Zenbat buru, hainbat aburu
: Hausnartzen
Maiatzeko udal hauteskundeak: beste lan ildo bat
Jexux Arrizabalaga (euskara irakaslea)
GAIA: ‘Maiatzeko udal hauteskundeak’. Zein da azken urteetako balorazioa? Nolakoak izango dira hauteskundeak? Zilegitasunik ba al dute Batasunak ezin badu aurkeztu?...
Hauteskundeak sistema demokratikoaren euskarri garrantzitsuenetariko bat dira; hala eta guztiz ere, demokrazia partehartzailearen ikuspegitik ezin zaie ez duten garrantzirik eman, eguneroko jarduera zibila delako demokraziaren bermerik oparoena.
Demokraziaren kontzeptu aktibo batetik begiratzen badugu gizabanakoaren zein gizartearen arazoei irtenbidea emateko orduan, arazo horiek beste baten eskuetan uztea, hau da, delegatzea, ahalik eta neurririk txikienean egin beharrekoa litzateke; beraz, hauteskundeak egiten direnean kontuan eduki behar dugu, azken finean, gure arazoen konponketa beste batzuen eskuetan uzten dugula, nahiz eta jakin norberaren arazoak norberak konpondu behar dituela.
HAUTESKUNDE HURBILAGOAK. Dena dela, maiatzean egingo ditugun udal hauteskundeei buruz ari gara, eta ezingo da ukatu herritarrok hurbilen sentitzen ditugunak direla. Eskuarki hiritarrak udaletxerako hautagaiak ezagunak ditu eta horrek eragiten du beste edozein hateskunde baino demokratikoagoak izatea. Bozkatu ondoren ere hautatuen jarduera gardenago ikusi ahal da, eta harreman zuzenak izatea ere eskuragarriagoa da, proposamen berriak eztabaidatzea eta aurrera ateratzea aisago egin litekeena den bezala. Hautatuekiko kontrol soziala errazagoa eta eraginkorragoa da.
Hauteskunde munizipalek ezaugarri horiek dituzten arren, ezingo ditugu demokraziaren paradisoan kokatu. Hitz egiten ari garenaz adierazgarriak direlako bi adibide aipatuko ditut: Boroa eta Urola trena.
Amorebieta-Zornotzako herriak zentral termikoa egin ala ez erabakitzeko erreferenduma egiteko eskatu zion Udalari eta honek, alkateak berak barne, adostasuna adierazi baldin bazuen ere, bere alderdiak agindu zion ez egiteko horrelakorik. Garbi ikusten da, kasu honetan behintzat, partiduaren burokraziak gehiago agintzen duela herritarren borondateak baino. Antzeko adibide gehiago ere aipa genitzake.
Urola trena administrazioak (hain zuzen, Gipuzkoako Diputazioak eta salbuespenak salbuespen, bailarako udal arduradunek) kendu zuen, desagertarazi zuen. Ez zen erreferendumik izan, nahiz eta herritar asko kentzearen aurka azaldu, manifestatu eta batek baino gehiagok ertzainek emandako kolpeak jaso.
Herri honetan bizi garenok badakigu kentzearen alde zeudenen artean interes ekonomiko zehatzak zeudela, eta teknologia zaharkitua bazuen, martxan jarri zutenetik funtsezko inbertsiorik egin ez zutelako izan zen. Gainera, begiratu azkar bat nahikoa da esaten ari garena baieztatzeko eta ikusteko zein zati desagertu den eta zein dagoen oraindik martxan jartzeko moduan. Eta badirudi orain berriro martxan jarriko dutela, egitasmoa behintzat hor dago jada. Noski, lehen, kentzeko, hiritarren interesen gainetik beste batzuk gailendu baziren, orain ere itxura hori du. Baina goazen aurrera!
HERRI MAILAKO DEMOKRAZIA. Herri mailako demokraziak gabezia nabarmen horiek baditu, zer esan hurbiltasun horretatik haratago gertatzen denaz hausnarketa egiten badugu?.
Gainean ditugu herriko saihesbidea, Abiadura Handiko Trena eta beste egitasmoak, non garapen jasangarriaren printzipioek lehentasunik ez duten izango eta beraz, demokraziarenak ere urraturik gelditzeko arriskuan dauden.
Boroako kasuan bezala, AHTrekin ere sinistarazi nahi digute egitasmo erraldoi horiek beharrezkoak direla gure garapen ekonomikorako, nahiz eta gero eta aditu gehiagok hori gezur hutsa dela esan. Egungo administrazioa ez da gardena, ezta neurri demokratikoak hartzearen aldekoa ere. Defizit demokratikoa dago.
PARTE HARTZEA BEHARREZKOA. Hau guztia ikusita, hala ere hauteskundeetan parte hartu behar dugula uste dut. Euskal Herri berri bat eraikitzen ari gara. Horrek lan handia eskatzen du, epe luzerako lana gainera. Eta bizitzako arlo guztietan gauzatzen joan beharrekoa.
Euskal Herria eraikitzen eta burujabetasunean aurrerapausoak ematen ari garen garai honetan hauteskundeak helburu horien alde jauzi bat izan beharko lukete. Helburuok erdiesteko lagungarri izango direla iruditzen zaigun edo zaizkigun aukeren aldeko atxikimendua eta botoa izango da nirea behinik behin.
|