|
|
|
Elkarrizketa: Ainara Epelde
“Maila oneko jendea aurkeztu zen ‘Betizu’ saiora”
Nerea Aranburu
Ainara Epelde 11 urteko azpeitiarra da. Karmelo Etxegarai ikastetxean ikasten du, seigarren mailan. Beti gustatu izan zaio abestea eta orain hilabete batzuk Euskal Telebistak antolatutako lehiaketa batera aurkeztu zen eta Betizu taldeko partaide izateko aukeratu dute.
- Nolatan aurkeztu zinen casting-era?
Lehenagotik Euskal Telebistako beste saio batean ere parte hartu nuen: Betimun. Saio hura herriko eskola desberdinen arteko lehia zen: batzuk kantatzen, besteak dantzan eta abar. Ni abesten atera nintzen, abestea asko gustatzen zaidalako. Gero, hura bukatu eta berehala, Betizu taldea sortzeko casting-a antolatu zutela eta, iragarkia ematen hasi ziren telebistan. Hura ikusi nuen, eta, nik horrelako denetan izena ematen dudanez, hor ere parte hartzea erabaki nuen.
- Behin izena eman eta gero zer?
Lehendabizi izena eman genuen denok proba batzuk egin behar izan genituen, gu denon ahotsak nolakoak ziren jakin behar baitzuten saioko irakasleek. Horretarako, partaide denok egun desberdinetan Miramongo estudioetara joan ginen. Han proba pasatu eta beste egun batean joatekotan gelditu nintzen. Azkenean, hogei partaide gelditu ginen.
- Zenbatek eman zenuten izena casting-ean?
Hasieran 300 lagun aurkeztu ginen casting-era. Horietatik ehun aukeratu zituzten, eta gero 50 lagun. Azkenean hogei gelditu ginen; saioan parte hartu dugunak, alegia. Etxera telefonoz deitu ziguten aukeratuak izan ginela jakinarazteko.
- Nola antolatzen zineten saioa grabatzeko eta kantak ikasteko?
Ostiralero joaten ginen, eguerdiko ordubiak aldera, taxia hartuta Miramongo estudioetara. Itzulera, berriz, iluntzeko hamarrak aldera egiten genuen. Eta larunbat goizetan ere zazpiak laurden gutxirako Durangoko ikastetxe batean egon beharra genuen. Agentzia baten bidez abestiak bidaltzen zizkiguten etxera, eta guk astean zehar kantak ikasten genituen. Irakasle bat ere etortzen zen astean behin bakoitza egiten ari zen lana ikustera. Gero, ostiraletan abesti horien grabaketa egiten genuen Miramonen.
- Espero al zenuen Betizu taldeko partaide izatea?
Ez, inola ere ez. 300 lagun aurkeztu zirela jakinda, ez nuen espero aukeratua izango nintzenik. Gainera, oso maila oneko jendea aurkeztu zen Betizuko saiora.
- Eta hemendik aurrerako lana?
Lau bideoklip eta CD grabatu ditugu dagoeneko. Otsailaren 14an kaleratuko da Betizu taldearen lehen diskoa, eta aurkezpen jai horretarako entseguak egitera joan behar izaten dut asteburuetan. Beste asmoetako bat Betizu taldeak inguruko herrietan abestea da: herri desberdinetako festetan, Kilometroetan eta horrelako jaietan emanaldiak egitea.
|