Egunkaria-k gaur egin zituen oinarrizko puntu batzuk, giltzarriak”.

Esnaolak aipatu zuenez, harrezkero egon izan ziren saio batzuk euskarazko prentsaren aldekoak —1937an Eguna, eta 1986an Eguna eta Hemen—, “baina aurreneko kasuan, alderdi politiko baten —EAJren— menpe zegoen proiektua zen, eta 1986an, berriz, biak ere erdarazko komunikabideen enpresa argitaratzaileen menpe —Eguna Deia-renean eta Hemen Egin-enean—. Eta ez zuten funtzionatu. Egunkaria da funtzionatu duen bakarra. Eta hori bere sorreran arazo eta traba handiak izan zituela: erakunde publikoetatik laguntzarik ez batetik, eta Egunkaria-ren sorrerakiko mamuak bestetik, halakok sortu zuela esanez eta”; adibide batzuk aipatu zituen, “garrantzitsua baita oroimen hori izatea, batzuek hurrena akats beraiek ez egiteko”.

ERRESPETUA. Egunkaria-ren aldeko apustuak irabazle irten duela esan zuen Enekoitz Esnaolak, “iraun egin duelako, egunero 60.000 irakurle zituelako, egunero 56-60 orrialde, astean zazpi gehigarri, denera lau mila iragarle... Behin ere 11 puntuei bizkar eman gabe”. Eta zioen Egunkaria nazionala izateak min ematen diola Espainiako Estatuari. “Horregatik jo dute gure kontra, Egin-en, Haikaren, AEKren edota Batasunaren kontra jo izan duten bezala”.

Xebaxtian Lizasok berak Egunkaria-n lan egiteaz gain, proiektuaren sorreran parte hartu zuen, Egunkaria Sortzen taldean —hurrengo orrialdeetan dago sorrerako garai hura garatuta—, eta hamahiru urte hauetan guztietan egindako lanari esker gaur egun egunkari berria egiteko zutabe “asko” dagoela esan zuen. Hala, “beste Egunkaria bat egiteko martxan” daudela esan zuen Iban Arregik. Ho-rretarako, langileek “errespetua” eskatu zuten. “Errespetua, hamahiru urteko lan profesionalagatik eta militantziagatik. Errespetua, hamahiru urteko ibilbideagatik, Egunkaria ez delako izan ez alderdikoia, ez instituzionala, inon menpe ez delako egon. Errespetua, bide bat zabaldu dugulako. Errespetua, Egunkaria errealitatea eta erreferentzia bihurtu delako. Errespetua, Egunkaria-k aniztasuna izan duelako”.

Iban Arregik zioen langileek “konpromisoa” hartu dutela proiektu berria lantzeko, “eta behin eta berriro esaten ari garena da Egunkaria ez duela itxi zabaltasunaren gaineko eztabaidak, Egunkaria Guardia Zibilak itxi zuela baizik”.

Langileok ziotenez, “nabarmentzekoa izan da gizarteak eman duen erantzuna, baina Egunkaria-ren alde egotetik Egunkaria-ren alde egitera pasatzeko eskatzen diegu azpeitiarrei ere, erosiz eta irakurriz”.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak