Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko azaruek 23,  JAIYE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2003 »  otsaila »  Iritziak »  Fermando Morillo

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Gai librien

Katedralak

Fernando Morillo

Katedralak izugarriak dira. Beste garai bateko jakinduria eta misterioa ekartzen digute, eta mundu azeleratu eta tekniko honetan sarritan ahazten dugun barne-baretasun moduko berezi bat egon daitekeela gogorarazi. Badugu hurbilean hori probatzeko zenbait aukera.

Gasteizera joaterik baduzue, adibidez, egiozue bisita Santa Mariako katedralari. Berritzen ari dira eta hezurdura guztiak aireratu dizkiote: materia zein gogoaren egitura. Harrizko erraiek istorio eta misterio ugari xuxurlatzen dituzte pixka bat entzuten jarriz gero. Ez da zaila antzematea Erdi Aroko langile haien zailtasunak, nekeak eta nahimenak zenbaterainokoak izango ziren. HARRIgarria —hitz aproposa, benetan, katedral baterako— da.

Katedrala eraikitzea urte askotako lana izan zen, eta urtetako lana eskatuko du, baita ere, haren be-rritzeak. Izugarria da harrizko erraldoi horrek sorrarazten duten zirrara, edo Erdi Aroko baliabideekin horrelakoak egiteko gauza zirela ikustea. Sinesgaitza. Badugu beste katedral bat gertuago, eta hizpide izan dena azken asteotan: Zestoakoa. Zestoak ez daukala katedralik? Horixe baietz: Ekaineko leizeak eta Irikaitzeko aztarnategiak osatutakoa.

Ekaineko artistek, margoekin, gogoa eta arima goratu nahi izan zituzten; Naturaren indarrekin bat egin. Eta espirituaren katedrala eraiki zuten. Katedralak ez baitira sekula erreinu honetakoak izan, eta beti egon dira hurbilago, harriaren pisua gorabehera, beste nonbaitetik —zerutik esatera nindoan, baina agian horrek tonu kristauegia izango luke, eta katedralek gordetako misterioak zaharxeagoak dira—, katedralak gertuago daude, genioen, beste nonbaitetik lurretik baino.

Leizearen erreplikari dagokionez, bide onetik omen doa, eta urtebete inguruan miretsi ahal izango dugu —benetakoaren mesederako— antzinako katedral haren zenbait enigma.

Bestalde, duela urte gutxi Irikaitzeko aztarnategia aurkitu zuten Zestoan. Futbol-zelai bat egitekoak ziren bertan. Badirudi zenbait hika-mika egon zela, baina ematen duenez azkenean futbol-zelaia beste norabait eramango dute. Irikaitzeko aztarnategiaren historiak, izan ere, 100.000 urte ditu: behe-paleolitokoa da (futbola baino zertxobait zaharragoa). Eta, uzten badiogu, geure iraganeko kontu asko izango du kontatzeko oraindik.

Gasteizeko zein Zestoako katedraletan egon, egileen nahimenek geure berezko mugetatik gora bultzatzen gaituzte. Horrelako maisulanak bezalakoak egiten dituztenak dauzkagun bitartean, beharbada dena galduta ez dagoen itxaropena izan dezakegu.

Aukerarik izanez gero, entzun ezazue Ekain edo Gasteizko katedralek esateko dutena. Arimak eskertuko dizue.

Ezin nuen amaitu aipatu gabe bestelako eraikitze lan erraldoi bat. KORRIKA abiatzear dago, beste behin, euskararen katedral txikia pixkanaka-pixkanaka handitzeko asmoz. Abentura handia eta zaila da hori ere, aurrekoak bezala, eta globalizazioaren ekaitzen eta beste era batzuetako oztoporen aurka nabigatu beharko du. Teknologia berrien munduan sartu da (www.korrika.org du web-gunea), eta internautek Korrikaren jarraipena egiteko aukera izango dute bertatik. Hori dirudi etorkizunerako katedralen noranzko egokia. Zorterik onena opa diogu hemendik: euskarak katedral asko ditu oraindik eraikitzeko. Espero.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak