Zenbat buru, hainbat aburu
: Azketako ude
Afrikan dagoen lagun baten bizipena
Kepa Susperregi
Duela hilabete pare bat, gure arteko egunkari batean, misiolariei eskainitako artikulu bat irakurtzeko aukera izan nuen. "Misiolarien erreleboa umezurtz" zuen izenburua. Martxoan Elizbarrutiko Misioen eguna ospatzen dela-eta, “idatzi beharreko artikulutxoa gai horri eskainiko zioat”, pentsatu nuen.
Asmo horrekin nintzela, Afrikan urte batzuk daramatzan lagun baten eskutitza jaso nuen duela egun gutxi. Bere bizipenak hunkituta utzi ninduen. Horregatik, berari eskainiko diot nire txoko hau... Honela dio:
"Denbora luze bat egon gara telefonorik gabe: lehen Telecom genuen eta orain Comatel jarri digute; eta noski, Angolan horrelako aldaketak egiteko denbora behar izaten da.
Hori gutxi balitz, hilabete pasa daramagu argi-indarrik gabe. Guk behintzat generadorea jartzen dugu (gasoilaz erabiltzen dena), baina, adibidez, gau guztia ezer gabe, 30 gradurekin gelan, eta gorputz guztia sarpulidoz beteta, lorik ezin eginda. (Guzti hau zuek animatzeko).
Eta hori gutxi balitz, duela hiru egun hasi zitzaigun ura etortzen etxera. Gure depositoa azkenetan zegoen, eta kamioi zisternari deitzekotan ginen, baina Jainkoari esker, aberia konpondu dute eta orain ura badugu: ze gauza ederra den ura!
Ba, horrelaxe gabiltza benetako garizuma fisikoa eta psikikoa eginez. Igandean ere paludismoarekin geunden beste apaiza eta biok. Ni onera etorri naiz, baina besteak jota jarraitzen du. Hemen gaude, baina gure gorputzak ez daude honetarako eginak. Beltza izan beharko nuke. Gainontzeko probintziak gurea baino freskoagoak dira, batzuk hotzak ere bai. Txarrena gurea, eta.... Zer egingo dugu ba?”
|