Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abuztuek 30,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2003 »  urtarrila »  Iritziak »  Manex Beristain

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Hariari tiraka

Eguzki beltza gure lurretan

Manex Beristain

Agur bat sarrera gisa. Jakitun naiz nire esanek ez dutela munduaren kolorea aldatuko, eta are gutxiago gure herri maitearena. Ez dakit nora eramango nauen idazgailuak, baina bertatik ateratzen den esne beltza izanen da ondorengo kontakizunaren ahotsa. Zuen begirada minutu batez osteaz gain, hausnarketarako errautsak utzi gura nituzke ondorengo hitzetan.

“Goiz hartan ez zirudien eguzkiak gehiegi berotuko zuenik. Mendebaldeko haize finak aurpegia zirikatzen zion aurrera begiratzen zuen bakoitzean. Jadanik hondartza, bere txikitasunean, desagertzear zegoen. Nabari zitzakeen uhinak hondar ertzean puskatzen, nabari kaioen askatasuna itsas magalaren azalean. Bizi izandako istorioaren zati bat ahazten ari zela sentitzen zuen. Ez zituen begiak alboratu, harik eta hondartza desagertu zen arte. Ez zen gehiegi urrundu bere herri maitearen labarretik, nahiz eta hondartza begi bistan ez antzeman, mendien harrizko hormak parez pare sumatzen zituen, itsasorratz bat lez norabidea markatzen. Nahiz eta ziur egon bere kokapenaz, nahiz eta ezaguna egin itsasertzeko airearen ziztada, arrotz egiten zitzaion leku hura. Itsas mantura begiratu zuen; begiekin aurrena, buruarekin ondoren eta bihotzarekin azkenik. Ez zituen uhinen eguneroko jauzi eta dantzak ikusten, ez ziren txorien doinu alaiak entzuten, ez eta arrainen ezpain jolasak.

Inoiz entzun gabeko isiltasuna, zorigaiztoko ipuin hartako protagonista bihurtu zen. Ez zegoen gidoirik, ez bigarren aukerarik, soilik errealitatea, amets bihurri guztiak gainditzen zituen errealitatea. Eguna gau bihurtu zen itsasoan, izarrak zerbaitek irentsi zituen eta eguzkiak, oraindik urdin mantentzen zen gain hartatik negar malkoak jaurtikitzen zituen. Zoritxarrez malko horiek herri oso baten malkoak ziren.

Zerbaiti heldu beharra izan zuen sosegua mantentzeko, txaluparen ertzen bati, aurrera begiratzeak ematen zion segurtasunari, mendebaldeko haizearen horma labainkorrari edo eguzki izpien zutabe leunei. Helduleku hori zitekeen momentu hartan begien aurrean ikus zezakeen guztiari aurre egiteko irria, indarra, ilusioa, bizia.

Esku biluzien laguntzaz itsasoko lerde beltz koipetsua jasotzeari ekin zion. Txalupa txikia hondakin ontzi bat bailitzan, bertan utziz zioan lerde beltz koipetsua. Behatz tartetik ihes egiten zion apurra itsasoan pausatzen zen, zaratarik atera gabe, inori ezer esan gabe. Laguntza eskatu nahi zuen, baina bere ahotsaren hegoak guztiz lohituta aurkitzen ziren, bere besoek lerde beltz koipetsua jasotzeko ahaleginetan indar guztia galdu zuten, eta paradisu beltz hartako bakardadeak bere garretan ito zuen.

Itsasoa milioika gezur, milaka interes, ehunka sasi hizlari eta hamaika tona mantu beltzen hilerri bihurtu zen. Ezinak, ahaleginaren garrasiari hartu zion testigua, botere urrunak lo kuluxka gozoak burutzen zituen bitartean”.

Kontakizun horretako protagonista edozein izan daiteke, aurreko hitzak irakurri dituen oro. Muxiako hondartzan koka genezake edo Itzurunen bertan; hau da, gure hondartzan, azpeitiarrok uda partean konkistatzen dugun hondartzan. Ezin joan gaitezke inora, Itzurungo hondartzan geldialdi bat egin gabe. Ezinbestekoa dugu guztiz maitea eta beharrezkoa dugun lur zati horretan gure eskuak zikintzea.

Gabonak bezalako egun esanguratsuek askotan daramate berekin ezbehar bat, hutsune bat, negar malko bat. Kasu honetan lerde beltz koipetsua gure etxeetara sartzeko arrisku bizian aurkitzen da; azken finean zenbat etxetan pilatu ote dira uda partean, Itzurungo hondartzako hondar aleak? Ez dugu ba nahiko hurrengo hondartza garaian txankleta, toaila, gorputz eta arima lerde beltz koipetsuz josita ekartzerik?

Herritarrok, diskurtso teorikoarekin identifikatzeaz gain, praktikara eramateko badugu indarra, prestakuntza eta esperientzia. Beraz, sortu ditzagun boluntario zerrendak gure gogoetaren orri zurian, inoren zain egon gabe eta askatu ditzagun itsasoan preso gelditu diren errugabeen malkoak lerde beltz koipetsuaren garretatik.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak