Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2010ko martxuek 15,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2003 »  otsaila » 

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Kultura

Patxi Altuna, euskalgintzan atzetik zetozen eta datozen gazteei bideak azaldu eta ireki dizkien jesulagun nekaezina da. Hona Uztarriak Josune Etxeberriaren eskutik egindako biografiaren bi zati. (Biografia osorik uztarria.com-en)

Josune Etxeberriak egin du Patxi Altunari buruzko liburuxka biografikoa. Azpeitiarra da Josune (1975), euskal filologia eta irakaskuntzan ari da lanean Iraurgi ikastetxean. 
-LIBURUA: "Patxi Altuna"
-IZENBURUA: "Nolanahi ere, maisu"
-EGILEA: Josune Etxeberria
-ARGITALPENA: Uztarria Kultur Koordinadora
-AURKEZPENA: Otsailaren 8an aurkeztuko da. Aitonenan, 12:00etan
-GENEROA: Biografia
-SALNEURRIA: 7 euro
-SALTOKIAK: Azpeitiko liburudendak eta tabernak
 
 
 
 

ERABAKI BEHARRA

Xabierren azken urtean zeudela, Mendekoste egunean Loiolara eraman zituzten, aurreko urtean Xabierren lagunak izanak eta orduan nobizio zirenak agurtzera. Nolabait ere hurrengo irailerako gonbidapena edo luzatu nahian.

Xabierren enbidoa argi eta garbi bota zioten eta Patxik jada erabaki beharra zuen. Urteak zeramatzan jesuita izan edo ez, buruan zerabilela; baina azken urte honetan luzamendutan ibili gabe, zirt edo zart egin behar zuen.

Behin, bosgarren mailan zegoela, gosaldu ondoren logelara igo zen ohea janztera, eta han zegoela aita Amezola joan zitzaion eta galdetu zion: “*Oye, Altuna, ¿Qué te pasa? !Te veo triste!*” Patxik: “*Pues sí. No sé, estoy pensando ser jesuita, no sé. Tengo miedo*”.

Bosgarren mailan zalantza honek zeharo arduratzen, beldurtzen bazuen, zer esanik ez seigarren mailan, Xabierko azken urte hartan. Beldurrak beldur, Xabiertik alde egiterako hartua zuen jada erabakia. “Nobizio sartzea kosta egin zitzaidan. Gauza asko ikusten nituelako nire inguruan lehen ikusten ez nituenak eta gazte bati tira egiten ziotenak: futbol taldea, hondartza, neskak,... Garai hartako gazte batek izan zitzakeen gauza guzti horiek eta jesuita batek izan ez zitzakeenak. Bestetik, etorkizun ona ikusten nuen eta ikasketak asko gustatzen zitzaizkidan... Gainera bokazioa ordurako etxetik banekarren, eta Xabierren azken aurreko urtean geundela Burlatara eraman gintuzten gogo-jardunetara eta egun haietan meditazio gai izan genuen Lukasen “Jesus Emausko ikasleei agertu” pasarteak oso barruan ukitu zidan”.

Uda gainerakoen tankerakoa izan zen: xabiertarrekin mezetara joan, Loiolara lantxoren bat egitera, Imperio-n jolastu Kanpaxko jangelan.... baina uda hartan sentipenak ziren desberdin Patxigan. Egun gazi-gozoak izan ziren haiek. “Egun haietan hunkituta, goibel zebilen Patxi, baita etxekook ere. Gaia ateratzen genuenean negar egiten genuen Patxiren amak eta biok”, kontatzen du udak Azpeitian ematen zituen lehengusu Maria Jesusek.

Izan ere, amari semea jesuita joateak pena handia ematen zion; hala ere, beti honen alde egin zuen. Hala kontatzen du aita Sabino Otañok: “Amak ez zion inoiz galaraziko jesuita joatea, alderantziz bultzatu eta lagundu egin zuen”.

Abuztu amaieran, nobizio joan aurreko egunetan, Patxi agurtzeko etxekoak Itziarko Ama Birjinagana joan ziren. Arroatik oinez, Itziarren bazkaldu eta gero bazkalondoan Debara jaitsi eta hondartzan eman zuten eguna.

Etxekoak agurtu eta abuztuaren azken egunetan nobiziadora joan behar zuten guztiak Xabierra deituak izan ziren. Han bospasei egun pasa zituzten, nobiziadoaren berri izan eta azkeneko gomendioak jasotzen.

EUSKALGINTZAREKIN HARREMANETAN

Garai hartan, 50. hamarkadan, euskararen inguruan lan gutxi zeuden eginak. Batetik Francok ez zituen gauzak errazten, hasiera batean debekatu egin baitzuen euskaraz argitaratzea, eta aurrerago zentsura gogorra ezarri. Bestetik, euskalgintzan Filologia ikasitako jende gutxi zegoen. Horregatik egin ahal zuenari lanak eskatzen zitzaizkion. Patxiren euskararekiko grina eta filologia ikasketak egiten aritzea ekarpen handia izan ziren euskararen inguruko lanak hain urriak ziren garai hartan. Baita gerora ere.

Jada euskalgintzan murgildua genuen Patxi. Garaiko euskaltzale ugari ezagutzen zuen. Batzuk, Salamancako egonaldiari esker eta beste asko Lagundiko kide zirelako. Gainera, batzuekin gutun bidez harremanetan egon ohi zen. Lehenengo artikuluak ere unibertsitate garaian idatzi zituen. Pixkanaka-pixkanaka izena hartzen joan zen beraz Patxi, euskalgintzan.

Koldo Mitxelena ere, garai honetan ezagutu zuen. Martín Ruiperez irakasleak Salamancako unibertsitatean antolatutako hitzaldi batzuetan hizlari gisa Koldo Mitxelena, Herr Löpelmann, hizkuntzalari-euskalari alemana, besteak beste, gonbidatuta ekarri zituztenean.

Patxi entzule gisa izan zen hitzaldi hauetan eta orduan izan zuen Mitxelena ezagutzeko parada. Hitzaldi honek, halako mugarri bat ezarri zuen Patxiren euskal ikasketetan. Bazuen non atea jo zalantzak zituenean. Handik aurrera elkarri hainbat eskaera eta kontsulta egin zizkioten.

Arestian ikusi dugun gutunean eskatutako itzulpenaz gain, bestelakorik ere eskatu zion garai honetan Mitxelenak Patxiri. Besteak beste, Salamancan zeuden euskaldunei buruz artikulu bat idazteko, Egan aldizkarian argitaratzeko. Patxik orduan bere lehen artikulua idatzi zuen, 1957an argitara eman zen “Euskaldunak Salamanka’n”.

Salamancan euskaldunak asko ziren eta elkar hartuta zeuden haien artean. Esaterako, bazuten Salamancan euskaldunak elkartzeko gune bat. Han ezagutu zuen, esaterako Salamancan lanean ari zen Iñaki Zabala mundakarra. Oso lagun egin ziren biak eta handik aurrera hartu eman handia izan zuten.

Euskaldunak asko baziren ere, ez zegoen kontzientziarik euskararen inguruan. Jende euskaldun ikasia bazen, baina euskalgintzara oso gutxik jo zuten, inongo garrantzirik eman gabe beraien ama hizkuntzari. Orduan, inor gutxik ematen baitzion euskarari garrantzia. (...)

Patxiren ekarpena, beraz, altxorrik preziatuenaren pareko hartua izan zen garai hartan. Salamancan Filologia ikasten ari zen unibertsitario baten ekarpena baitzen hura.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak