Zenbat buru, hainbat aburu
Uztarria.com-eko eztabaidie
GAIA: Uztarria Kultur Koordinadoraren web guneko ‘eztabaidan’ atalean Uztarria webguneari buruz sesioan dabiltza kide batzuk. Hona hemen gutun horietako sorta bat:
PROPOSAMEN BATZUK
Zenbat konektatuta dauden jakiteko une bakoitzean leihatila; bilaketa erraztu; Azpeitiko argazki bat eta albisteen argazkien galeria bat; txutxumutxuen tarte bat; txat-a? Proba egin daiteke?; goardiko botikak; elkarrizketa mamitsuak; Azpeitiari buruzko idatzien artxibo erraldoi bat eta Azpeitiari edo azpeitiarrek inoiz idatzitako li-buruen edota egindako filmeen (pelikulak, zine klubeko proiektuak...) direktorio bat.
Algrano
ETENGABEKO LANA
Uste dut lan ona egin duzuela Uztarrikook, baina aurrekoak, algrano joan denak, baduela arrazoi pixka bat. Aldatu, progresatu, aurrera egin edo hil. Horrelako web orriak garrantzia badu, bizia izan behar du, arina, jendeak parte hartzeko modukoa. Horregatik, uste dut etengabeko lana daukazuela hor zabiltzatenok, baina baita herritarrek ere, eta batik bat taldeek. Ni ez nabil herriko inongo taldetan, baina taldeek euren ideiak zabaltzeko, euren propaganda egiteko, batzarrak antolatzeko eta abar oso tresna garrantzitsua daukate. Erabili. “Ideiak zabaldu”, esaten zuen Ferminek kanta batean. Bada hori...
Ideiak zabaldu
BETI HOBETU BEHAR DA
Aupa. Nire ustez, oso ondo dago webgune hau. baina, ados nago Algrano-rekin, beti hobetzen joan behar da.
Nire ustez ondo legoke txat-a jartzea, agian horrela azpeitiarren artean gehiago hitz egin dezakegu. Bestalde, Euskal Telebistak duen moduan, ETB on line bezala, Kaitorekin-edo akordioren bat eginez, ondo egongo litzateke noizean behin bideo batzuk emititzea, Azpeitiko ekitaldiak ikusi ahal izateko. Eztabaida sakonagoak edo garrantzitsuagoak ere ondo egongo lirateke webgunean. Jendeak egindako lanak erakustea ere ez litzateke batere gaizki egongo.
Segi horrela, Uztarria pixkanaka-pixkanaka hobetzen, hori da bizitzen jarraitzeko indarra ematen duena. Aupa Uztarria eta informazio librea.
Jite
EZTABAIDAK FALTAN
Egia esan behar baldin bada, Uztarriaren orri hau ondo dago. Baina eztabaida batzuk faltan botatzen ditut. Eta Jite-k esaten duen txat-a, azpeitiarren artean gehiago hitz egiteko, alferrikakoa da, harreman birtualekin inora ez goazelako.
Etxera
|