|
|
|
Ingurumena
Ingurumena eztabaidan
Nerea Uranga
Agenda 21eko ingurumen foroaren bigarren urteurrenean hiru lan talde sortu dira
Azken bi urteotan lanean ari da Agenda 21 programaren baitan sortutako ingurumen foroa. 2001eko urtarrilean aurkeztu zen. Bi urtetan, azpeitiarrak eta azkoitiarrak mahaiaren bueltan, elkarrekin, bi herrietako herrien egoera ingurumen arlotik aztertzen.
Nondik nora sortu zen ingurumen foroa? Azpeitia-Azkoitia Agenda 21 programaren baitan sortu zen. Hauxe dio Izaskun Zeziaga Azpeitia-Azkoitia Agenda 21eko teknikariak: “Udaltalde 21 proiektuan Azpeitiko eta Azkoitiko udalek sartzeko aukera izan zutenean, Agenda 21 dokumentua diseinatzen hasi ginen. Baina, Agenda 21 udaletik sortzen den prozesu bat izan arren, herritarren partaidetza edota iritzia jakitea oso garrantzitsua da; eta, horregatik, bi herrietako diagnosia egiten hasi ginenean, ingurumen foroa martxan jartzeko pausoak eman genituen”.
PARTAIDETZA. Herritarren partaidetza izan nahi zuen udaleko ingurumen programaren diseinuak, baina nola osatu zen eztabaida gunea? Ingurumen foroa osatzeko emandako lehen pausoa galdeketa izan zen: “Bi herrietako gizarte eragile guztiei galdeketa bat bidali genien. Eta ondorengo deialdi batean 42 lagun inguruko taldea bildu ginen, eta taldean jarraitu dugu lanean”.
Foroa ingurumen programa diseinatzeko sortu zen, baina behin agenda diseinatu zenean. Galdera bat sortu zen Agenda 21eko arduradunen artean: Zer egin foroarekin, nola bideratu? “Ingurumenaren diseinua egin arte argi genuen foroak zertarako balio behar zigun. Baina, bertan biltzen zen jendearen potentzialitatea ez genuen galdu nahi. Gainera, prozesuak etengabeko partaidetza izan behar du. Bestetik, foroa ez da izan behar eskaerak bideratzeko gunea bakarrik. Gaur egun, foroaren identitatea definitzeko araudi bat tajutzen ari gara”.
Ingurumen foroko kideen ekimenez, hiru lan talde sortu dira, hiru gairen inguruan: higikortasuna, hondakinak eta etxebizitza. “Hiru taldeon helburua gai hauetan sakontzea da. Eta guretzat oso garrantzitsua da foroko kideen ekimenez antolatzea, eta gure laguntza ere izango dute”, dio Izaskunek. Gaiak aztertuz, ingurumenaren baitan lanean jarraituko du ingurumen foroak bigarren urteurrenaren ondoren.
|