“Hasieran zelebre sentitzen nintzen ikasleen aurrean”
|
-AMAIA. 25 urte ditu eta azkoitiarra da. Zuzenbideko ikasketak egiten ari da.
-IRAKASLE. Mikelats euskaltegian irakasle 2002ko urrian hasi zen. Azpeitian eta Zestoan ari da euskara irakasten.
|
|
Amaia Zuzenbide ikasketak amaitzen dituen bitartean hasi da AEK-n irakasle. Beraz, ikaslea eta irakaslea da. Iaz, irailean, AEK-ko irakaslea izateko beharrezkoa den Glotodidaktika ikastaroa egin zuen. Eta ikastaroa amaitu eta bi astera hasi zen Mikelats AEK Euskaltegian, Azpeitian eta Zestoan, euskara klaseak ematen. Aurreneko aldia du irakasle moduan ari dena. “22 urtez ikasle izan naiz, eta orain irakasle izatera pasa naiz. Hasieran nahiko zelebre sentitzen nintzen ikasleen aurrean. Baina, orain, oso gustora nabil”.
Amaiak, EGA titulurako eta alfabetatze klaseak emateaz gain lehen urratsetako ikasleen irakasle ere bada. Hasiera batean beldur pixka bat bazuen, talderik zailena tokatu zitzaiolakoan. Baina gaur egun oso gustura sentitzen da bere ikasleekin. “Oso desberdina da lehen urratseko ikasle bati edo alfabetatzen ari den bati euskara irakastea. Lehenengo urratsekoei ulertzeko modurik errazena topatzen lagundu behar zaie, eta besteei berriz arauak irakatsi behar zaizkie, azterketa bat egiteko gai izan daitezen”.
Motibazio aldetik, lehen urratseko ikasleek gehiago motibatzen dutela dio. “Ikasle batzuk lana bilatzeko ikasten dute euskaraz; beste batzuk, berriz, familiakoekin euskaraz hitz egiteko aukera izan dezaten. Arrazoi desberdin asko izan arren denak ezerezetik abiatzen dira eta bi hilabetetan izugarri aurreratzen dute”.
AEK-ko irakasle izatea ez da euskara irakastera mugatzen. Orain Korrika antolatzen buru belarri dabiltza. Horretaz gain Euskaltegiko bilerak izaten dituzte, didaktikari bat ere etortzen zaie hilean behin, eta euskalgintzan diarduten eragileekin harremanak mantentzen saiatzen dira, hala no-la, Baite Euskara Elkartearekin, Uztarria kultur koordinadorako taldeekin...
Ikasleekin duten tratua nabarmentzen du Amaiak. Hilean behin kultur ekintza bat egiten dute, talo ikastaroak, afariak, irteerak.... Horrela, ikasleekin harremanak lantzen dituzte, eta orain arte lortutako emaitzarekin gustora dago. Lagun giroa egon arren ikasleek ondo bereizten dutelako lana noiz egin behar duten eta noiz ez.
|