Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 24,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2003 »  otsaila »  Iritziak »  J.I Zulaika

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Zenbat buru, hainbat aburu

"Peña"

J.I Zulaika (Egunkaria, 2003-01-15)

(...) Kontatzeko istorioa du Kepa Peñagarikano *Peña*-k. Eta dagoeneko, 21 urterekin, urrezko meategi baten jabe egin da.

Istorioaren hasiera besterik ez da, eta itxura ederra du. Eibarko Astelena pilotalekuan, berak idatzi zuen partidaren gidoia, protagonistaren papera berak bete zuen, eta nahi zuen lekura eraman zuen neurketa, aparteko gauzarik eskaini gabe, tankera ederra erakutsita, besterik ez. Aldez aurretik bagenekien pilotari gaztea landu gabeko harribitxia zela. Orain badakigu urrea duela mutilak barruan, ezkutuan, igandean distira bakarrik sumatu bagenuen… Atera kontuak. (...)

Kondizio naturalak baititu mutilak, ezbairik gabe: planta bikaina, belaunetaraino iristen zaizkion bi beso, eta erraz jokatzen du Peñak, errazegi ematen du batzuetan. Hala ere, nabarmena da 21 urte bakarrik dituela, heldu gabea, urduri hasi zuen igandeko neurketa, ongi jokatu ezinean, pilota askotan gozakaitz, bai-na zein erraz jokatzen duen! Laukotean bera izan zen onena. Bukaerarik ez duten besoekin pilota ukitzea nahikoa frontisetik urrun jartzeko. Berri txarrak Titin III.arentzat. Peñak, ez pentsa, igandean ez zuen apartekorik ezer egin. Distira erakutsi zuen eta sinesten dugu urrea duela barruan. Atera kontuak. (...)

Figura handi izatea lortuko ote du Peñak? Gaur egun eskupilota nola eramana dagoen ikusita baldintzak ematen ari dira behinik behin. Enpresaren laguntza du, prestatzaile fisikoak, teknikoak eta abar. Zikloari hasiera eman dio Peñak. Aldapa latza du aurrean. Laguntza enpresaren aldetik bermatuta dauka, presioa ere bai, handia gainera. Dagoeneko sumatzen hasiko dena. Hedabideak, zalegoak, mundu guztiak nahi ditu entzun istorio atseginak. Peñak badu zer kontatu. Estiloa du; utz diezaiogun, baina, poliki-poliki bere bidea egiten gehiegizko zama jarri gabe. Baditugu hurbileko kasuak, hasiera ezin hobea eman zutenak: Eugi eta Beloki. Fosilak bihurtzeko bidean doazenak. Peña urrezko meategi baten jabe da. Baina urrea ezkututik atera behar denez, nahikoa lan izango du.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak