Mendia
Aterpezain berriak
Nerea Aranburu
Martxoaren 29an ireki zituen ateak Xoxoteko aterpeak, bi urtez itxita egon ondoren
Xoxoteko aterpea berriro irekita aurkituko du bertara hurbiltzen den mendizaleak, berritu ondoren. Aterpeak aldaketa batzuk izan ditu, tartean, aterpezain berriak: Euxebio Beloki azpeitiarra eta Beni Odriozola azkoitiarra. “Guri oso aukera polita iruditu zitzaigun, aterpea herrian bertan dagoelako, eta gainera, Xoxoteko aterpea delako”, dio Benik. Azken sei urteetan Lintzako aterpean (Pirinioetan) izan dira biak lanean. “Orain sei urte, urri aldera, Lintzako aterpea hartzeko aukera izan genuen. Gu beti hara joaten ginen, mendia gustuko dugulako; eta orduan aterpean zegoen pertsona nazkatu egin zenez, guk hartu genuen”, dio Belokik. Hala eta guztiz ere, ez dute Lintzako aterpea utziko. “Beste urte eta erdi geratzen zaigu. Behin hori bukatzean ez dakigu zer gertatuko den, eta Xoxoteko aukera izatea guretzat ideala izan da. Urte bat falta zaigulako ez dugu Lintzakoa utziko, eta bi aterpeak zainduko ditugu”, dio Belokik.
Beniren esanetan, “garbi genuen lanean mendian jarraitu nahi genuela, eta kasualitatez aukera hau sortu zaigu”. Jada lanean hasiak dira Xoxoteko aterpean —martxoaren 29an hasi ziren—. “Espero dugu jendea animatuko dela aterpera etortzera”, diote biek. “Gure asmoa eta nahia asteburuetan jendea gora igo eta bertan lo egiten geratzea da; hau da, asteburua bertan igarotzea. Jendea Xoxotera lo egitera joateko ohitura bultzatu ahi dugu. Astegunetan, berriz, ikusi egin behar martxa nola doan”.
Lehen bezala, eskoletako taldeak aterpera etortzeko aukera ere lotuta dute Lagun Onak Mendi Bazkunakoek.
|