Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abuztuek 8,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2003 »  apirila »  Iritziak »  1977ko belaunaldi galdua

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Zenbat buru, hainbat aburu

1977ko belaunaldi galdua

Pako Iriarte

Azpeitiko Jaiak liburu mardula dugu herrian, gure agintariak ohiturik gaituen erara egina da: handia, elegantea, eta haren bolumena ikusita, gure historia guztia bertan izango zelakoan nengoen.

Azken bi urte hauetan danborradak izan dituen kontuak ikusita, errepaso bat eman nahi diot aipaturiko liburu horri.

Zaila da dena jasotzea, baina 1977ko eta 1978ko danborradei buruz ondorengoa dio: “Danborradak bere garapenean aurrera jarraitu zuen. Ez zen aparteko berrikuntza edo berezitasunik gertatu”.

OROIMENARI TIRAKA. Argazkietan begira ere ibili naiz, ezer ez topatu eta, nire oroimenari tiraka jardun ondoren, honakoa irten eta aditzera ematea pentsatu dut: Franco hil zen garai hartan, Azpeitiko gazteok bagenuen biltzeko lekua Parrokiko lokaletan; taldeka biltzen ginen, nahi genuenean. Bileraz bilera, dena eztabaidan jartzen genuen. Talde politiko baten alde jartzea ez genuen ontzat hartzen, “correa de transmisión” ezin zen izan. “Kokoa ez dik inork jan behar”, genioen elkarri. Pentsatzea librea zen. Gainera, “gizartearen aldaketak herriak berak bere barrutik egiten dizkik”, iluminaturik ez zegoen askatasun bidea jorratuko zuenik. Bakoitzaren eguneroko eginak zuzentzen zuen gure etorkizuna.

Land rover berdeak beti gure kaleetan ziren orduan, bortxa ez genuen onartzen. Bortxa zen arerioa. Manifestazioetan nahi genuena oihukatzen genuen.

Oroitzen naiz, soldadutzako talla egunean, gazte talde batek, erdi kalean polizia sekreta pare bati nola kantatu genion, eskua fatxa erara altxatuz Errepublika garaiko anarkisten kanta: “Viva la FAI-FAI-FAI… lutxemos hermanos contra los cristianos y los requetes. Si los curas y los frailes supieran la de ostias que les vamos a dar subirian al coro gritando LIBERTAD, LI-BERTAD…”. Guardia zibilak agertzen zirenean, ihes egiten genuen beste leku batean agertzeko. Agertzeko eskubidea erabiltzen genuen. Inori ez genion eskatzen zer aldarrikatu. Baina de-non oihu bat zen “As-ka-tasuna…”, txaloekin lagunduz. Eskubideen babesle izan nahi genuen…

DANBORRADAN. 1977. urtean, Herrizaleak elkartea danborrada osatzeko talde baten beharrean aurkitu zen. Agian, Pelotazaleak taldeak utzi egin zion danborradan irteteari. “Nola liteke horrelako aukera bertan behera utzi eta tradizioa galdu?…”, pentsa genezake orain. Bada, parrokiko gazteengana jo zuten, danborrak beste herri batetik ekarriko zirela eta ea taldea osatuko al genuen galdezka. Galtza urdin, alkandora zuri eta txapela izango ziren gure danborradako jantziak, eta ikurrina denona zenez, bandera berriak ginena agertu behar zuela erabaki genuen, eta Gazte Taldea izenpean atera ginen.

Musika banda eta guzti jo genuen kaleetan zehar, Plaza Nagusian; bizikoa izan zen. Ikurrina egun horretan legeztatu zen, eta eskuz esku pasatuz eta astinduz ibili zen. Herria horrela izateko, alkatea ere apartekoa zela pentsatzen dut gaur egun. Udala, lana bakarrik zen garai hartan hura lortzeko.

Baina historiak ez du horrelakorik jasotzen, dena gezurra da agian, gaztetako puzker utopikoren baten hondakin nahastua. Baina nik oraindik ere gogoan ditut lokal aurrean jo genituen atabalkada haiek, bakoitzak nahi zuen moduan jo zituenak. Azpeitian entzun diren askatasunezko danborkada bakarrak izan ziren. Hurrengo urtean danborradan joko ote genuenentz begiratu gabe.

ASKATASUNA. Nolatan puskatu genuen gure artekoa? Askatasuna, pertsonaz osaturiko taldeak sortzen duen une bat dela pentsatzen dut. Orain, begira jarrita… Danborrik puskatu ga-be… Ondoren sinesmen zaharrak, jantzi berriz agertu ziren… sendiak apurtzen… Eta gaur egungo gazteek ezin dute imajinatu ‘askatasuna’.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak