|
|
|
Atzera begira
"Orain dela 11 urte gin nuen azkenengo trajea"
Imanol Elias Odriozola
XVI. mendetik jostun edo sastre ugari izan dira Azpeitian. Azken sastrea Inazio Urrestilla izan da, eta honek jostunaren zenbait lan egiten jarraitzen badu ere dendan, 1992an utzi zuen ofizioa.
Inazio Urrestilla herriko azken sastrea edo gizonezko jostuna da. Nolanahi ere, Azpeitiko historian aurkitzen ditugu ofizio berdineko gizonezko jostunak: 1561ean Migel Aizpuru, 1599an Domingo Goitia, 1641ean Kristobal Ibarzabal, 1671n Frantzisko Arizabalo, 1675ean Antonio Ormaetxea, 1767an Diego Foronda, 1770ean Inazio Zubillaga; eta geuk ezagutu genituen, ondoren, Joxe Mari Soraza
bal, Periko Lazkano, Demetrio Egiguren, Eloi Zendoia eta Luis Ibarzabal.
-Nondik nora sortu zen zugan jostunaren ofizioa ikasteko gogoa?
Sortu? Sekula ez! Ezin dut ahaztu nola entzun zen gure etxean behin ofizio horren berri. Antzinako ohiturari jarraituz, urtean behin Azpeitiko herria Arantzazura erromes joaten da. Garai batean sekulako jendetza joan ohi zen, autobusean bidaiak egin beharrean kamioietan egiten zen bidaia, toldoarekin estali eta aulki luzeetan eserita. Gure gurasoek ere egin zuten bi-daia horietako bat hamabost urte nituenean; bueltan ginela, amak galdetu zidan zer ofizio ikasi behar nuen. Arantzazuko Andre Mariak esan omen zion egokia sastre ikasketak egitea zela. Eta jakina, horrela izanda, ezin esan ezetzik…
-Aurrez beste ofiziorik pentsatuta bai?
Pentsatu... hamabost urterekin pentsatu behar nuenik ere ez. Uste nuen nire aitari laguntzen jarraitu beharko nuela bizitza guztian, bere dendan; saltzen zuen generoaz gain, gozokiak, malbazuriak eta parrokiarako kandelak prestatzen baitzituen. Lagundu beharra garbi ikusten nuen, zazpi anai-arrrebak osatzen baikenuen aita Xanti eta ama Inixik sortutako taldea. Bestalde, gogoan dut orduan Ońatin egiten zen Gereka txokolatea banatzen zela gure dendatik herriko beste zenbait dendetara eta Azkoitia, Zestoa eta Errezilera. Lan horretan aritzen nintzen hutsik egin gabe, bidaiak txirringan eginez… Neure ofizioa aukeratzen denborarik galdu gabe. Baina aitortu behar dut, nire amak bere nahia aipatu baino lehen, Donostiako Aurrezki Kutxa Munizipalak sukurtsal bat ireki behar zuela herrian eta horretarako prestatzen nenbilela, han lanpostu bat lortu nahian.
-Gutxi gora behera, inposatutako ofizio bat ikasi behar orduan.
Aukerarik ba al zen ikasketa horiek egiteko Azpeitian? Inposatu, edo niretzat komenigarria iruditzen zitzaien bidea erakutsi zidaten gurasoek. Eta egia esan, nahiko pozik eta gogoz hasi nintzen lanean. Esan bezala, hamabost urte nituen, eta koadrilako beste lagun gehienek bezala, bazen garaia zerbaiti heltzeko.
Herriko Luis Ibarzabal jostunarekin eman nituen lehen urratsak, pare bat urtean bere esanetara izanik. Hasieran dena zaila ikusten nuen, baina gero nahiko ongi konpontzen eta langintza gogoko hartzen joan nintzen, ikasten ari nintzen heinean.
-Baina hasierako bi urteak ez ziren nahiko izango ofizioa ondo ikasteko.
Ezta inolaz ere. Soldaduzka Donostian bolondres egin nuen, eta ofizioa ikasten jarraitu nuen Alfredo Gandia jaunaren esanetara. Ez nuen, ez, erosotasun txarra aurkitu horretarako: izebaren etxean lo egiten nuen eta goizetan bakarrik joaten nintzen koartelera. Arratsaldetan, eta jai egunetan ere bai gehienean, ofizio ikasketak egiten jarduten nuen. Hiru urte eta erdi egin nituen. Baina konturatu nintzen nire ofizioa ondo ikasteko beste zerbait egin beharrean nintzela. Konfekzio eta ebaketa ikasketa egitea gelditzen zitzaidan artean, eta Bartzelonara joan nintzen, bi hilabetez akademian ikasketak egiteko.
-Jaso ditugun datuen arabera, hogeita bat urte gertu ikasketak amaitu zenituen. Eta lanean hasteko garaia iristean zer?
Hori zen nire nahi bakarra, baina lantegi egoki bat izatea benetan zaila zen. Ezin nuen lehen unean lokal bat edo etxebizitza bat erosi. Nire arreba Mertxek eta bere senar Jesus Gesalagak Irintzaile deituriko etxeko bigarren solairuan zuten etxebizitzan hasi nintzen lanean.
-Askotan entzuna dut, Inazio, gauzak az-kar ahazten zaizkizula, baina egin beharreko galdera da honokoa: norentzat egin zenuen lehenengo janzkia edo trajea?
Ezin dut hori ahaztu. Lehen trajea koadrilako Joxe Mari Unanueri eginikoa izan zen, eta prezioa ere gogoan dut: 1.750 pezeta, beharrezko tela nire kontura izanik.
-Gaur egun diru horrek huskeria dirudi, baina orduan traje bat egiteko diru hori lortzea ez zen oso erraza, ezta?
Irabazia ere nahiko huskeria zen… Baina, denbora bat igaro ondoren konturatu nintzen amak aukeratutako bidea egokia zela, gero eta lan gehiago sortzen baizitzaidan. Lanaren poderioz lortu nuen zerbait egokitzea. Arrebaren etxean pare bat urte egin eta lantegi egoki bat prestatzea erabaki nuen. Zerbait arriskatu beharrean aurkitu nintzen, eta etxebizitza bat erostean sortzen diren arazoetan sartu nintzen. Gaur egungo milioirik ez zuten eskatzen, baina, noski, diru sarrerak ere proportzio berean ziren. Zirt edo zart, etxebizitza handia behar nuen, bertan bizi eta lantegi erosoa izateko eta horrela erosi nuen Harzubian, handik eta hemendik dirua lortuta.
-Eta etxebizitza berriari eusteko urte gogorrak igaro behar seguruenik...
Muga gabeko ordutegia lanerako etxearen erosketari buelta eman bitartean. Zorte ona izan nuela aitortu behar dut, lan asko sortu zitzaidan-eta, laguntzeko eta eskaerei erantzuteko bi neska hartu nituen. Goizeko ordu bata edo ordu biak ia egunero, lanari uzterako… Eta nolako lana gainera askotan! Janzki bati probetxu handiagoa ateratzen baizitzaion: nahikoa da esatea ez zirela gutxi izaten buelta eman eta berriro josten ziren trajeak; aitaren janzki edo trajea semearentzat egokituz… Horrelakoetan ikasitako guztia beharrezkoa eta askotan gainera gutxiegi izaten zen.
-Eta etxebizitza batetik denda izatera azkenean.
Harzubiko etxebizitzan sei urtez aritu nintzen lanean, eta garbi ikusi nuen bezeroei ongi erantzun eta berriak aurkitu nahi banituen, derrigorrezkoa nuela lokal bat izatea. Jositako arropak erostearen moda ere gero eta nabariagoa zen, eta alde horretatik ere zerbait eskaini nezakeen nire ofizioa alde batera utzi gabe. Beste abentura baten sartu nintzen 1969an; Pepe Irintzailek salgai jarri zuen, Erdi kalean, aurrez estankoa izandako 56 metro karratuko lokala. Bera erosi nuen, metroko garaiko hogei mila pezeta ordainduta. Beranduagokoak dira gainontzeko aldaketak.
-Ezkontza ordurako guztia abiada bizian eginez orduan?
.1970ko irailaren 5ean ezkondu nintzen, eta gogoan dut oraindik, dendako lehen eskaparatea arreba Mertxek egokitu zuela, ondorengo guztiak nire emazte Juanik prestatu baditu ere.
-Denda zabaldu zenuenean jostun ofizioa alde batera utzi al zenuen?
Ez, ez… 1992ra arte egin dut lan nire ofizioan, ikasitako guztia praktikatuz. Azken trajea, urte horretan egin nuen Epi Larrańaga herritarrarentzat; baina ez lehenengoaren prezioan, 69.000 pezeta kobratu bainizkion. Ordutik ere nire ofizioa lantzen jarraitzen dut, baina ikasitako guztia praktikara eraman gabe, dendan saltzen ditugun jositako arropak ebakiz eta egokituz bezeroentzat.
|