Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 9,  ASTEAZKENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2003 »  apirila »  Iritziak »  Manex Beristain

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Hariari tiraka

Egunero gara oraindik

Manex Beristain

Egunkaria itxi digute. Euskarazko komunikazio tresna nagusia lurperatu dute. Gure ahotsak itsutu dituzte eta begiradak mututu. Ez dakit honi guztiari buruz idatzi, kontatu edota oihukatu gabeko ezer gelditzen den. Hemendik aurrera idatzitako guztia, beste idatzi guztiak bezala, ez da hain pertsonala izango, guztiona baizik, nirea, zurea, guztiona. Isiltasun behartu honi buruz izan da erreakziorik herrian, izan da malko isuririk begi gorietan, izan da pozik, ilusiorik, aurrera jarraitzeko indarrik ere, guztion babesa ez da zure babesa bakarrik, guztiona da, eta ez da pena edo atsekabearen babesa, ilusioa eta sentimenduaren babesa baizik.

Egoera honen aurrean hiru hitz bururatzen zaizkit gogoaren baratzean erein beharrekoak: Egunero, Denbora eta Gu. Hitzak dantzan jartzea erraza da, hitzek gure barruan kilimak sortzea zailagoa ordea.

Egunero iratzartzen naiz hortzak aireari eskainiz
Egunero begiak kiribiltzen zaizkit
zure hitzen esperoan.
Egunero nire ahotsak zure belarriak aurkitzen ditu
esaldi bat eta beste bat eta beste bat sortzeko asmotan.
Egunero nire behatzak zure gorputzean galtzen dira, eta
maitale kultural papera hartuaz, negarrez pozten naiz.
Egunero irekiko ditut begiak
zure gorputza irakurtzeko
Egunero salatuko ditut
nire belarriak jasaten dituen tratu txarrak
Egunero isilduko naiz
nahi dudanean
eta ez behartzen nautenean
Egunero erabiliko dut
gure ama hizkuntza
Egunero moztuko dut mihia
gaztelaniaren aurrean
Egunero nire garrasiek belarri ez gaituak mututuko dituzte
minutu batez bada ere.
Denbora, elementu xelebre hori
inork engainatu ezin duen eztul bat bezalakoa da Denbora,
Denbora, aurrera begiratu eta atzean segundoak
bide ertzean utzi dituzun sentsazioak harrapatzen zaitu.
Denbora, zaindiratu oro sendatzeko ukendu nekaezina
Denbora, irribarre herdoilduak hilko dira euri zaparradetan,
euskaldunen bihotzen zainekin itoko.
Denbora, askotan gure esku bakarrik ez dago
ahotsa mendi gainera altxatzea.
Ez naiz ni, gu gara
Guztiok behar gaitu une zail honetan
Ez dugu gure buruarekin konforme egon behar.
Ura bezala, faltan bota behar dugu une umel hauetan,
eta beti eduki behar dugu egarria, zure egarria,
Ezin dugu esku bakarrarekin aurrean dudan horma hori igo,
zure laguntza, eta zurea, eta zurea… ez dira nahiko.
Ados ez dagoen ororen eskuak behar ditugu
horma hori gainditzeko.
Egunero denbora hartu behar dutenak gu gara.
Egunero egunkaria irakurriko dut
Egunero irakurtzen dudan bezala.
Ez inoiz isildu, ahotsak behar zaitu.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak