|
|
|
Zaindari posturako deialdia
Izarraitzen kokaturiko Xoxote aterbearen eraberritze lanak bukatzear daudela eta, bertako zaindari postua betetzeko deialdia zabaldu zuen Lagun Onak Mendi Bazkunak abenduaren 9an. Izen-emateko azken eguna, berriz, urtarrilaren 15ean izango da. Zaindari posturako honako eskakizunak bete beharko dira: batetik, euskara menperatu beharko da eta bestetik, elikagaiak erabiltzeko agiria eduki beharko da. Elikagaiekin lanean jarduteko agiria, lehen Osasun Sailak bideratzen zuen, baina gaur egun, enpresa pribatuak dira agiri hori bideratzen dutenak. Pare bat eguneko ikastaroa egin behar da agiria eskuratu ahal izateko eta ikastaroak herri hauetan ematen dira: Bilbo, Donostia, Oiartzun, Elgoibar eta Azkoitian, besteak beste. Postua betetzeko, ostalaritza-sukaldaritza munduan ezagupenak izatea, mendian eskarmentua edukitzea eta antzeko lanetan esperientzia izatea baloratuko dira. Norbaitek Xoxoteko aterbeko zaindari postua lortzeko interesa balu, bere datu guztiak, kurrikuluma, egungo argazki bat eta elikagaiak erabiltzeko agiriaren fotokopia bat Azpeitiko 301 posta kutxara bidali beharko ditu.
|