Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 9,  ASTEAZKENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2003 »  martxoa »  Iritziak »  Alaitz Olaizola

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Gai librien

Mutiko beltzarana

Alaitz Olaizola

Duela hamar urte, San Inazio batzuetan, mutiko gazte beltzaran bat ezagutu nuen kalean, maindire baten gainean zituen erloju eta larruzko kapelak saltzen ari zela. Kapela haietako bat izugarri gustatu eta egunero geratzen nintzen ezpain handi eta hortz zuriko gaztearen ondoan. Hitz egiten hasi ginen eta konturatzerako lagun egin. Erdara baldarra erabiltzen zuen eta noski, euskararik batere ez.

Urte berean edo agian urte bete lehenago, Mohamed eta Mustafa arabiarrei, gogoan dut, gurasoen etxetik hartutako ogi zatiak nola eramaten nizkien. Beti ondo hartua izaten nintzen edo horrela uste izan dut behintzat beti. Festak amaitu baino lehen, pultsera bana eman zidaten opari.

Arabiarren berririk ez nuen gehiago izan baina mutiko beltzarana hurrengo urtean ere toki berean topatu nuen. Jada, postu osatuagoa zeukan eta autoa, zaharra bazen ere. Eta ondo jandako gizonaren itxura zeukan. —Ezagutu nuenean askoz ere argalagoa zegoen—. Solasaldi luzeak izan genituen orduan, jarraian etorri ziren bost edo sei San Inaziotan bezalaxe. Euskara ederrean mintzatzen zitzaidan eta harrituta entzuten nion nik. Euskaltegian ikasi zuela esan zidan, hemen inguruko herri batean bizi zela, baina bere Senegal faltan botatzen zuela eta lehenago edo beranduago bertara itzuli nahi zuela. Bere bizi baldintzak erabat hobetu zirela jakin ahal izan nuen gero, eta ez dakit inoren ongizateagatik sekula horrenbeste poztu ote naizen. Euskal Herrian bezain ondo inon ez zutela hartu esan zidan behin, hemendik kanpora ere ibilia zela eta hemen bezain ondo inon ez zela sentitu.

Urte gutxian, gauzak asko aldatu dira ordea, eta Azpeiti aldaketa honen lekuko garbia da. Duela urte gutxi, bakarrak ziren horrekin edo, de paso zeudela pentsatuta, ez zitzaizkigun gehiegi axola. Arraza eta kolore ezberdinekoak alegia. Orain, gauzak asko aldatu direnean eta elkarbizitzarako aukera eskaini zaigunean, bada guztiongan zerbait, pausoa aurrera eman beharrean atzera eman arazten gaituena, gure eta etorkin direnen kalterako.

Aurrez aipatutakoak adibideak baino ez dira eta ez dute ezer frogatzen baina azalean bizitako pasadizuek, nor bere herrian atzerritar sentitzera nola bultza dezaketen demostra dezakete, pena handiz.

Gizakion intentzio naturala, inguruari egokitzearen aldekoa dela esango nuke, hau baieztatuko duen teoriarik ezagutzen ez badut ere. Eta ahalegin honek, borondateaz gain, inguratzen dutenen babesa behar du, elkarbizitza positiboa egingo bada. Hiri handiei beti egotzi izan zaie auzokatze eta taldekatzearen joera bultzatzen dutela eta lagun batzuekin gai honen inguruan solasean aritu eta gero, joera naturala horixe dela ondorioztatu genuen. Hiriak handiak dira ordea eta horrela bizitzea eramangarriagoa gerta daiteke, herrietan ez bezala. Gettoak gustuko ez baditugu, integrazioaren aldeko apustua egitea ezinbestekoa dela esango nuke eta gurea bezalako herri batean, lehenago edo beranduago denok egin beharreko zerbait izango da hau.

Gure hizkuntza eta nortasuna mantendu nahi baditugu, etorkinekiko zenbat eta joera irekiagoa izan, orduan eta errazagoa izango da eta berdin alderantziz. Zerk egiten gaitu euskaldun? Hemen jaio izanak, abizenak...?

Bizipen txarrak ere asko dira baina baita auzokidearekin ditugunak ere! Beraz, kolore kontua baino, pertsona kontua gehiago dela esango nuke nik. Fobiek beldurrez betetzen dute gizakia eta beldurra gizakiaren etsairik okerrena izatera iritsi daiteke.

Proposa dezagun eztabaida ireki bat gai honen inguruan eta hurbildu ditzagun ikuspegi desberdinak. Xenofobia, beste hainbat fobiarekin batera, gainditu gabeko ikasgaia dugula esatera ausartuko nintzateke. “Ni ez naiz arrazista” esaten dugun bakoitzean,—sarritan seguru— pentsatu gero: “seguru?”

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak