Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 6,  JAIYE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2003 »  otsaila »  Julian Eizmendi, EAJ-EA koalizioa egiteko aukera

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Aurrera ekarrita

Julian Eizmendi, EAJ-EA koalizioa egiteko aukera

Enekoitz Esnaola

EAJ eta EA koalizioan aurkeztuko dira udal hauteskundeetan, alkategai Jose Mari Bastida ez bada; oso litekeena da Julian Eizmendi izatea.

Udal hauteskundeetan Azpeitiko EAJren zerrendaburua zein den, horixe da gakoa jeltzaleek eta EAk Azpeitian koalizioa egiteko maiatzaren 25eko udal hauteskundeetarako. Izan ere, EAk ez du edozein jeltzale onartuko alkatetzarako.

Dena dela, oso litekeena da azkenean koalizioa osatzea. Hala, oso esanguratsua izan da EAJko eta EAko zuzendaritzek joan den urtarrilaren 30ean Arabarako, Bizkairako, Gipuzkoarako eta Nafarroarako akordio zabala lortu ostean esandakoa; alegia, Azpeitian ere koalizioan joango direla. Kontuan hartuta Azpeitiko EAko Herri Batzordeak koalizioko zerrendaburu Jose Mari Bastida egungo alkatea (EAJ) ez duela nahi —EA bestela bere kasa aurkeztuko litzateke—, Uztarriak jakin duenez nahikoa segurutzat jo daiteke EAJk azkenean aurkeztuko duen alkategaia ez izatea Bastida. Ezusterik ezean, Julian Eizmendi izango da EAJren alkategai. EAk, kasu horretan, “arazo gutxiago” izango ditu hautagaitza hori onartzeko, eta bi alderdiak batera aurkeztuko dira.

Laster baieztatuko da hori guztia. Izan ere, EAJk seguruenik hurrengo astean bertan erabakiko du zein izango den bere hautagaia udal hauteskundeetarako, Uztarriak jeltzaleen iturrietatik jakin duenez.

Hasiera batean mahai gainean izen gehiago bazeuden ere, orain dela gutxi arte hiru hautagai zeuden: Alejo Uranga, Jose Mari Bastida eta Julian Eizmendi. Alejo Urangak orain dela hiru aste erretiratu egin zuen bere hautagaitza, ezadostasun batzuk direla medio. Jadanik bukatuta dago EAJ barruan hautagaitzak aurkezteko epea, eta une hauetan bi daude: Bastida eta Eizmendi. Oso litekeena da Bastidarena ere laster erretiratzea, jendea alkateari berriro ez aurkezteko esaten ari baitzaio, bere ingurukoengatik hasita, eta, ustekaberik ezean, ez da atzera alkategai izango.

1999-KO KASUA. EAJ-ko Gipuzko Buru Batzarrak (GBB) berak ez du Bastida berriro aurkezterik nahi, eta orain dela lau urteko barne eztabaida handiak saihestu egin nahi ditu. Orduan, 1999ko udal hauteskundeen aurretik, oso egoera latza bizi izan zuten Azpeitiko EAJko afiliatuek, eta liskarra agerira ere atera zen. Izan ere, GBBk baliorik gabe utzi zuen Azpeitiko EAJk hasieran harturiko erabakia: Jose Mari Bastida izatea hautagai, bere hautagaitza baino ez zelako bozkatu. Handik aste batzuetara barne hauteskundeak izan ziren eta bi hautagai aurkeztu ziren: Bastida bera eta Maria Jesus Aranburu. GBB ez zegoen alkatearen alde, eta ordezkaritza bat espreski Azpeitira ere etorri zen, Patxi Ezkiaga buru zela, bere jarrera azaltzera. Batzar bat izan zen egunean Bastidarekin bildu ziren, eta hautagaitza erretiratzeko eskatu zioten. GBBk jendaurrean ez zuen esan zergatia, baina garai hartan Azpeitiko eta Azkoitiko ikastetxe publikoetako guraso eta irakasleen elkarteak —Iza-rraizpek— parte sartu zuten Bastidaren kontra, eraikina egiteko lurrak ustez eraikitzaile pribatu baten esku utzi zituela salatuz. EAJko Justizia Auzitegi Nazionalak ikerketa zabalduta zeukan eta hauteskundeak baino bi hilabete lehenago eman zuen epaia: Bastida sus-mo guztietatik libre geratzen zela eta ez zegoela irregulartasunik bere kudeaketan.

Bastida bera izan zen alkatetzarako barne bozketan irabazi zuena: 39 boto bildu zituen, 25 Maria Jesus Aranburuk eta bost kidek boto zuria eman zuten. “Kaleratu diren nire kontrako auziak oso interesatuak izan dira. Inbidia asko dago nire aurka joateko. Pozik nago, burua goian dut”, esan zuen hauteskundeak baino egun gutxi batzuk lehenago Egunkaria-n. “Eta irabaztea espero dugu”. Baita irabazi ere ekainaren 13ko udal hauteskundeetan, berea izan zelako berriro zerrendarik bozkatuena; 3.141 lortu zituen EAJk (zazpi zinegotzi; aurrekoan baino bat gutxiago baina 111 boto gehiago), 2.923 EHk (sei zinegotzi; aurrekoan baino bi gehiago) eta 1.744 EAk (lau; aurrekoan baino bat gutxiago).

GBBk ez du nahi orain berriz ere EAJn barne liskarrik gertatzerik nahi. Horretarako, lehenago mugitu da, 1999an Azpeitian hauteskundeen atarian izendatu zelako behin betiko hautagai jeltzalea. GBBk Azpeitiko zerrendaburu postuan aldaketa behar dela pentsatzen segitzen du, eta, gainera, GBBk berak ere badaki EAk ez duela nahi Bastida koalizioko buru izatea. EAJko zuzendaritzak, EAkoarekin izan dituen negoziazioetan, beti koalizio “orokorra” bilatu nahi izan duenez Juan Jose Ibarretxe EAEko lehendakariaren planari beste bultzada bat emateko, Azpeitian ezin dutela hutsegin erabakia du eta koalizioa lortu behar dutela; hau da, beste hautagai bat aurkeztuta.

EA ETA BASTIDA. Azpeitiko EAk Bastidarekin dituen desadostasunak ez dira oraingoak. Orain dela lau urteko hauteskundeetan ere agerian geratu ziren bien arteko arazoak. Izan ere, herri askotan EAJ eta EA koalizioan joan ziren arren, Azpeitian bakoitza bere aldetik aurkeztu zen, 1995-1999 legegintzaldian udal gobernuan elkarrekin egon baziren ere. “EAJrekin ez gara aurkeztu, Bastida alkatea izatea ez dugulako nahi”, zioen Nekane Larrańaga EAko alkategaiak 1999ko ekainaren 12an Egunkaria-n. Eta hauteskundeen ondoren gobernua osatzeko aukerari buruz, “bi baldintza” jarri zituen EAk: “Ideologizazioak baztertzea eta forma txarrak zaintzea, alkateak izandako formak baztertzea”.

Udal hauteskundeak izan eta bost hilabetera bat egin zuten EAJk eta EAk, legegintzaldi osorako akordioa eginez —“asko kostatutakoa izan da, baina diferentziak albo batera utzi ditugu”, zioen EAk—. Handik urtebetera, ordea, kexu zen EA Jose Mari Bastida alkatearen formekin. Azpeitiko EAJren udal taldearekin “gorabeherak” zituela zioten orduan EAren udal ordezkariek, “EAJk orain artean bezala elkarlanean aritzeko arazoak” zituelako. “Herri mailako arazo garrantzitsuenetan erabakiak hartzeko orduan, Azpeitiko alkateak negoziaketa ezberdinak bideratzen ditu eta hau egin ostean ematen du bere ondorioen berri. Ez dago EAJ-EAren artean nahi bezain elkarlan eraginkorrik, beraz”, zioen EAk. Oraindik orain EAk Bastidarekin beste gora-behera bat izan du, udalbatzar batean bertan, Ingurumen arloko kontu bat zela eta. Dena den, bi alderdiek udal gobernuan segitzen dute. Baina EAk ez du berriro Bastidarekin bat egiterik nahi.

EAJko zuzendaritzak ere garbi duenez, horregatik du oso aukera handia Julian Eizmendik EAJren alkategai izateko, eta, beraz, horregatik dago bi alderdi horiek batera aurkezteko posibilitate handia.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak