Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 5,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2003 »  martxoa »  Iritziak »  Elias Mendinueta-Mirari Bereziartua

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Zenbat buru, hainbat aburu

Zergatik aukeratu Ikastola?

Elias Mendinueta-Mirari Bereziartua (Ikasberri Azpeitiko Ikastolakoak)

Gure seme-alaben hezkuntzarekin erabakiak hartu beharrean aurkitzen ari garen urte sasoi honetan beharrezkoa dugu guztiok gure erabakiak norantza eramaten gaituen jabetzea.

Ikastola, memoria historikotik hasiz eta etorkizuneko erronkari eutsiz, Nafarroa Osoa/ Euskal Herriaren eskola nazionala egiten. Euskal Herriak, herri guztiak bezalaxe, hezkuntza zerbitzua antolatu beharra dauka bere nortasuna bermatzeko. Hitz gutxitan esanda: gaur egungo euskaldunak egiteko helburua du-en eskola nazionala eta unibertsitatea. Eta hori euskara irakastea baino zerbait gehiago da.

Estatu guztiek antolatzen dute hezkuntza sistema norbere herriaren nortasuna gordetzeko. Estatu frantsesak, frantsez nortasuna eta estatu espainolak, espainol nortasuna bermatzen dela kontrolatzen dute.

Estatu espainolak erreforma politikoa egin zenean Estatutoaren bidez eta ondorengo garapenean, beti zaindu izan du estatuko biztanle guztien espainoltasuna bermatzea.

Autonomia estatutoen bitartez zenbait ahalmen ematen joan badira ere Espainiako eta Frantziako gobernuak gero eta ausartagoak izaten ari dira beraien nortasuna bermatzeko mekanismoak eta jarrerak inposatzerakoan.

Eskola eremuari dagokionez, argi ikusi bagenuen 1993ko Erkidegoko Euskal Eskola Publikoaren legean, zer esanik ez, PPren eskutik ondoren etorritako legeetan eta datozen dekretuetan. Horregatik, dena berdina ez delako, 1993-an izena eta izana mantenuz Ikasberrikoek eutsi genion ikastolari, bailaran bakarrik geldituz.

Euskal Herriak ez du osorik hartzen duen administrazio propiorik. Historikoki Europan izan genuena, eta indar militarrez kendu zitzaiguna, ez bakarrik ez dugu errekuperatu, baizik eta horrez gain, nola izan zen ahaztu eta nahasteko egoeraraino ekarri gaituzte.

Argi dago, zerbait nahi izateko lehenengo ezagutu egin behar dela. Horregatik ezin du inork Pirineoetako herri zahar horren kide bezala harro sentitu, eta hori aldarrikatzeko jarrera izan, ez badu ezagutzen, bera, herri horretako kide denik ere.

Zenbaitengan, gehienez ere iraun duen sentimentu bakarra euskararekikoa izan da eta horren arabera gabiltza bidea egiten.

IKASTOLA ETA HERRIGINTZA. Ikastola, herrigintzan, Euskal Herriaren eskola nazionala egiten: geure herria erreferentzia izanik, herritarren eskutik, herritarrentzat.

Ikastolen prozesu historikoari begiratuta argi ikusten da ikastolen etorkizuna erabat lotuta doala Euskal Herriak nazio bezala bere burujabetza lortzeko daraman prozesuarekin. Eta bide horretan herritarrak ez gara geldirik egon.

Ikastolen ibilbide historikoan herritartasuna du ikastolak bere ezaugarri nagusienetakoa. Beraz, helburua bada euskaldunak egitea, bai helburu horri, eta baita hori lortzeko martxan ipintzen den funtzionatzeko moduari dagokion ezaugarria da herritartasuna. Biak elkar loturik. Hau da, helburu nagusia bermatzen dela kontrolatzeko, euskal herritarrei eskaintzen zaien zerbitzu publikoa, herritarrek beraiek zuzenean zaintzen dutena.

HIRU ERRONKA. Ikasleekiko jarrera aldaketa, gurasoen papera eta pertsonal konprometitua: hiru erronka nagusi.

Horrez gain eta horren harira, badira beste zenbait ezaugarri garrantzitsuak direnak. Bat euskal nortasuna bermatzearena bada, bestea geure ikasleekiko jarrera da. Hain zuzen ere beraien etorkizuna burua altxaturik, norbere buruaren jabe izaten ikasten lagunduko dien jarrera. Beraz menpekotasuneko jarrerak ez dute lekurik izan behar gure ikastoletan.

Eginkizun horretan, bestalde, izugarri garrantzitsua da, proiektu horrekiko bertako pertsonal guztiaren atxekimentua lortzea.

Eta hori guztia bermatzeak hezkuntzan suposatzen duen eraldaketa benetan eman dadin, ezinbestekoa da gurasoek proiektu guzti hori eskutik eramatea.

Ikastolok, gurasoek zuzenean erabakitzeko ahalmen hori duten zentru bakarrak gara. Eta hori izan da, ez bakarrik baina bai nagusiki, historikoki, ikastolaren mugimendua momentu gordinenetan ere bizirik mantendu duena.

EKARPENA. IEuskaldunok, hezkuntza eremuan egin dugun ekarpen original hau, geuk uste baino garrantzitsuagoa delakoan gaude. Batez ere munduan zehar lurralde txikietan hedatzen diren herri zaharrak beraien nortasuna gordetzeko behar duten antolaketan.

Hori guztiagatik, oraindik, Euskal Herriak bere Eskola Nazionala eta Unibertsitatea izateko, ikastolak beharrezkoak dituelako, eta seme-alabak, euskaldunak izan eta hezkuntza onena ja-sotzeko merezi du ikastolaren aukera egiteak.

Gogoeta hauek egitera bultzatzeko antolatzen dugu berriro ere aurten Azpeitian bigarren Euskal Eskola Nazionalaren aldeko eguna martxoaren 30ean.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak