Zenbat buru, hainbat aburu
: Akullue
Egunero, 'Egunkaria'-ren alde
Leire Ostolaza
Euskaldunon Egunkaria ixtea otsaileko kontua izan zen arren, Egunkaria-ren falta egunerokoa dugu. Orduan, martxoko artikulua idatzi eta bidalia nuen, eta arantza atera gabe ezin gera nintekeen.
Makina bat kexu entzun dut, han eta hemen, euskarazko egunkari bakarra itxi eta bertako langile zenbait atxilotu eta torturatuak izan direlako. Eta beste zenbait gehiegikerien aurrean kalera irteten ez
duen jendea ere izan zelako Donostiako manifestazio erraldoi hartan.
Makina bat aldiz entzun dut azken hilabete honetan: “Ene! Zertaraino iritsi behar dugu? Laster ezingo dugu euskaraz hitz egin ere!”. Makina bat aldiz ikusi dugu okindegi edo kioskoetan El Diario Vasco mendi izugarri bat Egunkaria-ko lau aleren ondoan, eta gertatu dena gertatu ostean ere lehen mendia zenak mendi izaten jarraitzen du, hiztun euskaldunak gehiengo zabala garen herri honetan.
Makina batek azalduko du, berriz ere, Egunkariarekiko elkartasuna, baina ez da egunkari bat hitz hutsez bizirik mantenduko; beraz, euskararen eta euskal prentsaren alde zerbait egin nahi dugunok egin dezakegun onena egunero Egunero erosi eta irakurtzea da.
|