Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko azaruek 23,  JAIYE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2003 »  otsaila »  Iritziak »  Kepa Susperregi

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Zenbat buru, hainbat aburu : Azketako ude

Bakarrik bizi diren adinekoak

Kepa Susperregi

Iaz, urte amaieran, Gabon Gau eta Gabon Zahar artean, Nafarroako Arrarats herriko apaizaren desagertzearen eta heriotzaren berria iritsi zen guganaino, gure inguruko komunikabide ezberdinen bidez. Parrokian osatzen ari zen jaiotzarako behar zuen goroldioaren bila atera, mendian galdu eta hotzez hil zela jakin genuen. Bakarrik bizi zela ere aipatu zen. Bere ezagun batek zioenez, adineko apaizentzat prestatutako egoitza batera joateko eskaintza aurrez jaso bazuen ere, ez zuen aukera aprobetxatu nahi izan.

Zer pentsa eman zidan gertakizun horrek. Batetik, 75 urte izanik, bere ardurari, apaiz eginkizunari aurre egiten jarraitzen zuelako. Eta beste batetik, adineko pertsona izanda bakarrik bizi zelako.

Zahartzaroa eta bakardadea. Gai hau buruan bueltaka nuela, aurreko astean, telebista kate bateko albistegi batean entzun nuen: Madrilen bertan, laurogeitaka urte dituzten 50 mila baino gehiago bizi dira bakarrik. Eta iaz, urteko lehen hiru hilabeteetan, bakarrik bizi ziren 20 pertsona aurkitu omen zituzten hilik beren etxeetan Madril inguruan.

Caixa Catalunya Fundazioak estatu osoa gogoan hartuz egindako txosten batetan dioenez, adinekoen etxebizitzetan ia bostetik bat bakarrik bizi da, eta %5 besterik ez da adinekoen egoitzetara joaten. Familiak hartzen du, nagusiki, laguntzeko ardura.

Urte gehiago bizitzeko aukera dugu, egia da. Baina, horrek arazo berriak eragiten ditu gure artean. Bizitza luzatu egin da, baina adinekoen autonomiaren galera ez da neurri berean atzeratu. Ilea zuritutako gizarte batetan bizi garela aipatu izan du norbaitek, eta hori ere gogoan hartzea dagokigu.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak