|
|
|
Hariari tiraka
Begirada eta zu
Manex Beristain
2003ko martxoak, baditu hainbat egun aipatzeko modukoak. Badira egunak egutegian kolore gorriz edo atentzioa ematen duen beste kolore batez margotzeko modukoak. Agian norbaitek urteak ospatuko ditu, agian txotxen bat edo beste izango dugu herrian edo martxoaren 8an, emakumeen eskubideak defendatzera irtengo gara kalera. Nork daki, bere eguneroko egutegian zein egun izango dituen gorriz markatuak, gori-gori, lehertze eguna iritsi zain. Kasu honetan, istorio honetako pertsonaiak gorriz jantziko zuen egun edo hobe esanda, gau hura, gorriz edo atentzioa emateko beste kolore batez, eta ez da gutxiagorako.
Mozorro festa ere badator gurera, urtero bezala eta orain dela zenbait inauteri gertatutako pasadizo bati buruz jardungo naiz ondorengo lerroetan. Gure herriari buruz kanpoko ahotsek asko busti gaituzte, gure izateko eraren nondik norakoaz, gauetako festa giroan erakusten dugun geldotasunaz, jendearekin mantentzen dugun distantziaz eta beste zenbait etiketa jarri dizkigute hainbat unetan. Baina horrelako kontuak etiketa soilak dira, ezbairik gabe.
Ilargi betea zegoen gau hartan. Begiak itxita ere argi eta garbi nabari zitekeen pilota argiztatuaren isla zuria. Olazko Amaren Plazan zuen hitz ordua bere kideekin. Ordu laurden berandutu zen, takoi finetara ohitzeko ez zuen azken astean denborarik eduki eta segurtasun falta hark pausajea nabarmen moteldu arazi zion. Hori gutxi balitz noizean behingo pauso laburrak, luzeagoekin konbinatzeko ere arazoak zituen, izterrak besarkatzen zizkion minifalda zela medio. Kopetan behera erortzen zitzaizkion ile kizkurrak, dantzan ibiltzen zituen aldizkako putzaldiekin. Aurpegian aldiz, koadro oso bat margotzeko adina pintura itsatsia zuen, zirkoko izar baten tankera hartzen zitzaiolarik, emakume eder batena baino gehiago.
Kalea jendez gainezka zegoen inauteri gau hartan, begiradaz josita eta basoetako izotzen taupadak ozen entzuten ziren herriko karrika nagusian. Begiradak alde guztietan galtzen ziren, beste begirada batzuen bila eta ordainetan bestearen begirada edo keinu adierazkorren bat jasotzeko esperoan. Pailazo baten begirada, India batena, Azpeitiar batena, espermatozoide batena eta nola ez ile kizkurra begietan korapilatzen zitzaion harena. Guztien begiradek bazuten halako berotasun bat, ezin zena bere osotasunean jaso, ez bazitzaion hartzaileari zuzenean iristen. Begiradak ez ziren koherentzia batez banatzen, ez ziren guztien begietara iristen, aurkitu egin behar ziren, bila joan eta bi begiradak elkar aurkitzen zutenean, inguruko begiradak desagertu egiten ziren, zarata desagertzen zen bezala eta bi begiradek espazio osoa okupatzen zuten.
Halako zerbait gertatu zitzaion ile kizkurra begietan korapilatzen zitzaion gure lagunari. Musikaren garrasiak komunikazioa eteten zuen taberna batean aurkitu zuen bere begien asegarri izango zen begirada. Begi berde haiek ez ziren inoiz ixten, udako leihoen antzera tabernako argi musikatuen zaporea barneratzen zuten, are ederrago eta distiratsuago eginez. Gorputza mugitzeko modu hark erabat moteldu zuen gure laguna eta tabernan sortu ohi ziren distantzia laburrak, oraindik ere laburrago egin nahi zituen. Begi berdeak gero eta gertuago nabaritzen zituen, koloreaz gain, begi barruko ilargi beltza atzeman zezakeelarik. Ile kizkurra begietan korapilatzen zitzaion mutikoa gero eta urduriago aurkitzen zen, bere aurrean, argien ezpatek itzalak sortu zituzten une berean, mozorroa atzeman baitzion begi berdedunari. Azpeitiarrez mozorroturik irten zen kalera astero bezala begi berdedun mutil hura eta ez zuen arazorik izan irribarreak eskuratzeko edo muxuren bat edo beste eman eta jasotzeko.
Mozorro festan bezala, urteko egun guztietan distantziak labur, irribarreak bero eta begiradak sarkor bihurtzen dira gure herrian. Intentzioak, bizitzako arlo guztietan emaitzak biderkatzeko gaitasuna izan dezake, dudarik gabe. Itxoiten egon ezkero ez zaigu inoiz begiradarik gerturatuko. Aldiz saiatu ezkero, agian ez zaigu begiradarik gerturatuko, baina agian bai. Distantzia soilik fisikoa izatea lortu behar dugu, pausoen bidez gainditu beharreko zerbait. Animu eta ondo pasa mozorro festan.
|