Kontzientzia garbitzen
"B MAILA 18 URTETIK GORA 1. SARIA"
-DOINUA: Juana Bixenta Olabe
-NEURRIA: Berezia
Aurrean zaitut, ene amona
dardarka etorria nauzu hona,
urduri neronen ausardian,
bete behar hau nun aspaldian,
barren barrena,
sentimentuen dantza herrena,
muxu goxo bat, tori aurrena.
Ia sei urte, izango dira
ez gaudela gu elkarri begira,
esan ta galdetzeko hau pila
hitzek biderikan ezin bila
Ixilik hobe,
nola zauden entzumenik gabe
ohean luze, ahul ta suabe
Sartu zinduten, egoitza hontan,
zergatik galdetu ohi det askotan,
zuretzat hobe zela esanez,
arrazoi merke asko emanez,
geldiarazi,
gizartetikan baztertu kasi,
entzuten zugan hori ikasi.
Mea kulpa bat, berdin niretzat
lehenago etorri behar nun behintzat
Penetan denboraren galduza
xelebre kolpetik azalduaz,
indulgentzia,
dudan zama bai ote kentzia,
garbi nahi nuke kontzientzia.
Bizi bidaia, beraren mugan
hor ote zeraden, jarri naiz dudan,
zure begi urdinen argia,
izanaren islada argia,
pixkana hiltzen,
noraezeko soan amiltzen
heriotzaren bila hurbiltzen.
Ta ni bezela, orain besteak
zu bisitatzean, planta tristeak.
Hautsita zenean lotura
ezin zeradenean kontura,
gatoz propio,
malkotan esatera adio,
ziur ez dula asko balio.
Besterik ez da, geratzen nonbait
eta oroimena, martxan jarri zait.
Zuk erakutsitako jolasak
ipuin goxo eta solasak,
zenbat errezu,
jokabidea harturik mezu
mila ejenplo, on eman dezu.
Bizirik daukat zure babesa
orain zerbait egin ahal baneza
eraman behar zaitut etxera,
birlobatxoa ezagutzera
etzazu etsi,
esperantza lagunari eutsi
amets gaizto hau dezagun hautsi.
|