Zenbat buru, hainbat aburu
: Akullue
Hizkuntz eskubideak noizko?
Leire Ostolaza
Azpeitian euskal hiztunok herriaren gehiengo zabala osatzen dugula ikusita, badira oraindik ere protesta egiteko arrazoi ugari.
Akullue berez ziztatzeko eta bultzatzeko tresna dugu, eta barruak erretzen dizkidan gai honetan sartu nahiko nuke berriro ere, bai baita herrian oraindik akuilua sartu beharreko erakunde bat baino gehiago. Guzti-guztien gainetik Azpeitiko anbulategiaren kasua salatu nahiko nuke; sendagilearekin komunikatzea oso garrantzizkoa ez ezik, derrigorrezkoa delako batik bat.
Norbaitek baleki, jakin nahi nuke nik ere non arraio geratzen diren azpeitiar baten hizkuntz eskubideak sendagileari zer esan pentsatzeaz gain, haren itzulpena gaztelerara egitera behartuta dagoenean.
Sorbaldan, bizkarrean, gerrian edo ipur-txontxorrean sentitzen duen minxurria, eztena edo azkure-mina edota zer arraio den ere ez dakienean..., eta azkenean sendagile erdaldunari “... *no sé lo que me pasa aquí atrás*” esan behar dionean, hizkuntz eskubideak komuneko paper erabilia bezain baliogarri gertatzen zaizkio.
Bada, galdera da: euskaldunon hizkuntz eskubideak noizko?
|