Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 7,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2003 »  otsaila »  Iritziak »  Mikel Arregi

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Zenbat buru, hainbat aburu : Amuko zubitik

Herritarren partehartzea

Mikel Arregi

Aurtengo sansebastianetan berri on bat behinik behin jaso dugulakoan nago: danborradan parte hartzeko aukera zabaltzeko pauso bat eman du udalak. Azpeitian jendeari parte hartzeko aukera mugatzea eguneroko ogi dugu. Danborradatik hasi eta beste arlo guztietaraino, herritarrek ez dute herriko gai eta erabakietan parte hartzeko aukera handirik.

Beste arloren batean ere hasiak ziren pausoak ematen, herritarrez osatutako Ingurugiro Batzorde bat bitarteko. Baina hemen jada arazoak sortu direla ematen du. Izan ere, herritarren partehartzerako bide bakartzat hauteskundeak ikusten dituzten agintariak ere badira. Eta agintari horiek erabakiguneetan hitza izateko aukera ahalik eta gehien mugatu nahi diete herritarrei.

Hala, herriko erabakietan herritarrek lekua izan dezaten lortzeko bide luzea dago egiteko oraindik. Hor dugu, esaterako, kultur baliabideen gaia. Hasiera batean, udaleko ordezkariak, herritarrekin batera, kultur baliabideak lantzeko lantalde bat sortzeko prest agertu ziren. Bat batean, ageriko arrazoirik gabe, asmook ezerezean geratu ziren. Udalak, harrezkero, pauso bakarra eman du: sekulako kultur baliabideak ditugula saldu nahian, Azpeitian Zer-en argitaratutako erreportai lotsagarria.

Ukaezina da: azpeitiar asko dabil ekimen ezberdinetan burubelarri sartuta (kultura, euskara, kirola, ingurumena, gaztedia...); horrek erakusten du herri honetan jendeak parte hartzeko borondatea baduela. Herritarrek kezkak, ilusioak dituztenez, arlo ezberdin hauetan lan ugari egiten da, baina lan hori ez da behar bezala baloratzen. Ondorioz, egiten den lan horri ez zaio behar adinako etekinik ateratzen, hori iruditzen zait niri. Garrantzitsua da, beraz, partehartzea bultzatzeko bide eta prozedurak lantzen hastea, herriaren eta herritarron onerako izango baita. Eta horrek ez dakar batzuk hainbeste aldiz aipatzen dituzten paralelismoen sortzea; elkarlana eta koordinazioa dakar, demokrazia dakar.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak