Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 9,  ASTEAZKENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2003 »  apirila »  Iaz baino diru gutxiago aurrekontuetan

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Udala

Iaz baino diru gutxiago aurrekontuetan

Nerea Uranga

Udal hauteskundeak baino lehen onartu dira udal diru kontuak, eta iazkotik alderatuta, 500.000 euro gutxiago izango dira kudeatzeko.

 

Aurten iaz baino lehenago onartu dira Udaleko aurrekontuak. Iaz maiatzaren 2an onartu ziren, eta aurreko bi urteetan martxoaren bukaeran. Aurten, berriz, martxoaren 17an egindako udalbatzarrean onartu ziren. Hauteskundeak baino lehenago, beraz. EAJren eta EAren aldeko botoekin onartu ziren, eta Azpeitiko Sozialista Abertzaleak-ek ezezko botoa eman zuen.

Edukiz, iazko aurrekontuaren antzekoa da. Diruz, berriz, zertxobait baxuagoa da: Udalaren aurrekontu propioa 15,8 milioi eurokoa da eta aurrekontu osoa —Azpeitia Lantzen S.A.-ko, Lapatx Zabortegia S.A.-ko, Euskara Patronatoko, Kirol Patronatoko aurrekontuak gehituta— 20,2 milioi eurokoa da. Hain zuen ere, iaz baino 500.000 euro gutxiagokoa da aurtengoa.

Aurten ere Azpeitiko Sozialista Abertzaleek bere aurrekontu proposamena aurkeztu zuten Udalean. “Guk ez dugu parte hartzerik izan udal aurrekontuetan. Gure proposamenaren berri izan duzue EAJ eta EA alderdikook, baina ez duzue kontuan hartu. Zuen proposamena jaso eta astebete ere ez dugu izan aztertzeko. Aurreko urteetan formak behintzat zaindu dituzue, baina aurten hori ere ez. Eta gure ustez, gure proposamenean badaude interesgarriak diren egitasmoak eta udal aurrekontuan kontuan hartu behar liratekenak”, azaldu zuen martxoaren 17ko udalbatzan Miren Odriozola, Azpeitiko SA-ko bozeramaileak.

Odriozolari erantzuteko, hitza Jabier Beobide EAko bozeramaileak hartu zuen: “EAJ eta EA hitzarmenean gaude, eta adostasun batera heltzen saiatzen gara gure artean. Gure helburua, guk —EAk— eskuartean ditugun batzordeetako aurrekontuak onartzea eta gero adostasun batera heltzea da”. Gaur egun, EA hiru udal batzordetan da buru: Nekazaritza, Festak eta Ingurumena.

DINAMIKA BERA. EAJk eta EAk horrela adostu badituzte aurrekontuak, Azpeitiko Sozialista Abertzaleek iazko dinamika bera erabili dute udal aurrekontu proposamena egiteko. “Udal aurrekontuen proposamena lantzen jardun dugu herritarren ahalik eta partehartze zabalena bilatuz. 2002an ekin genion herritarrekin bilerak egiteari, zirriborroa lantzeko eta behin betiko proposamena taxutzeko”, zioten ASAko zinegotziek. “Guretzat herriak dituen premia nagusien zerrenda egin dugu eremuz eremu”.

Udal aurrekontuok dira legegintzaldi honetan onartu diren azkenak, maiatzaren 25ean dira-eta udal hauteskundeak.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak