Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 24,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2003 »  urtarrila »  Aterbea irekitzear

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Mendia

Aterbea irekitzear

Nerea Aranburu

Xoxoteko aterbeak 2000ko irailean itxi zituen ateak. Kanpoa eta barrua berritu ondoren, Lagun Onak Mendi Bazkunak hilabete honetan irekitzeko asmoa du

Sukalde berria
Sukalde berria.  Aterbean berrikuntza lan handienak barruan egin dira: komun berriak. Beheko solairuko zoru guztia berritu da. Sukaldea dena berritu da. Barrua margotu da, eta tximinia berritu da, ura berotzeko eta berogailuaren lana egingo du. 
Teilatuan leihoak
Teilatuan leihoak.  Xoxoteko aterbean teilatu berria egiteko teila zaharrak kentzen mendi elkarteko kideak ibili ziren, ekainaren 29an. Gero teilatua oso-osorik berritu egin zen. Teilatuan gainera, leihoak ireki dira, jangela eta logela argitsuagoak izan daitezen. 

Edozein mendizalerentzat eta azpeitiarrentzat erreferentzia leku bat izan da beti Xoxoteko aterbea. Edozein jai egunetan, Izarraitzera igo eta aterbera sartu-irtena egitea ohitura bihurtu izan da askorentzat. Hala ere, azken bi urte hauetan ateak itxita izan ditu aterbeak. Arrazoia: Xoxoteko aterbeak, mendi aterbe bezala funtzionatzeko, ez zituela Osasungintzak eskatutako baldintza guztiak betetzen.

Oraindik irekitzeko eguna zehaztu gabe badago ere, segurutzat jotzen da urtarrilean berriro irekiko dituela ateak Xoxoteko aterbeak. Lagun Onak Mendi Bazkunako lehendakari Josu Eizagirreren esanetan, “jada urte bukaerarako ia dena prest zegoen. Baina, kontu batzuk tarteko, denbora luzatu egiten da. Hala ere, urtarrilean irekitzea espero dugu”.

ERABERRITZEA. 1999. urte inguruan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailekoak herrian zeuden taberna, jatetxe eta beste antzeko lekuetan ikuskapenak egiten ibili ziren. Hori bera egin zuten Xoxoteko aterbean eta zenbait akats aurkitu zituzten. Besteak beste, aterbean egon zitekeen jende kopuruarentzat ez zeuden behar beste komun eta dutxa. Sukaldean ere akats nabarmenak aurkitu ziren. Biltegi txiki eta desegokiak zeuden eta hezetasuna nabaria zen. “Aterbean aldaketa handiak egin dira. Osasun Sailak eskatzen zituen aldaketak, eta beste batzuk ere bai”. Hemendik aurrera, Xoxoteko aterbean 20-25 lagunek lo egiteko lekua egongo da. Komunak eta dutxak lagun kopuruaren arabera jarri dira; legeak, hamar laguneko komun bat eskatzen du. “Behean komunak eta dutxak daude, eta aterbeko zaindariarentzat ere komuna eta dutxa jarri behar izan dira”, dio Eizagirrek.

Aldaketa handienak sukaldean egin dira, oso-osorik berriztatu baita. Bestetik, aterbe osoa margotu egin dute eta teilatua ere berritu egin da.

Orain dela hemezortzi urte, maiatzaren 27an, Xoxoteko egunean, inauguratu zen aterbea. “Bai ireki zenean eta baita orain ere, bi helburu nagusi ditu. Alde batetik, mendira joaten diren mendizaleei zerbitzua ematea, eta bestetik, eskoletatik joaten diren umeei zerbitzua eskaintzea, izadiarekin lotura izan dezaten”.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak