Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 24,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2003 »  martxoa »  Iritziak »  Ezkustan haize errotak

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Zenbat buru, hainbat aburu : amuko zubitik

Ezkustan haize errotak

Jabier Altuna

Ni gazteagoa nintzenean, ekolojista mugimenduak enerjia eolikoa bultzatzen zuen; hortik zetorrela etorkizuna mila aldiz entzun genuen. Gaur egun, aldiz, enerjia eolikoa bultzatu nahi duten proiektuak kritika eta oztopo gehiegi jasotzen dituztela esango nuke; adibidez:

-Enpresa pribatuak bultzatzen dituzte proiektu hauek dirua irabazteko asmoz, industri-proiektu bihurtu dira. Ados nago, ahal izanez gero instituzio publikoen esku egon behar lirateke gauza horiek.

-Gehiegizkoa litzateke gainera gure mendi tontorrak horretarako uztea; ados hemen ere, ezin dira edozein lekutan ipini.Nik behintzat, Xoxoten ez nituzke onartuko.

Baina ezetz esatea ez da nahikoa; ez eta ez, beste aukerarik aurkitu edo eman gabe ibiltzeak gauza bat dakar: Bushi lehendakaritza lortzeko laguntza eman dioten petrolio enpresek eta hemen, Espainiako estatu mailan, zentral nuklear gehiago behar ditugula esaten dutenek horixe bera lortzea. Esaten dutenez, urtero-urtero energia beharra ez dakit zenbat hazten den, eta horri aurre egiteko energia nuklearra eta petrolio ekoizpena gehitu behar dira; hau Amazonian, Alaskan edo Antartikan izatea ez zaie ezer axola. Guk ez genuke esan beharko: “uff, urruti zeudek leku horiek; zer axola zaiguk bada, Antartika zulatzea edo ez dakit non zentral nuklearrak irekitzea”.

Euskal Herrian ere gehitu da energia beharra eta horren aurrean gure zatitxoa eskaini beharko genuke; “Xoxoten ez” esango dugu azpeitiarrok, bergararrak “Elosun ez”, berriz... etenik gabeko katea; baina nonbaiten zerbait egin beharko genuke.

Esan bezala, gazteago nintzenean, lagunekin Etxe Zuri aldera jeisten ginen eta han ia beti haize zakarrak hozten gintuen. Ordundik pentsatu izan dut hor nonbaiten jarriko nukeela haize errota bat.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak