Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abuztuek 8,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2003 »  otsaila »  Iritziak »  Manex Beristain

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Hariari tiraka

Horma biluzien sekretua

Manex Beristain

Negu on guztioi. Hotzari iseka egiteko prest aurkituko garelakoan, besarkada bero bat irakurle. Aurreko hilean laranja kolorez jantzitako hitzek, ozen oihukatu zuten galdera bat, hileko galdera deritzona. Eta horri buruz jardungo naiz ondorengo lerroetan hariari tiraka, komunikazioak lortu dezakeenaz, gure begiek jasotzen duten informazioaz, hain zuzen.

Hotzari aurre egiteko bakoitzak bere sekretuak izango ditu, armairuan gordeta edo irribarrean islaturik. Aldiz, karrika nagusiaren isiltasunean, pauso ttipietan, soinuari ere aukerarik eman gabe eta mugaz bestalde, haize hotzak bizitza geldiarazten digu, begiradak bustitzen eta irriak iluntzen. Euskal Herriaren landetatik at datozen korronte dardaratiak bertako bihotz beroak izozteko intentziotan iristen dira, gupidarik gabe, abisatu gabe eta bueltan hizkuntza, nortasuna eta adiskidea ere eramateko asmoarekin.

Hotzari aurre egiteko bakoitzak bere sekretua duen bezala, Azpeitiko karrika nagusiak badu bere bihotza berotzeko norbait, euskaltzale hori, askatasun bila dabilen hori, aurrera begiratzen duen hori, irrintzi aske hori. Horregatik Azpeitiko karrika nagusia bizi bizirik mantentzen da eta irrintzi hori Euskal Herri osora zabalduko da, guztion laguntzaz.

Euskal herria betidanik izan da irudi xumeen herria eta gaur egun ikus ditzakegu harrietan, mendeetan zehar izkiriatutako mezuak, gure arbasoek egindako irudiak, hilerrietan behe-lainoen gonapean gorde diren zeinu eta esaldiak. Garaiak aldatuz doaz eta harrien irriak mutu gelditzen joan diren heinean, euskaltzaleen ahotsa eta oihuak ez dira isildu. Esaldi originalak, xumeak, gizarte bizitzarekin hain estu lotuta dauden hitzak zizelkatzen dira orri zurietan.

Gure etxeen hormak dira paperezko mezu horien euskarri eta Azpeitiko karrika nagusian batez ere, arte mota hau asko landu eta garatu da, Euskal Herri osoan bezala. Askatasun bila dabiltzan herriek komunikazio tresnak garatu dituzte eta karrikak gorputz egokiak dira komunikazio hori gauzatzeko. Festa herrikoiak aldarrikatzen dituzten kartel originalak, modu orotako gatazken aurrean islaturiko esfortzuen kartelak, informazio, abisu, deialdi eta asmoen ispilu izango diren orri koloreztatuak. Artista anonimoak dira gehienetan mezu hauen aitzindari eta kartelen eraikitzaile, hauekin batera milaka euskaldunen eskuak izan dira karriketako horma hotzak ilusioz kutsatu dituztenak.

Azpeitiko karrika nagusia ez da leku hotza, ez eta bakartia, jantzia agertzen zaigu egunero, etorkizunari ateak irekitzeko prest.

Eskaparateek sarritan protagonismoa galtzen dute, erakargarriak, originalak eta adierazleak diren kartelen aurrean. Azpeitiko karrika nagusian egunero dago irratia piztuta, egunero dago zerbait irakurtzeko, zerbait sentitzeko, zerbait sortzeko eta ekintzak orri zurietan mobilizatzen dira herritarrei itxaropen bidea erakusteko asmoz. Gure barne izaeraren ezaugarriak horma hotzetan jendearen joan-etorrien esperoan egoten dira, zer pentsatua sortzen eta etxera bidean hausnarketari lekua egiten.

Karrika batek herri baten izaera adierazten duela diote. Herritarren asmoen ispilu izan daiteke, ilusioak bertako harrietan ereiten diren bakoitzean, gure arbasoek egiten zuten antzera, etorkizunak nortasunaren, askatasunaren eta euskararen lurretan inoiz makurtuko ez diren loreak sortuko ditu. Eta Azpeitiko karrika nagusian, eguneko 24 orduak esku biluzien lan-egunak izaten dira, eguneroko ahaleginen adierazle, eguneroko oroimenen testigu eta gure herrian burutzen den esfortzuari esker, Euskal Herriko karriketako hormak irribarrez josiko dira eta haize hotzari aurre egiteko sekretuak iraganean ahantziko ditugu.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak