|
|
|
Bidegurutzea, errotonda
Nerea Uranga
Sanjuandegin errotonda egiteko proiektua
onartu da Foru Aldundian. Loiolabide auzoko
bizilagunak kexu agertu dira erabakiarekin.
Azpeitiko GI-631 errepidean Sanjuandegiko errotonda egitea eta Auzaraza errotonda arteko etorbidea aldatzeko proiektua onartu du Gipuzkoako Diputatuen Kontseiluak. Erabakia, iaz, abenduaren 27ko bileran hartu zuen, eta pasa den urtarrilaren 27ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen. Proiektuak honoko asmoak jasotzen ditu: Sanjuandegiko bidegurutzean errotonda eraikitzea, Auzarazako errotondora arteko etorbidea eraberritzea, eta zati horretan oinezkoen pasabide berria egitea. Proiekturako 2.741.142,11 euroko aurrekontua aurreikusi da.
BIZILAGUNAK KEXU. Sanjuandegiko errotondaren proiektua jendaurrean egon den epean, alegazio bat jaso da Foru Aldundian. Loiolako Inazio Hiribideko bizilagunek egin dute, 1etik 41era eta 2tik 18ra bitarteko etxeetako jabeek, hain zuzen ere. Baina, Diputatuen Kontseiluak ezetsi egin du. Alegazioak ondorengoa jasotzen du: “Obrek zirkulazioan eragozpenak eragingo dituzte, eta bidetik etxeetarainoko distantzia txikitu egingo da”. Gainera, proiektuaren eraginari buruzko azterlana ez dela egin aipatzen dute bizilagunek, eta 1etik 17ra bitarteko etxeen garajeetako saretxoan eragingo duela azpimarratu dute; bestetik Azpeitiko saihesbidea ere laster egingo dela aipatu dute etxe jabeek. Esan bezala, alegazioa ez zen onartu.
Aldundiaren esanetan, herri barruko kale bat zabalduko denez, ingurumenaren eraginaren azterlan berezirik ez da beharrezkoa. “Zintarrien artean 10 metro izatetik 14,45 metro izatera pasatuko da. Gainera, palaxuak berriro landatu eta espaloiak, pasabideak eta gainerako elementuak berriz jarriko dira”.
SAIHESBIDEA. Azpeitiko saihesbidea egiteko bizilagunen alegazioko aipuari ere erantzun dio Diputatuen Kontseiluak. Honen iritziz, Loiolako Inazio Hiribideko etorbidea eraberritzea eta zabaltzea beharrezkoa da, bai orain, baita saihesbidea egin ondoren ere. “Ibilgailuen egungo joan-etorriak antolatzeko Sanjuandegiko errotonda egin beharra dago, eta Auzarazakoa hobetu. Bere garaian saihesbidea egitearekin batera, ziur aski zati horretatik ibilgailu gutxiago igaroko dira, baina ibilgailu kopurua handitzen doanez, etorkizunean ere proposatutako sekzioa beharrezkoa izango da”.
|