Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 24,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2003 »  apirila »  Iritziak »  Maiatzeko udal hauteskundeetaz hausnartzen

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Zenbat buru, hainbat aburu : Hausnartzen

hauteskundeetara koalizioan, baina udalean alderdi bakoitza bere nortasunarekin

Manuel Unanue (Azpeitiko EAko lehendakaria)

GAIA: ‘Maiatzeko udal hauteskundeak’. Zein da azken urteetako balorazioa? Nolakoak izango dira bozak? Zilegitasunik ba al dute ezker abertzaleak ezin badu aurkeztu?...

Orain lau urte, udal hauteskundeen ondoren Azpeitiko EAk EAJrekin udal gobernu akordioa izenpetu genuen. Lau urteotan lan ugaria eta egokia egin da udal mailan. Zinegotzi bakoitzak bere arloan gogotik jardun baitu lanean: kulturan, ingurumenean, kiroletan, jaietan, baserrian... Aurkitu dituzten arazoei irtenbide egokiak —gizartearen eskaerak aintzat hartuta— ematen ere saiatu dira. Ezin dugu baztertu gure indarra mugatua izan dela. Eta bidean hainbat proiektu gelditu dira egin gabe, eta datorren legegintzaldian egin asmo direnak, hala nola: babes ofizialeko etxebizitzak eta prezio mugatukoak egin, kultur etxea, ingurumen arazoak konpondu, gizarte zerbitzuen inguruan herrian ditugun proiektuak aztertu, herriaren antolaketa datozen 15-20 urteei begira egin...

Maiatzean udal hauteskundeetara Azpeitian EAJrekin batera koalizioan aurkeztuko da EA. Baina kontuan hartu behar da EAk bere nortasuna nahi duela. Azken hauteskundeetan eraso izugarri bat zetorkigula-eta horren aurrean zerbait egin behar zela ikusi genuen; komenigarria eta egokia iruditu zitzaigun EAJ eta EA elkarrekin joatea —tartean D’hont legea-eta daudelako—, indarrak batzeko. Egoera berezia zegoen orduan, eta orain ikusi da oraindik ere egoera horrek jarraitu egiten duela.

Nahiz eta eztabaidak eduki alderdiaren barruan, azkenean komenigarria iruditu da egoera honetan elkarrekin joatea eta indarrak biltzea. Indar handiagoa ikusten genuelako batera joanda. Baina horrek ez du esan nahi herri mailan eztabaidak ez direnik egon, herri bakoitzeko egoera oso desberdina baita: herri asko zebiltzan bakarrik joatekotan eta beste batzuek, berriz, komenigarriagoa ikusten zuten batera joatea. Alderdian orain dela lau urtetik iritzi bat zegoen: abertzaleen gehiengoa arriskuan dagoen lekuan batuta joan behar dela, arriskuan ez jartzeko abertzaleen nagusitasuna, eta arriskurik ez zegoen lekuetan bakoitza bere bidetik joan zitekeela. Baina azken kasu honetan ez du esan nahi gero adostasunera iristerik ez dagoenik. Azpeitian, herrian eta baita gure alderdikideen artean ere, beldur, kezka eta zalantza hori ikusten genuen eta horren aurrean beharbada indarrak batzea komeni zela iruditu zitzaigun.

Gaur egun alderdiaren barruan ere badaude bi joera. Joera nagusia da ahal den heinean gorde egin behar dela alderdi bakoitzaren nortasuna; eta komeni denean joan beharko da elkarrekin eta beste batzuetan ez. Beste joera bat izango litzateke CIU bat egitea, gutxi gora-behera. EAko batzar nagusiak erabaki zuen aurtengo egoera berezi horregatik elkarrekin joan behar genuela. Eta azpeitiarrak batzar nagusiak emandako agindu hori bete dugu.

Behin erabaki genuenean EAJ eta EA elkarrekin joango ginela, berehala hasi ginen hizketan; oso giro bikainean eman ditugu negoziaketak. Bakoitzak bere izenak proposatzeko aukera hartu eta udaletxean, gutxi gora-behera, zein batzorde egon daitezkeen eta zeini eman behar zaion garrantzi handiagoa erabaki genuen. Oraingo lana programa egin eta hauteskundeetarako aurkeztea da.

UDALEAN GURE NORTASUNA. EA eta EAJ koalizioan joango bagara ere udal hauteskundeetara, alderdi bakoitzak bere nortasunarekin jokatuko du Udalean. Eusko Legebiltza-rrean bezalaxe, nahiz eta elkarrekin joan, gero alderdi bakoitzak bere taldea izango du Udalean. Batuta joatea erabaki dugu eta udal programa elkarrekin egingo dugu. Orain batera goaz eta batera joanda lotuago gaudela esan genezake. Jakina, horrek atzetik bi alderdietako kideek osatutako batzordea izango du, jarraipena emateko, eta konponezinik balego batzorde horretara eramango da. Sor litezkeen liskarrak eta desadostasunak bideratzeko balioko du batzordeak.

EZKER ABERTZALEA HAUTESKUNDETAN. Gertatzen ari direnak ikusita, Batasunaren ilegalizazioa, Espainiako Alderdien Legea eta abar, zalantzak guztoi sortzen zaizkigu. Guk herri mailan ez dugu aztertu gai hau. Horretaz erabaki bat hartu behar bada edota hartuta badago, alderdiaren goi mailak esan beharko du, herrietan alderdiak zein jokaera hartu beharko duen, zer egin, onartu... Erabaki hori goi mailakoa litzateke batik bat. Dena den, gure ustez ezker abertzaleak hauteskundeetara aurkezteko aukera badu, eta eduki beharko luke gainera. Baina ikusita Euskal Herrian zer egiten ari diren eta noraino iritsi den gaur egun dagoen egoera, edozer gauza gerta liteke; edozeini, gainera.

Ezker abertzaleko plataformei Alderdiaren Legearen bitartez aurkezten ez balieke utziko, esan genezake demokraziarik ez daukagula hemen, hori garbi ikusten dugu. Baina aurrez esan bezala, goitik hartuko litzateke erabakia kasu horretan, batik bat lan hori alderdiaren goi mailari baitagokio.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak