Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko irailek 7,  JAIYE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2003 »  urtarrila »  "Apustu honekin besteek ere sufritu dute"

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Elkarrizketa : Inazio Arregi

"Apustu honekin besteek ere sufritu dute"

Nerea Aranburu

Inazio Arregi azpeitiarrak abenduaren 15ean marka saiakera egin zuen; 104 kiloko burdina bizkar gainean hartu eta Eibarko estaziotik Urko mendira (793 metro) igo zen. Egindako denbora: sei ordu eta 21 minutu. Ez zuen marka hautsi. Ez da lehen aldia antzeko apustu bat egin duena, orain hamar urte butano-bonbona hartu eta Erniora igo baitzen.

 
  • Nondik nora otu zitzaizun butano bonbonaren apustua egitea?

    Lagun arteko kontu bat izan zen. Afari bat egin genuen, eta afarian betiko eztabaida atera zen, azpeitiarren eta azkoitiarren artekoa, batzuk besteak baino hobeagoak zirela. Kaxero azkoitiarrak orain urte batzuk butanoaren marka egina zuen. Gaia atera zen eta egitea erabaki nuen. Ni orduan sokatiran eta lasterkan ere ibiltzen nintzen, eta prestatu ondoren marka ontzea lortu nuen.

  • Bigarren apustua, 104 kiloko burdina hartu eta Urko mendira. Zer desberdintasun zeuden bi apustuen artean?

    Oso desberdinak izan dira. Butanoaren kasuan ibilbidea luzea zen, Azpeititik Erniorako bidea eta butanoaren pisua sorbalda gainean. Oraingoan, ordea, ibilbidea askoz ere motzagoa izan da, lau kilometro eta erdi, baina 104 kiloko pisua bizkar gainean. Erresistentzia gehiago behar da sorbalden gainean pisu horri guztiari eusteko.

  • Eta nolatan bigarren apustu hau?

    Urtarrilean erreportaia bat ikusi nuen, eta bertan apustu honi buruz hitz egiten zen. Asko gustatzen zaizkit horrelako apustuak, eta hura ikusi ondoren egitea pentsatu nuen.

  • Benetan gaizki pasatu al zenuen?

    Bai. Hasiera batean ibilbide guztian edaria bakarrik hartu behar nuen, hori zen asmoa. Bidean, ordea, kalte, edo ez dakit zer gertatu zitzaidan, eta dena bota behar izan nuen. Handik aurrera jaten hasi nintzen, platanoa, pikuak. Gorputza berriz erantzuten hasi zitzaidan. Hankak ere kargatu egin zitzaizkidan eta nahiko gaizki pasatu nuen. Guztira 204 aldiz altxatu nuen burnia.

  • Eta biharamuna?

    Oso ondo. Gorputzak egunean bertan ondo erantzun zidan. Ni neu ere harrituta geratu nintzen. Ezin da imajinatu gorputzak zenbat iraun dezakeen!

  • Zure hitzen arabera, ez omen duzu berriro beste saiorik egingo. Eta beste apusturen bat?

    Ez. Nahiz eta niri apustu hauek asko gustatu, ez dut uste berriro egingo dudanik. Alde batetik, dirurik ez dagoelako; eta bestetik, denbora faltagatik. Egunero lanean zortzi ordu egiten ditut, eta familia ere hor dago. Oraingo apustuarekin, nik ez ezik, jende askok ere sufritu du, etxekoek eta lagunek.

  • Ibilbidean zehar jende ugari izan al zen animatzen?

    Bai, eta asko eskertzen da. Ibilbidearen hasieran jende asko zegoen. Bidearen erdialdean markarik ez zela izango ikusita, jende batek alde egin zuen. Baina, beste asko goraino igo zen.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak