Zenbat buru, hainbat aburu
: Hausnartzen
Maiatzeko udal hauteskundeez hausnartzen
Miren Odriozola
GAIA: ‘Maiatzeko udal hauteskundeak’. Zein da azken urteetako balorazioa? Nolakoak izango dira hauteskundeak? Zilegitasunik ba al dute Batasunak ezin badu aurkeztu?...
Datorren maiatzean udal hauteskundeak izango dira: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako batzar nagusietakoak eta Nafar parlamentuko hauteskundeak, hain zuzen ere. Lau urtetarako herritarrengandik gertuen diren instituzioetako ordezkariak aukeratzeko parada. Hego Euskal Herriko herrietatik Udalbiltzan parte hartuko duten herritarrak izendatzeko aukera. Hego Euskal Herrian alderdi eta mugimendu ezberdinen jarduera markatuko duen mugarria beraz.
Ez dira ordea hauteskunde hauetan parte hartu nahi duten bakarrak. Estatu espainiarrak Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako herritarren aurrean bere agintea agerian uzteko erabakia hartuta baitu. Lehenik Batasunaren suspentsioaren bidez eta laster, erabakia duten ilegalizazioaren bidez, euskal herritarron hitza isildu nahi dute. Demokraziaren kontzeptu bitxia erakutsi nahi digutena!
EUSKAL HERRIKO ESKUBIDE URRAKETA. Euskal Herrian pairatzen den eskubide urraketek beste urrats bat gehiago izan dute.
Gaur, oraingoz, 200.000 herritar inguruk ez dute beren ordezkaririk aukeratzeko aukerarik izango. Eta urrats bat gehiago dela esaten dugu. Euskal Herriak bizi duen gatazkaren ondorioak larriak baziren, hildakoak, torturak, mehatxuak, atxilotuak,... Estatu espainiarrak euskal izaera izan dezakeen guztiaren desagerketaren aldeko apustua egin baitu. Duela egun gutxi Euskaldunon Egunkaria-ren aurkako erasoak, eta lehenagotik Egin-en, AEK-n, Haika-n, Askatasuna-n, Ekin-en, Segi-n, Batasuna-n, Zabaltzen-en, hainbat kultur elkartetan, Xaki-n,... eginiko erasoek erakusten duten bezala.
Azken finean, estatu espainiarrak Euskal Herriaren asimilazio prozesuaren azken fasea martxan jarri du eta ondorioz, Euskal Herria bere osotasunean eta eskubide guztiez horniturik eraiki nahi duten oro dute jomugan.
DEMOKRAZIA. Panorama honetan datoz bada maiatzeko hauteskundeak. Demokraziaren adierazpen behinena omen diren hauteskundeak. EAJ-EA koalizioak batera joatea erabaki duten honetan azaldu beharko dute zertan den beren proiektu abertzale demokratikoa. 200.000 euskal herritarrek beren ordezkariak aukeratu ezinean gelditzen badira, nola bermatuko dituen beren eskubideak. Zein zilegitasun demokratiko ematen dion horrela gertatzen diren hauteskundeei.
Ez gaitezen engainatu. Hauteskundeetan parte hartzea ala ez erabakitzea edo irtenbiderik bilatzea, ez dagokio ezker abertzaleari. Hala balitz erabakia hartua legoke honez gero. Baina hortxe dago arazoaren muina, Euskal Herriak eta euskal herritarrek ez dute erabakitzeko ahalmenik, az-ken hitza beti dago Madrilen edo Parisen. Eta hortik letorke ere irtenbidea, zein tresna eta konpromiso hartzen ditugu euskal herritarren hitza eta erabakiak errespetatu daitezen.
Argi izan ezkertiar eta abertzaleok, direnak eta bi eginen ditugula bizitzako esparru guztietan egoteko, baita hauteskundeetan ere. Euskal herritar guztioi dagokigu ordea eskubide hori bermatzea.
ETORKIZUN BERRI BATERAKO. Argi ikusten baitugu etorkizun berri baterako ezinbesteko dela ez-kertiar eta abertzaleon konpromisoa eta lana, baita Azpeitian ere. Azken urteetan udaletxetik eman den jarduerak agerian uzten du hori. EAJ-EA-k Azpeitian landu duten proiektuak ondorio larriak utzi ditu: etxebizitzak herritar orok bizitzeko beharrezko duen aterpe izan beharrean, gutxi batzuen eskura dagoen luxuzko produktu bihurtu ditu. Espekulaziorako produktu izarra. Herriko bizitzan parte hartzea erraztu beharrean oztopoz beteriko saiakera da gaur egun.
Urteak pasatu arren eta proiektu ezberdinak aurkeztuta ere, Kultur Etxeak amets bat izaten jarraitzen du, kultur arloan lanean ari diren herritarren jarduera erabat baldintzatuz. Gazteek beren denbora antolatu eta egoera aldatzeko gunerik ez eskaintzeaz gain, ukatu egiten zaie, eta nahiago dute zementuarekin tapatutako lokal hutsak ordaintzen aritzea erabilpenik ematea baino. Euskararen normalkuntza edo biziberritzeko planetarako euskalgintza ez dute inondik inora kontuan hartu nahi......
Berebiziko erronka dugu beraz datorren maiatzerako. Asko dugu jokoan. Proiektu ezberdinak izan ditzakegu eta ditugu. Baina denok jokatu ahal izateko joku-kanpoa ezinbestekoa dugu Euskal Herriak etorkizunik izango badu behintzat. Gu prest gaude. Eta zu?
|