Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 24,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2003 »  martxoa »  Herrian ere oztopo ugari emakumeei

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Emakumeak

Herrian ere oztopo ugari emakumeei

Nerea Aranburu

Azpeitiko Emakume taldeak kanpaina berria du martxan, herrian emakumea “erasotua” den guneak salatuz

Emakumeak historian zehar beti sufritu izan ditu erasoak. Bizitzako hainbat arlotan zapaldua, baztertua eta aldi berean erasotua izan da. Egunero entzuten eta irakurtzen ditugu komunikabide desberdinetan emakumeen aurkako erasoei buruzko albisteak. “Emakumeek pairatzen, sufritzen dituzten erasoetaz mintzo garenean, ez gara bakarrik tratu txar fisiko eta sexualitatera mugatzen. Emakume bat, emakume izateagatik diskriminatua izaten den bakoitzean, erasotua da. Beraz, eguneroko bizitzako zenbait arlotan, bai lan munduan, kirol arloan, komunikabideetan, hezkuntzan eta abar emakumeak erasotuak eta diskriminatuak dira”.

Hau dena salatu asmoz, Azpeitiko Emakume Taldeak otsailean beste kanpaina bati ekin zion: “Azaroaren 25ean hain justu, Eraso Sexisten Aurkako eguna ospatu zen. Egun horretan, hainbat ekintza egin genituen kalera begira dagoen arazoa salatzeko, eta hori izan zen nolabait ondorengo ekintzen abiapuntua. Orain, otsailean beste kanpaina berriarekin hasi gara”.

KANPAINAREN ARDATZA. Azpeitiko Emakume Taldekoek kaleratu berri duten kanpainaren helburu nagusia, emakumeak erasotuak diren herriko guneak kaleratzea da. Atera berri dituzten karteletan Azpeitiko mapa bat agertzen da eta mapa horretan herriko zenbait puntu zehatz ikusten dira markatuta, “Azpeitiko emakumeak e-rasotuak diren gune beltzak”. Emakumeak erasotuak izateko aukeragatik lasai ibili ezin diren tokiak dira hain juxtu ere markaturik daudenak. “Nahiz eta mapan agertzen direnak nagusienak eta garrantzitsuenak izan, ez dira dauden bakarrak”. Gune beltz horien barruan sartzen dira, besteak beste, eliza katolikoa, ikastetxeak, osasun zentrua, epaitegia eta industri guneak. “Elizaren kasuan, balore kontserbadoreak mantenduz, sexualitate askea bizitzea debekatuz. Ikastetxeen kasuan, emakumeon lorpenak historiatik ezabatuz eta kulturan izan dugun eragina gutxietsiz eta industri guneetan, egiten diren zabor kontratuak eta generoagatik dauden lan banaketak eta soldata baxuak, besteak beste”.

Emakume Taldekoak egiten ari diren ekintza guztiak ardatz baten inguruan kokatuta daude: “emakumeok sufritzen ditugun erasoak salatzea”, dio taldeko kide batek. Baina egun horretaz gain, urteko beste egunetan ere “salaketa egin behar da, jendeak oraindik arazoa hor dagoela jakin dezan eta konturatu daitezen erasoen kontua eguneroko gaia dela”. Horren denaren helburua, azaroak 25eko eguna orokortzea da. “Baita herriari erasoen gaiak nola eragiten dion ikustea ere; eta aldi berean, eraso sexisten gaia zabaltzea nahi dugu, emakume orok eguneroko bizitzan sufritzen dugun zerbait delako. Garbi geratzen da berdintasunaren bidean denok eman behar ditugula urratsak”.

KARTELEN ERAKUSKETA. Martxoan beste ekintza batzuk ere antolatu ditu Azpeitiko Emakume Taldeak. Horien artean, martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko eguna ospatzeko egingo diren ekitaldiak. Egun horretan, eguerdian, Azpeitian kontzentrazioa egingo da eta arratsaldean Do-nostiako manifestazioan parte hartzeko deia luzatuko dute. Emakume taldekoek kartel erakusketa bat ere egingo dute, martxoaren 5etik 12ra bitartean Betharra-metan. Erakusketan, Emakume Taldeak orain arte atera dituen kartelak izango dira ikusgai, eta baita, urtero antolatu duten martxoaren 8rako kartel lehiaketako irabazlearen lana ere —aurten hirugarren aldiz antolatu dute—.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak