Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko maiatzak 17,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2003 »  otsaila »  Gero eta preso gehiago

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Presoak

Gero eta preso gehiago

Nerea Uranga

Gaur egun sei azpeitiar preso politiko daude kartzeleratuak Espainian eta Frantzian. Orain dela sei urte bi zeuden.

Azpeitian 1989an, bi euskal preso politiko zeuden: Juan Carlos Arruti Paterra eta Xabier Bereziartua. Gero Xabier zigorraldia bukatu eta kalera atera zen. 1996an Joxin Arruti kartzeleratu zuten —urte berean irten zuen baina 2000an berriro sartu zuten—. 2001ean Garikoitz Etxeberria Kafe. Iazko abenduan Gotzon Aranburu. Eta aurten, berriz, Xabier Etxeberria Txapi eta Jabi Agirre atxilotu ditu Frantziako Poliziak eta preso daude. Beraz, jadanik sei azpeitiar preso politiko daude. Seirak, Euskal Herritik kanpoko kartzeletan. Azpeitiko Askatasunak egoera horren aurrean egiten duen irakurketa laburra da: “Errepresioa areagotu da”.

Elkarte horren iritziz, “errepresioaren bidetik Euskal Herrian bizi den gatazkaren luzapena dator. Errepresioa gogortuz doa, epaiketen bidez eta abar, Frantziako eta Espainiako estatuen aldetik...”.

EPAIKETAREN ZAI. Garikoitz Etxeberia Kafe 2001eko martxoan atxilotu zuten, Azpeitian, Haika gazte erakundearen aurka Espainiako Poliziak egindako operazioan. Bi urte daramatza kartzelan eta oraindik epaiketarik ez du izan.

Gotzon Aranburu, Espainiako Poliziarekin Madrilen izandako tiroketa batean atxilotu zuten abenduan. Larri zauritu zen, erietxean inkomunikatuta eduki zuten. Haren senideek medikuaren bidez jaso zuten bere egoeraren berri. Gero Gotzon erietxetik kartzelarako bidean, senideen esanetan, “ia ezin oinez ibilik zela kolpatu egin zuen Espainiako Poliziak”. Orain, Valdemoroko kartzelan da.

Azpeitiar azkeneko preso politikoak Xabier Etxeberria Txapi eta Jabi Agirre dira. Biak ihesean ziren 2001eko urritik eta aurten, urtarrilean, Frantziako Poliziak atxilotu egin zituen Frantzian, Bourges herrian. Senideen esanetan, “gogorra izan zen atxiloketa”. Abokatuaren bidez senideek jakin dutenez, atxiloketako unean kolpe gogorrak jaso zituzten.

Biak Frantziako kartzelatan daude. Jabi dagoeneko kartzelaz aldatu dute: Fleury Merogis-etik Villapinte-ko kartzelara. Txapi dagoen kartzelan —Fresnes— euskal presoek egindako borrokaldiagatik zenbait eskubide lortu berri dituzte. Besteak beste, gizonezko euskal preso politiko guztiak bi modulotan banatuta egotea, eta emakumezkoen kasuan denak modulo batean egotea. Euskal presoen ziegak ondoan egotea hitzartu dute. Bisita denbora, berriz, bikoitza izango dute: ordu eta erdikoa.

Dagoeneko sei azpeitiar preso politiko, beraz. Datu adierazgarria da.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak