|
|
|
Bertsolaritza
Kanta zak bertsolari...
Enekoitz Esnaola
Bertsoak eta tabernak berriro bat egin dute Azpeitian, Bertso Parrandaren bitartez; garai batean ohitura zenak indarra hartu du ekimen honekin, helburua bete delako: kalean bertso giroa sortzea.
|
|
Joxe Lizaso, bertsotan taberna batean. Bera izan da tabernako bertso giroa ondoen eta gehien ezagutu duena, batez ere Landeta jatetxea eduki zuenean.
|
|
|
|
Joxe Luis Gorrotxategi eta Xebaxtian Lizaso. Aurrena Osintxutik Landetara etortzen zen; Xebaxtian han izaten zen, jakina; etxean.
|
|
|
|
Imanol Lazkano, epaile lanetan, Korralen, azaroan. Hantxe egin zen Bertso Parrandako lehendabiziko saioa, kategoriko giroarekin.
|
|
|
|
Imanol Lazkano, Manuel Uztapide, Iñaki Eizmendi "Basarri", Joxe Lizaso eta Joxe Agirre, Kiruri aurrean, 1966ko ekainean. Makina bat aldiz egin izan dute bost horiek bertsotan elkarrekin.
|
|
|
|
Eneko Ibarguren "Kurku", Orkatzen, M.A.K.-Behetarrak saioan.
|
|
|
|
Joxe Lizaso eta Joxe Agirre, bikote tipikoa.
|
|
|
|
Goxube taldea: Gorka Olalde, Beñat Lizaso eta Haritz Zubizarreta "Xubi", Urtzin. Finalera sailkatu zen hirukotea, maila ederra emanda.
|
|
|
|
Zestoan ere gainezka.
Zestoan ere izan da Bertso Parrandako saiorik; bat, hain zuzen ere. Abenduan izan zen, Uztapidenean, eta dena bete zen; 70 bat lagun bildu ziren saioa ikusteko. Argazkian, Beñat Lizaso kantari, Goxube taldeko kide gisa.
|
|
|
Landeta.
Gaurko Bordatxo ondoan eduki zuen Joxe Lizasok Landeta jatetxea -bertan dago argazkian-. Eraikin berean. 1969an dena erre zen. Hona Imanol Lazkanok eta Xebaxtian Lizasok 1990ean jatetxeari botatako bi bertso ("Joxe Lizaso" liburutik hartua):
IMANOL LAZKANO:
Gogoratzeak ekarritzen dit
ia malkoan zoria.
Esan orduko garai artako
kontuan naiz eroria.
Landeta aldeko taberna arek
badu bere istoria.
Lujo aundirik etzuen baiña
bazuen kategoria.
XEBAXTIAN LIZASO:
Nere atsegin aundiena zan
an bertsoak entzutea,
ta pena, berriz, auek utzita
goiz oera joatea.
Pena batekin dadukat orain
nere barrena betea:
an entzundako bertso onenak
aizeak eramatea.
|
|
Xabier Euzkitzek berak esana da inoiz jaso duen laudoriorik politena neska batek bota ziola: “Hizketan ariko bazina bezala egiten duzu bertsotan”. Bertsolari bakoitzak ditu bere dohainak, eta garai batean, gaur bezala, baziren jario ederra zuten bertsolariak. Baina bertsotan egiteko era zen desberdina. Eta garai batean, gaur ez bezala, bertsoa elkarrizketako edo solasaldiko osagaia zen, nolabait esanda; tabernatan ikusten zen hori, edozein unetan eta aldartetan hasten zirelako bertsolariak kantari. Adibide bat besterik ez da ondorengo gertaera, baina adierazgarria. Hau da, behin, Eusebio Eizmendi Txapel (1893-1969) eta haren lagunak Azpeitiko taberna batean zeudela, gazte bat hurbildu zitzaien eta burla egiten hasi zen. Txapeli ez gustatu gehiegi gaztearen portaera eta, oso zorrotz, honela esan zion esan beharrekoa: *Zure ofiziua eskandalu jartzen / oraindik badakigu harruak umiltzen / hemen oso zaila da tontuak abiltzen / zu’re zahartuko zera ez bazera hiltzen*. Hots, bertsotan bota ziola, braust, natural-natural.
Horrelaxe egiten baitzen garai batean tabernan bertsotan, natural-natural. Hala dio Joxe Lizasok: “Orduan tabernatan ez zen izaten musikarik, eta jendeak bertsotan jarduten zuen. Espontaneoa zen. Adibidez, feri eguna iristen zenean, bailaratatik jendea etortzen zen, haietako asko ziren bertsolaritza gustuko zutenak, eta afalondoren bertsotan hasten ginen. Ez genuen beste ezeren beharrik dibertsiorako”.
Azpeitian, Tomas-enean egiten zuten asko (gaur Iratzar liburu-denda dagoen aurrean zegoen). Baserritarrak biltzen ziren tokia zen. “Neu ere sarri joaten nintzen hara —dio Joxe Lizasok—. Kalekoa naiz, baina, egia esanda, ez naiz behin ere kaletar sentitu. Taberna handia zen To-masenekoa, eta famatua”. Galtxanean ere egiten zuten —gaur Bost taberna dagoen ondoan zegoen—, Anton-enean ere bai
—Fideo dagoen tokian—, Pikuanean… “Non tokatzen ginen zen. Afalondoren, ba-ten bat bazegoen sasia pizten zuena, guk segitu hantxe”.
Hain zuzen, taberna batean ezagutu zuten elkar Joxe Agirrek eta Imanol Lazkanok. Etxe Zurin, 1951n, San Sebastian egunez, Agirrek 24 urte zituela eta Lazka-nok 17. Gogoan du une hura aurrenak, Joxe Agirre. Mozketaren maisua liburuan kontatzen duen bezala: “Imanol Lazkano soldadu joan gabe zegoen. Haren koadrilak, Landetakoak, eta gureak, Izarraizpe-koak, Etxe Zuriko tabernan egin zuten topo, edo egin genuen topo nahiago bada. Haiek bazekiten ni bertsotan ibiltzen nintzena eta nire lagunek ere bai Imanolek kantatzen zuena, eta han hasi ziren gu tentatzen; tentatzen baino areago behartzen, ahariak bezala buruz buru jarri baikintuzten ilunabar batean. Orduko laineza atakatzea izaten zen eta horretan saiatu ginen, baina inolako haserrerik gabe. Nik artean oso gutxi ezagutzen nuen. Bertsotan egiten zuela entzuna nuen, baina besterik gabe. Nik bertsoa kantatu ahala hasten ziren nire adiskide horiek oihuka eta builaka, eta gauza bera egiten zuten landetarrek Imanolekin”. Geroztik “lagun handiak” izan dira biak. Imanolek berak ere ondo gogoan du saio hura, “eta hasieran egurra ematen hasi baginen ere, bakoitzak bere kuadrila atzean zuela, azkenean bizkarretik heldu eta kafe bat hartzera joan ginen”.
Agirrek urtebete lehenago egin zuen jendaurreko bere aurreneko saioa: taberna batean, Arronan, Joxe Lizaso lagun zuela. “Azpeitian bazen José Blanco izeneko urnietar bat telefonista bezala lan egiten zuena. Arronaneko afari batera joango zela hitz emana zion Joxe Lizasori baina azken orduan ezinezkoa zitzaiola eta niri deitu zidaten”. Halaxe hasi zen Agirreren karrera. Aurretik puntuka-eta jarduna zen, “erraztasuna” zuelako, baina jendaurrean bertsotan lehen aldiz taberna hartan aritzen. Eta gerora maiz aritu zen tabernatan. “Jai iluntzetako kontuak ziren horiek. Beti izaten ziren xaxatzen hasten ziren bertsozaleak inguruan eta guk ez genuen askorik behar izango. Saio horiek ez ziren kalean bukatzen, kaletik etxera bidean ere segitu egiten baikenuen”.
TOKI ZEHATZETAN. Joxe Lizasok dioenez, azpeitiarrak ez omen ziren asko bertsotan aritzen zirenak. “Izan ere, Azpeitian kalean ez zegoen orduan bertso giro handirik. Toki zehatz batzuetan zegoen, ez orokorrean. Hona etortzen ziren Juan Joxe Loidisaletxe errezildarraren aita Antonio Mari eta haren anaiak Pako, Sebastian, Bitoriano… Sasi-bertsolari azpeitiarrak baziren, zahar jendea batik bat, baina hauek bertso zaharrak kantatzen zituzten, ez bat-batekoak; gogoan dut Praka haundi-tarren aita Joxe Mari, bertso zahar asko zekizkielako. Hala ere, tarteka, trikili-trakala, moldatzen zituzten bertsoak, zaharrak berriekin nahastuz eta”. Bertsolariak naturalki aritzen ziren, “gai jakinik gabe baina bertsolari bakoitza bere joerarekin, bere gaiekin, eta tabernan jendea aspertzen ari zela ikusten bagenuen, ba ez zegoen arazorik: aldegin egiten genuen”, dio Lizasok.
Behin izan zuten, ordea, bertsolari batzuek arazorik, Laxaro Azkune akordatzen denez. “Orain dela berrogeitaka urteko kontua da. Neuk zortzi urte-edo nituen. Herriko festa batzuk ziren. Eta akordatzen naiz Takolo Txikiyeneko taberna –gaur Egurtza dagoen tokian— leporaino zegoela bertsolariak entzuten. Baina halako batean alguazillak sartu ziren barrura eta bertsolariak isilarazi egin zituzten, eta errezeloa dut kanpora ere atera zituztela. Ez dakit justu zergatik. Baina orduan bertsolaritzaren halako irudi alproja edo marjinatu bat hartu nuen”.
Laxarok badu entzuna tabernako beste liskar bat. “Ez zen Azpeitian gertatu, Erre-zilen baizik. Juan Joxe Loidisaletxeren aitona kantuan ari zen bere zazpi semeekin Errezilgo taberna batean. Taberna, lepo. Baina halako batean tabernariak aitona hari esan zion jendeak ez zuela ezer hartzen eta ea noiz isilduko ziren, joateko iradokiz bezala. Loidisaletxe aitonak or-duan erantzun zion gustura ez bazegoen ospa egingo zutela, eta, halaxe, bertsolari guztiak joan egin ziren tabernatik… eta atzetik ikusentzule guztiak. Hutsik geratu zen taberna”.
Joxe Lizasok Tomas, Pikua eta beste taberna batzuk aipatzen ditu, baina Azpeitian bertso giro apartekorik eduki duen tabernarik egon bada, hori Landeta izan da; eta, hain justu, Lizasok berak eduki zueneko garaian. 30 urte zituela hartu zuen, 1957an, Juli andrearekin batera. Bereziartua familiari hartu zioten, eta hamabi urtean eduki, 1969ko Santu Guz-tien egunean taberna dena erre zen arte; hantxe kiskaldu ziren hormatan zeuden argazki handiak. Taberna baino gehiago jatetxea zen hura, jatetxe handia, “egunero ehun lagunetik gora bazkaltzen zutelako”, Joxeren semeak, Xebaxtianek esaten duenez. Normalean, ordea, afalostean egoten zen han bertso giroa, hango mahai luzearen inguruan. Eta Imanol Lazkanok dioenez, jendeak titulu bat jarri zion toki hari: Landetako Unibertsitatea. “Gauero mila istorio eta kontu entzuten zituen mahai hark”, dio Lazkanok. “Zortzi-hamarreko taldea izaten zen funtzioa ematen zuena eta beste guztiak entzule bezala joaten ziren. Nik neuk eliza baino gehiago ezagutzen nuen, amaren borondatearen kontra, hara joaten nintzelako lanetik irtendakoan”.
HIZKUNTZA LANDUZ. Joxe Lizaso bera lanean izaten zen, mostradore atzean, “askotan letxe txarrean, baina barrurako; baina, tira, han lana benetan andreak egiten zuen ”, berak dioenez, eta ez omen zuen han askotan kantatzen. “Ez zen etxean kantatzen amorratua”, dio Xebaxtianek. Landetako orduko bezeroek esaten dutenez, hauxe zen Joxeren aldartearen seinale: neguan anoraka besapean bazekarren, malo; baina bizkarrean botata bazekarren, bale, orduan festa zuten. Bertso zaharrak kantatzen zituen asko Lizasok, Imanol Lazkanorekin batera, “eta Iberdrueroko zaintzailea zen Jorge hernaniar batekin batera, honek izugarrizko bertso zahar pila zekizkielako”, Lazkano oroitzen denez. Azken batean, bertsolarien bilgune izan zen Landeta, asko eta asko pasatu zirelako handik afari-legea egiteko eta kantuan aritzeko: ingurukoak ez ezik, Lazkao Txiki, Jon Azpillaga, Mitxelena, Jon Lopategi… “Baina nik uste han gehiago landu genuela adarjotze kontu hori, hizkuntzaren ateraldi horiek, gauzei buelta ematen hori, bertsoa bera baino”, dio Imanolek.
Lizasok “ondo” deritzo Landetako Unibertsitatea titulua eduki izanak jatetxeak, “bertsoak entzuteko aukera eta bidea ematen zelako han”, baina bere ustez, hura ez zen bertso eskola. “Han zegoena bertso giroa zen. Horregatik ez zait gustatzen unibertsitate titulu hori”.
Tituluak titulu, bertsolaritzaren erreferentzia zen Landeta. Ez soilik taberna girorako, txapelketetarako ere bai. Izan ere, 1960. hamarkadaren bukaera aldera, hi-ruzpalau urtean, Loiola Herri Irratiko Bertsolari Gazteen Sariketa jokatu zenean, finala ez ezik beste saio guztiak Landetan izan ziren. “Larunbat arratsaldetan izaten ziren saioak, jangela handian —dio Xebaxtian Lizasok—. Akordatzen naiz Gorrotxategi bera nola etortzen zen saioetara kantatzera Osintxutik. Jende asko biltzen zen, eta bertsolari bakoitzak bere jarraitzaileak ekartzen zituen. Han grabatzen zen saioa, gero irratiz emateko, eta epaile ofizialak egoteaz gain, jendeak gero botoak eman zitzakeen irratira deituta, eta uste dut ibili zela jende bat irratira dei pila eginez…”.
Azpeitian bertsolaritzan eten handi bat gertatu izan da, Lizaso, Agirre, Lazkano eta hauen belaunalditik ez delako beste belaunaldi bat sortu, harik eta orain Jokin Uranga, Leire Ostolaza, Beñat Lizaso, Urko Egaña eta hauena sortu den arte. Tartean daude Xebaxtian Lizaso edota Euzkitze bezalako bertsolariak. Aurrena, batez ere, “aitaren inguruko bertso giroagatik” egin da bertsolari; bigarrena, honek ere berezkotasun apartekoa edukitzeaz gain, eskoletako txapelketek bultzatuta. Dena den, tartean ere izan da sasi-bertsolaririk eta bertsolaririk, Joxin Iturrioz-ek kontatzen duen bezala. “Gure adinekoak, berrogei urteren bueltan gabiltzanak ere aritzen ginen bertsotan. Gure kuadrilan dezente. Izan ere, lagun bat bagenuen bertsolaria, ez sasi-bertsolaria: Joxe Mari Altuna. Eta han joaten ginen Errezilera eta, Altunari kontrarioa aurkitzera”. Azpeitiarrekin ere jarduten zuten. “Behin, Inauterietan, geure kuadrilako hiruk beste kuadrila bateko beste hiruri erronka jarri genien: kioskoan lehia, goizeko ordubatean. Geu pixka bat lehenago hurreratu ginen eta arkupetan gelditu, ea haiek azaltzen ziren ikusteko. Iritsi ziren goizeko ordubatak eta batere ez. Ordu laurden egon eta aldegin egin genuen”.
ORAIN, ARRAKASTA. Eta orain, Bertso Parranda. Eta a zer-nolako arrakasta eduki duen! Azaroaren 8an hasi zen, Korralen. Tabernatan izan dira saioak. Bakoitzean bi kuadrila buruz buru. Kuadrila bakoitza hiru kidez osatuta, eta gehienak jendaurrean inoiz aritu gabeak. Erniarraitz Bertsozale Elkarteak antolatu du, eta harrituta gelditu dira arrakastarekin, Laxaro Azkune lehendakariak dioen bezala: “Lehiaketa hau zela-eta egin zidaten lehen elkarrizketan, gutxi gora-behera honelaxe erantzun nion kazetariari: ‘Tabernan hogeita hamarren bat ikusentzule biltzen badira eta bertsolariek ordubete inguruan lasai kantatzeko aukera badute, ondo, helburua beteta’. Baina zer gertatuko eta tabernak puntaraino bete direla, eta hori ustekabea izan da. Eta beste ezustea: jendeak egundoko errespetuarekin entzun ditu saioak”. Beste ezuste bat ere aipatu du: “Bertsolariek beraiek hartu dutena. Harritu egin dira eman duten mailarekin”.
Joxin Iturrioz bera izan da partaideetako bat (Beti Gazte taldean); partaiderik beteranoena. Ez zuen irteteko asmorik baina… “Erniarraitzekoek deitu ninduten, ea laguntzeko prest al nengoen galdetuz. Nik baietz. Hiru egunera beste deia: partaideen zerrendan nengoela. Beno…”. Ez da Joxin jendaurrean aritzen den horietakoa, eta “gustura” geratu da saioekin, batez ere Zestoan egin zuenarekin.
Ander Urbieta Pou-k ere irten du, M.A.K. taldearekin. “Jokin Urangak komentatu zi-un Bertso Parrandaren kontua, eta halaxe animatu ginen. Gero pare bat aldiz joan nintzen bertso eskolara”. Bera ere aurretik jardun gabea zen jendaurrean. “Behin gaztetan txapelketa batean parte hartu nuen, baina, bestela, ez dut jardun bertsotan jendaurrean. Lagunartean bai, lagunartean jarduten dugu. Lehen Txitxas-en lokalean biltzen ginen ostegun iluntzetan afaltzeko eta bertsoak kantatzeko”.
Kategoriko giroa izan da Bertso Parran-daren inguruan. Saioak gauerdi aldera izan dira, eta, berotzeko, afaltzera joaten ziren parte-hartzaileak. “Jendea pixka bat urduri egoten zen afarian, baina trago bat gehiago hartu eta halaxe berotzen ginen”, dio Joxin Iturriozek. Ander Pouk, berriz: “Guk afarian gutxi hitz egin genuen saioaz. Afaritik saiora joan aurretik, ordea, bi taldeon artean ordu laurden batean bertsotan aritu ginen, puntuka”.
LEHEN PAUSOA. Biek ondo pasatu dute Bertso Parrandan. “Ni —dio Pouk— urduri egon nintzen saioko egunean eta saioan zehar, eta burua benetan zuri neukan. Baina ez zait damutu irten izana, gustura jardun nuelako”. Joxinen ustez ere giro ona egon da —“Korralen egin zen aurreneko saioa eta ordurako jada ikaragarrizko giroa zegoen”—, baina ikusi dio ekimenari halako puntu beltz txiki bat: “Ekimen ona izan da, baina aurrera joan den heinean, txapelketa kutsua hartzen joan da”.
Abenduaren 27an jokatu zen finala —ordurako Uztarria inprimategira eramana zen—, Goxube eta Erreka taldeen artean, eta finaleko sei bertsolarietatik bost azpeitiarrak ziren: Beñat Lizaso eta Aritz Zubizarreta Xubi (Goxube), eta Josu Azpillaga, Xabier Azpillaga eta Iñigo Gorrotxa-tegi Alabier (Erreka). Haiek, eta beste ere bai, kontent amaitu dute. Xebaxtian Lizaso: “Bertsolariak nonbaiten eman behar du lehen pausoa, bestela ez dago jakiterik nolako bertsolaria den”.
Beraz, Xebaxtianen pausoari segituz, kanta zak bertsolari, kanta zak hire herrian / kanta zak bertsolari, nahi duan neurrian…
|