|
|
|
Zenbat buru, hainbat aburu
: akullue
Urtarrilean komeriak
Leire Ostolaza
Abenduaren seitik zortzirako zubian, bada jendea kanpora irteteko joera duena; eskiatzera, mendira edo Errioxara bodegan ardoaz gozatzera... Egia esan, azpeitiarrak, beste lekutakoen antzera, ez gaude etxean geratzeko, eta egutegian zirrikitu txikiena agertu orduko, hor goaz opor txikiak igarotzera. Pare bat aste pasa orduko San(to)tomasak, eta gainean Gabon gaua. Denetik eta onetik izan nahi izaten dugu etxeko mahaian. Egun handia da Gabon eguna eta Olentzero etortzen da opari eta guzti. Hilabete berean hirugarren zartadakoa poltsikoari, eta segi egin behar. Urte Zahar gaua dugu hurrena, eta Urte Berri eguna. Berriro ere mahaikada etxean, eta ezin zurkeritan ibili urtea amaitu eta berria hastean; beste zartadako bat poltsikoari, eta oraindik Errege gaua falta eta errege opila. Urtarrilaren 7a azkenik, eta etxean gustura, Gabonak ondo ospatu ditugulako; astotik erori eta kontu korrontean zulo galanta daukagula konturatu arte. Begien aurrean ia hilabete osoa, eta betiko faktura mordoa buzoian, eta makina bat etxetan arrautza frijitua afaltzeko, Gabonetako otarrainen faltan. Hala ere, ez daude hobeto arrautza hori Gabonetan ere etxean falta izan zaienarekin otuz jan behar dutenak. Urte berri on!
|