Zenbat buru, hainbat aburu
: Amuko zubitika
Iraganetik hasita
Mikel Arregi
Euskaldunok memoria eskasa dugula esan ohi da. Baina, komeni da tartean behin buruari buelta batzuk eman eta atzera begiratzea. Izan ere, etorkizuna oparoa izan dadin, iraganetik ikastea bezalakorik ez dago. Azken lauzpabost urteotan Azpeitian gertatu direnak (edo ez direnak) ditut buruan.
Aukera paregabea izan arren, herria guztiz euskalduntzen hasteko parada galdu dugu azken urteotan. Herri dena bere baitan hartuko zukeen euskalduntze plan bat martxan jartzekoa zenean (alderdi politikoen eta euskalgintzaren babesarekin), beste plan batek euskararen aldeko indarrak banatu zituen.
Aukera paregabea izan arren, Azpeitian ez dugu oraindik kultur etxe edo gunerik. Udalak eskatuta egindako ikerketa soziologiko batek kultur etxe baten beharra adierazi arren, Azpeitiko kultur talde guztiek hala eskatu arren, erakundeek Basazabalen diru pila bat gastatu arren, oraindik ez dugu kultur etxerik.
Lauzpabost urte pasatu badira ere, azpeitiar gazte batentzat etxebizitza eskuratzea mirari baten parekoa da. Etxe mordoxka egin da, baina etxebizitza horiek ez diote herriko premiari erantzuten.
Lauzpabost urte pasatu dira jada, eta Euskal Herrian bezala hemen ere bake iraunkor baten aldeko pausoak emateko aukera paregabea izan genuen arren, alferrikaltzen utzi genuen. Hemen ere ez genuen sortu Lizarra-Garazi Txiki indartsurik. Han goian Otegik eta Egibarrek zer esango zain egon ginelako hemen ere, lo. Baina Espainia eta Frantzia ez daude lo. Eta orain Egunkaria kendu digute.
Iraganetik ikasteko aukera dugu. Lauzpabost urteotan lortu ez duguna datozen urteetan lortzeko aukera dugu. Ordea, bakoitzak dagokiona egin behar du. Euskara normalizatu nahi bada, herri osorako plana denon artean egin behar da; euskal prentsaren alde egin behar da, euskal kulturaren alde egin behar da. Etorkizuna oparoa izan dadin, iraganetik ikastea bezalakorik ez dagoelako.
|