|
|
|
Politika
Habeak 500 sinadura behar ditu aurkezteko
Nerea Uranga
Azpeitiko “ezkertiar eta abertzaleen” bilgune berriak datozen udal hauteskundeetara aurkeztuko dela esan dio Uztarriari.
|
|
|
|
Olatz Aranguren: "Habea herriko plataforma da, herritarrek sortua eta Azpeitirako balioko duena"
"Habea ez da sortu hauteskundeetarako soilik, bilgune hau luzera begirako asmoa delako"
Pello Odriozola: "Guretzat Udala tresna garrantzitsua da eta esparru horretan lan egitea garrantzitsua da Habearentzat"
|
|
Habea, Azpeitiko “ezkertiar eta abertzaleen” bilgune berriak, udal hauteskundeetara aurkeztuko dela esan du, eta hortetarako, lehendabizi, 500 herritarren sinadura behar du, lehenbailehen gainera. Dena dela, 500 sinadura lortuko balitu ere ikusi egin behar aurkezterik lukeen, Espainiako Estatuak Batasunaren ilegalizazioa erabaki ondoren, aurrez herrietan eta herrialdeetan sorturiko ezker abertzaleko plataformak ere legez kanpo uzteko asmoa duelako. Eta laster jakingo da hori.
Habeak, ordea, bere martxari eutsiko dio, eta orain, sinadura kopuru hori lortzeaz gain, elkartea herrian ezagutzera eman nahi du. Hain zuzen ere, martxoaren 1ean egin zuen jendaurreko lehen agerraldia; Plazan egin zuen aurkezpena, eta jende asko bildu zen.
Herri ekimenez sortutako plataforma dela esan dio Uztarriari bertako arduradunek. “Habea sortzerako Batasunaren bidea bukatutzat ematen zela ikusten zen; hau da, prozesu bat bukatu zela eta herri mugimendutik sortuko zen zerbait sortu behar zela. Herriko jendea eta taldeak biltzen hasi ginen, bilgune bat osatu zen eta bilgune horren funtzionamendua definitzeko eztabaidatan hasi ginen. Orain bilgunearen barruan arloak sortu ditugu: kultura, euskara, kirola, sozio-ekonomia, diruzaintza, konponbide demokratikoa eta komunikazioa. Eta aukeran utzi ditugu ingurumena eta emakumearen arloak. Azken batean, Habea herriko plataforma da, herritarrek sortua eta Azpeitirako balioko duena , ez beste inorako”, dio Olatz Aranguren bultzatzaileetako batek.
UDALEAN "BEHARREZKOA. Maiatzeko udal hauteskundeetara aurkeztuko dela dio Habeak, bera bertan egotea “beharrezkoa” delako. “Behar-beharrezkoa ikusten dugu Udalean EAJ eta EA ez den beste sektore baten presentzia. Guretzat Udala tresna garrantzitsua da, eta esparru horretan lan egitea garrantzitsua da Habearentzat”, dio Pello Odriozola, Habea bilguneko bultzatzaileak. “Uste dugu alderdi tradizionaletaz gainera, Udalean alderdi ezkertiar baten ordezkaritza izatea garrantzitsua dela. Eta aurreneko aldia da herrian beste eskaintza bat ematen duguna; hau da, Habea herritarrek sortutakoa baita. Herritarrak aurkeztuko dira zerrendan eta gure ustez alternatiba polita eskaintzen dugu, herriari begira egindakoa delako eta herritarrek egina”, dio Arangurenek.
Baina hauteskundeetarako soilik ez dela sortu diote Habeakoek. “Luzera begirako asmoa da bilgunea. Tartean udal hauteskundeak suertatu dira, eta beste taldeak bezalaxe, gu ere aurkeztu egingo gara”.
Uneotan, hauteskundeetarako zerrendak osatzen ari da Habea. “Zerrenda herritarra eta ahal den esparrurik zabalena ordezkatuko duena izatea nahi dugu; aurpegi berri batzuk ere sartzen ari gara. Ezkertiarra izango da eta betiere ezkertiar ikuspegia lantzeko asmoarekin”, dio Odriozolak. Uztarriak jakin duenez, gauza asko ditu lotzeko; besteak beste, zerrendaburuarena.
|