Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 24,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2003 »  otsaila »  Gero eta preso gehiago »  Lagunen eta senideen larrutik

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Lagunen eta senideen larrutik

Bidaia luzeak egiten dituzte denbora gutxiko bisitarako.

Kartzela bakoitzean kontuak desberdinak dira. Joxin Arruti da Azpeititik gertuen dagoen preso azpeitiarra. El Dueso kartzelan dago, Santońan (Cantabria). “Autoz lasai joan eta bi orduko bidea dago.

Horixe da beste presoekin alderatuta Joxin dagoen kartzelak duen abantaila bakarra”, dio Joxe Mari Aizpuru Etxahun lagunak. Baina kontuak lehengoaren aldean estutzen ari omen zaizkio Joxini. Janaririk ezin zaio sartu eta bis a bis-etan lagunen bisitaldiak kenduko dizkiote, senideen bisitaldiak bakarrik utzita. “Lehen lagunok harekin bis a bis-a izateko aukera genuen, baina orain hori murriztuko diote. Hamar lagunek udaletxera joan eta agiri bat lortu beharko dugu. Orduan hamar lagun horietara mugatuko da bis a bis-erako aukera”.

Azpeititik urrutien, berriz, Juan Carlos Arruti Paterra dago: Cadizen, Puerto Santa Mariako kartzelan. Autobusez hamabi orduko bidaia dago eta joan-etorria 84,14 euro kostatzen da. “Bisitak astero izaten ditu, larunbatetan, 40 minutukoak. Bis a bis-a, berriz, hilean bat du, bi ordu eta erdikoa. Bi erako bis a bis-a izateko aukera du: senideena edo intimoa”, dio Paterra-ren anaia Jose Ignaciok.

Garikoitz Etxeberria Kafe eta Gotzon Aranburu Madrilen daude; lehena Alcala de Henaresen eta bigarrena Valdemoron. Biak Azpeititik 500 kilometro. Lau ordu eta erdi-bost orduko bidea egin behar izaten dute senideek eta lagunek bisitarako. “Astero 40 minutuko bisitarako aukera du eta hamabostean behin ordu erdiko bis a bis-a. Bidaia bakoitza 59 euro inguru kostatzen da. Donostiatik furgonetak ateratzen dira presoen senideentzat, baina berehala betetzen dira”, dio Mari Carmenek, Garikoitzen amak. Hamabostean behin Garikoitzi pakete bat sartzeko aukera dute: “Arropa nahi adina eraman diezaiokegu, baina jana gailletak (lehorrak), txokolatea eta fruitu lehorrak zurituta besterik ez”.

Xabier Etxeberria Txapi Fresnesen dago, Paris ondoan. Senideek aurreneko bisita otsailaren 15ean egitea espero dute. Atxilotu eta lehen hilabetean bisitarako aukerarik ez baitago. Atxiloketaren unean Txapi-ri betaurrekoak apurtu zizkiotenez, senideek Olarra presoaren sendiaren bidez bidali zizkioten betaurrekoak —arropa ere bai—, baina betaurrekoak sartzen ez zieten utzi, epailearen baimenik ez zeukalako.

Jabi Agirre, atxilotu ondoren, Fleury Merogis-eko kartzelara (Paris ondoan) eraman zuten, baina astebetera Ville-pintera aldatu zuten. “Orain urrutiago dago, eta, gainera, bertara zuzen doan autobusik ez dago. Bi tren, metroa eta bi autobus hartu beharko ditugu”, dio Maiderrek, Jabiren arrebak. Kartzelaz aldatu zutenetik ez dute Jabiren berririk eta ez dakite noiz izango duten aurrenekoz bisitatzeko aukera.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak