Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abuztuek 30,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2003 »  martxoa »  AEK hemen ere geroa lantzen »  Jorge Arozena Gonzalo

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

“Euskara ikastea zaila da, baina bizitza zailagoa da

-JORGE. Argentinarra da (La Pampa, General Pico herrikoa). 28 urte ditu eta albaitaria da.
-IKASLE. Iaz hasi zen euskara ikasten AEK Mikelats Euskaltegian, aurten ere horretan ari da. 

Jorge albaitaria da, 2001eko ekainean etorri zen Argentinatik, La Pampa probintziako General Pico herritik Azpeitira. Etorri eta lau hilabetera hasi zen AEKn euskara ikasten. “Nire birraitona Euskal Herritik Argentinara joan zen, hortik datorkit Arozena abizena eta orain ni etorri naiz”. Euskara barrutik ateratzen zaiolako, barruak agintzen diolako hasi da ikasten. “Euskara hizkuntza polita da eta nire abizena euskalduna da gainera”. Euskaraz denek hitz egiten ez duten arren, jende askok mintzatzen duela dio, eta hori interesgarria iruditzen zaio Jorgeri.

Piskanaka eta “xuabe-xuabe” ikasten ari omen da. Etxean gutxi ikasten omen du, baina lanean, euskaltegian eta kalean etxean ikasten ez duen hori ikasten saiatzen da. Euskaraz asko ulertzen duen arren, oraindik “indioen moduan” hitz egiten duela dio berak. Baina hala eta guztiz ere, kalean dabilenean eta lanean ari den bitartean euskaraz hitz egiten saiatzen da. “Hori norberak duen gogoaren araberakoa da. Baina lotsarik gabe hitz egiten saiatuz gero, gehiago ikasten da”.

Bere lanbidea dela-eta, baserritarrekin tratu asko du. “Jende desberdina” dela dio Jorgek. Hitz egiterako orduan borroka antzeko bat izaten dute, “gaztelaniaz mintzatzen ez dira oso trebeak, eta ni ere ez euskaraz. Baina denetik dago”. Jorgerentzat euskaraz ondo hitz egitea helburu bat da. Baina, gaur egun ez dauka modu horretara planteatuta. Horrela balitz, etxera joan eta liburuen aurrean jarri beharko lukeela, eta utzi egingo zukeela dio.

Jende askok dio, euskara ikastea zaila dela. Horren aurrean Jorgek arrazoia ematen die, baina “bizitza zailagoa” dela gaineratzen du. Bere iritziz, Euskal Herrian bizitzeko merezi du euskara ikasteak. Baina, hala ere ez du ezinbestekotzat jotzen hemen integratzeko. Eta bere iritziz jende askok horregatik ez du ikasten.

AEKn dagoen giroa oso ona dela dio, nahiz eta adin desberdineko ikaskideak izan bere taldean. Euskaltegira askotan beranduago iritsi arren, ondo konpontzen dela dio. Gustura egongo ez balitz utzi egingo zukeela dio.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak