Gai librien
Lorategia
Fernando Morillo
Zutabeak idazten ditugunon arazo ulergarriena izaten da, askotan, zer idatzi ez dakigula. Idatzitakoak zerbait esan behar dio irakurleari, eta zerbaiterako balio duela pentsatu behar du egileak. Hitzak, hitz egoki batek —hainbestetan esan izan da—, mundua alda baitezake. Idazleak pentsatu eta sinetsi behar du hitzak, mundua osoa ez bada, zerbait behintzat alda dezakeela. Zerbait behinik behin. Jai du bestela. Baina horrek erantzukizun handia eskatzen du.
Sarritan zaila da gai bat —gai egoki bat— aukeratzea. Lagunei galdetu, ganbara aldea astindu, han-hemenka hari esanguratsuen bila aritu. Baina, horra ironia, kontrakoa ere ez da samurra: gaia nabariegia denean, alegia. Norberak aukeratzen duena eta gainontzekoek aukeratuko dutena bat eta bera izango direla garbi dagoenean. Oraingoan, adibidez, berehalakoa da zein izango den gai nagusi-aipatu-azpimarratuena. Nola heldu, orduan? Guztiok gai bera hautatzen badugu, nola saihestu errepikapena; nola lortu ikuspegi —ahal den neurrian— berri bat? Zer esan, azken batean, Euskaldunon Egunkaria-rekin gertatu denaren inguruan, eta dagoeneko aipatu ez dena?
Perspektiba saia genezake, beharbada. Pixka bat urrundu, eta kontu guztia gurekin ez balihoa bezala ikusi. Osasungarria izan liteke, gainera, perspektiba gabe itsuak baikara. Eta erraztasun ikaragarria daukagu itsutasunean erortzeko.
Zer ikus dezakegu urrunetik? Oztopo bakoitzak, erakutsi digute, dagokion bedeinkapena darama berarekin. Duela gutxi, adibidez, Euskaldunon Egunkaria-koek —barkatu: Egunero-koek; goian bego Egunkaria— deitu zidaten, harpidetza kontua zela eta. Orain arte ez da egon Azpeitian banaketa zerbitzurik, harpidedun kopuru jakin bat behar zelako, eta gurean ez zelako osatzen. Jada ez. Berehala hasiko omen da banaketa zerbitzu hori.
Egunotan irakurri izan dugu, baita ere, Egunero egunkaria egun bakar batean 75.000 mila ale saltzera iritsi dela, eta zenbait egunetan ez dela 50.000 aletik jaitsi. 50.000 ale! Hori, gauden moduan kontuan hartuta, egundokoa da. Kristorena. Onenarekin geratu behar badugu, hortaz, har dezagun hau: Egunkaria-k ez zuen sekula horren herena ere lortu! Laurdena, nekez. Agian egia da —zilegi bekit zinismo puntua— hau guztia euskal kulturaren mesedetan egindako mugida izan dela.
Normalean ez gara konturatzen alboan dugunaz. Egunero-egunero lorategi beraren alboan pasa gaitezke, esaterako, baina ez gara jabetuko zein lore eder dauden, zenbaterainoko lana egin duen lorazainak guztia hain ikusgarri egoteko. Eta ez gara jabetuko hor daudelako; egunero ikusten ditugulako; ohitu egin garelako. Egun batean, ordea, ohitura hautsi egingo da eta zerbait bitxia gertatzen dela ohartuko gara: lorategi albotik pasatzean ez ditugu loreak ikusiko. Orduantxe hasten gara konturatzen zer zegoen; propio ikusi gabe ere lore txiki haiek zenbat betetzen gintuzten. Loreak itzul daitezen nahiko dugu, edo guk geuk landatuko ditugu. Eta berriak loratzean, oraingoan bai, liluraz miretsi eta inoiz baino hobeto zainduko ditugu. Lorerik gabe egon ginen egun gutxi horiek erakutsi zigutelako zenbateraino maite genituen.
Hala bedi.
|